Lan eta Enplegu Saila

Sindikatu eta Enpresa Erakundeak

 

1. Sindikatu eta Enpresa Erakundeen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoa

  1.  Bulego publikoa
  2.  Funtzioak

2. Nork eratu ditzake sindikatuak?

3. Nork eratu ditzake enpresa-elkarteak?

4. Araudia. Legedia eta jurisprudentzia

  1.  Legedia
  2.  Oinarrizko jurisprudentzia

5. Sindikatuen eta enpresa-elkarteen eraketa

  1.  Sindikatu edo enpresa-elkarte bat eratzeko behar diren agiriak:
  2.  Enpresa- eta sindikatu-elkarteen estatutuek bildu beharreko gutxieneko baldintzak:
  3.  Estatutuen publikotasuna
  4.  Baliabideen araubidea
  5.  Nortasun juridikoa lortzea

6. Federazio eta konfederazioen eraketa

7. Estatutuen aldaketak

  1.  Estatutuen aldaketa gordailutzeko beharrezko agiriak
  2.  Estatutuen aldaketaren publikotasuna

8. Goi-mailako beste batzuetara afiliatzea edo horietatik deslotzea

9. Bat-egitea eta integrazioa

10. Etendura eta deuseztapena

  1.  Epai judizial irmoaren bidezko erakundeen deuseztapena ofizioz egingo da, dagokion gordailuan baja emanez.
  2.  Epai judizial irmoaren ondoriozkoak ez diren deuseztapenen kasuan, agiri hauek beharko dira:

11. Sindikatu- eta enpresa-elkarteen estatutuak gordailutzeko bulego publikoaren administrazio-jarduerak

12. Akten eta estatutuen ereduak

1. Sindikatu eta Enpresa Erakundeen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoa

1. Bulego publikoa

Sindikatu eta Enpresa Erakundeen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoa Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako zerbitzu bat da.

Enpresa eta Sindikatu Erakundeek jardun beharreko lurralde-eremuaren arabera ezartzen da eskumena. Hala:

• Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza izango da gordailutzeko eta gainerako izapideetarako organo eskuduna, baldin eta Sindikatu edo Enpresa Erakundearen jarduera-eremua Lurralde Historikoaz haraindi badago edo hura Euskal Autonomia Erkidegoarena bada.

• Bestalde, Lurralde Ordezkaritza izango da gordailutzeko eta gainerako izapideetarako organo eskuduna, baldin eta Sindikatu edo Enpresa Erakundearen jarduera-eremua Lurralde Historikoaren berdina edo horren azpikoa bada.

2. Funtzioak

Sindikatu eta Enpresa Erakundeen Estatutuak Gordailutzeko Bulego Publikoak, indarrean dagoen ordenamenduaren arabera, egintza hauek gordailutzea du helburu:

1. Sindikatuen eta enpresa-elkarteen eraketa.

2. Sindikatuen eta enpresa-elkarteen federazio eta konfederazioen eraketa.

3. Estatutuen aldaketak.

4. Sindikatu- eta enpresa-erakundeak goi-mailako beste batzuetara afiliatzea, izaera funtzionalekoak zein lurraldekoak, bai eta horietatik deslotzea ere.

5. Sindikatu- eta enpresa-erakundeen bat-egitea eta integrazioa.

6. Sindikatu- eta enpresa-erakundeen etendura eta deuseztapena.

7. Horrez gain, sindikatu- eta enpresa-erakundeek beren lege-ordezkaritza duten karguen izendapen- eta berritze-erabakiak utzi ahal izango dituzte.

2. Nork eratu ditzake sindikatuak?

Abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoak, sindikatu-askatasunari buruzkoak, 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hauek eratu ditzakete sindikatuak:

Lan-harremanak dituzten (Langileen Estatutuan ezarritakoak) zein Herri Administrazioen zerbitzupean administrazio- edo estatutu-izaerako harremanak dituzten langileak; lanari loturiko helburuak izan behar dituzte, eta hauek dira jardunbiderik ohikoenak: negoziazio kolektiboa, gatazka kolektiboak zein banakako gatazkak hastea, elkarrizketa soziala eta herri-administrazioen organismoetan parte-hartze instituzionala izatea.

3. Nork eratu ditzake enpresa-elkarteak?

Besteren konturako (edo beren ardurapeko) langileak dituzten enpresariak; lanari (besteak beste) loturiko helburuak izan behar dituzte, eta hauek dira jardunbiderik ohikoenak: lan-negoziazio kolektiboa, gatazka kolektiboak zein banakako gatazkak hastekoa, elkarrizketa soziala eta herri-administrazioen organismoetan parte-hartze instituzionala izatea.

Apirilaren 1eko 19/1977 Legeari jarraikiz, beren ardurapean soldatapeko langileak dituzten pertsona fisiko edo juridikoek soilik eratu ditzakete enpresa-elkarteak, Langileen Estatutuaren 1. artikuluak ezarri legez.

4. Araudia. Legedia eta jurisprudentzia

1. Legedia

• Espainiako Konstituzioa, 7., 22. eta 28.1. artikuluak.

• 1/1985 Lege Organikoa, abuztuaren 2koa, sindikatu-askatasunari buruzkoa (BOE, abuztuaren 8koa), 1., 2., 4., 8. eta 9. artikuluak.

• 19/1977 Legea, apirilaren 1ekoa, Sindikatuetan Elkartzeko Eskubidea arautzen duena (BOE, apirilaren 4koa).

• 416/2015 Errege Dekretua, maiatzaren 29koa, Sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen estatutuen gordailuari buruzkoa (BOE, 2015eko ekainaren 20koa).

• 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena (BOE, 2015eko urriaren 4koa), 4.1. artikulua.

• 36/2011 Legea, urriaren 10ekoa, lan-arloko jurisdikzioa arautzen duena (BOE, 2011ko urriaren 11koa).

• LANEren 87. hitzarmena, askatasun sindikalari eta sindikatuko kide egiteko eskubidea babesteari buruzkoa (BOE, 1977ko maiatzaren 11koa).

• LANEren 98. hitzarmena, sindikatuko kide egiteko eskubideari eta negoziazio kolektiboari buruzkoa (BOE, 1977ko maiatzaren 10ekoa).

2. Oinarrizko jurisprudentzia

• Konstituzio Auzitegiaren 98/1985 Epaia, uztailaren 29koa (BOE, 194. zk., abuztuaren 14ko eranskina).

• Auzitegi Gorenaren Epaia, 1999ko urtarrilaren 25ekoa (Lan-arloko Sala).

• Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiaren Epaia, Burgos, 2004ko uztailaren 6koa.

5. Sindikatuen eta enpresa-elkarteen eraketa

Gutxienez hiru sustatzaile beharko dira.

1. Sindikatu edo enpresa-elkarte bat eratzeko behar diren agiriak:

• Eskaera-idatzia, horretarako legitimatutako pertsonak aurkeztuta (ordezkaritza hori jasoko da idazkian, dagokion egiaztagiria erantsiz), harremanetarako telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa. Erakundearen izena, haren siglak edo akronimoa barne (hala badagokio), erakundearen egoitza sozialaren helbidea, jardunak duen lurralde-eremua eta eremu funtzionala eta identifikazio fiskaleko zenbakia. Une horretan erabilgarri egon ezean, geroago jakinaraziko da.

• Eskaera aurkezterakoan, gobernu-organoen ordezkarien edo sustatzaileen nortasunaren egiaztagiria ziurtagiri elektronikoen bidez eskuratzeko baimena eman ahal izango zaio bulego publiko eskudunari. Halaber, sindikatu-erakundeei dagokienez, langile-izaera betetzea. Enpresa-elkarteen kasuan, langileak beren ardurapean dituzten enpresariak izatea, zeinekin zerbitzu ordainduak emateko harremana duten. Delako baimena eman ezean, aipatutako agiriak erantsi beharko dira.

• Sortze-akta (originalaren bi ale); elkartea sustatzen duten pertsonek edo hura legez ordezkatzen duen pertsonak sinatu beharko dituzte orri guztiak. Aktak hauek izan beharko ditu:

a) Sustatzaileen izen-abizenak.

b) Izena.

c) Akta egin zen lekua eta eguna.

d) Gobernuko behin-behineko organoetako kideen izendapena.

• Estatutuen testu osoa (originalaren bi ale); elkartearen sustatzaileek edo, pertsona juridikoen kasuan, ordezkariek sinatu beharko dituzte orri guztiak. Estatutuek 5.2. epigrafean adierazitako gutxieneko edukia izan beharko dute.

• Enpresa-elkarteak direla eta, egiaztatu beharko da sustatzaileak edo sortzaileak enpresariak direla eta besteren kontura lan egiten duten pertsonak dituztela beren ardurapean. Horretarako, hura frogatzen duten agiriak erantsi beharko dira (adibidez: Gizarte Segurantzako kotizazioaren TC1 eta TC2 ereduak).

• Langileen sindikatuei dagokielarik, sustatzaileak besteren kontura lan egiten dutela egiaztatuko da, hura frogatzen duten agiriak erantsiz (nominak, etab.).

2. Enpresa- eta sindikatu-elkarteen estatutuek bildu beharreko gutxieneko baldintzak:

• Izena, haren siglak edo akronimoa barne (hala badagokio); izen hori ezin da izan aurretiaz legearen arabera erregistratutako beste batena, ezta horren izenarekin nahasmendua sor dezakeena ere.

• Egoitza eta jardunak duen lurralde-eremua eta eremu funtzionala.

• Ordezkaritza-, gobernu- eta administrazio-organoak eta horien jardunbidea zein halakoen karguak hautatzeko araubidea.

• Bazkide-izaera lortzeko eta galtzeko baldintzak eta prozedurak.

• Estatutuak aldatzeko araubidea, bat egiteko araubidea eta Sindikatu eta Enpresa Erakundeak desegiteko araubidea. Azken kasu horretan, elkartearen ondarearen xedea.

• Sindikatuaren edo enpresa-elkartearen araubide ekonomikoa, haren baliabideen izaera, jatorria eta xedea jaso behar dituena.

• Xedeen artean lanari espresuki loturikoak sartu; hauek dira jardunbiderik ohikoenak: negoziazio kolektiboa, gatazka kolektiboak zein banakako gatazkak hastea, elkarrizketa soziala eta herri-administrazioen organismoetan parte-hartze instituzionala izatea.

• Enpresa-elkarteen kasuan, bazkideen iraunkortasun-sistema, horien berme gisa.

3. Estatutuen publikotasuna

Elkarteak baldintza guztiak betez gero, Bulego publikoak hura gordailutzearen berri emango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian / Lurralde Historikoaren Aldizkarian.

4. Baliabideen araubidea

Bulego publiko eskudunaren ebazpenak lan-arloko jurisdikzio-organoetan aurkaratu ahal izango dira.

5. Nortasun juridikoa lortzea

Sindikatu- eta enpresa-erakundeek nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa erdietsiko dute hogei egun baliodun igarotakoan sustatzaileek estatutuak gordailutzen dituztenetik edo, hala badagokio, errekerimenduan adierazitako akatsak zuzentzen direnetik.

6. Federazio eta konfederazioen eraketa

Federazioak eta konfederazioak eratu ahal izango dituzte beren estatutuak kasuan kasuko sindikatu- eta enpresa-erakundeen estatutuen gordailuan utzi dituzten erakunde sustatzaileek.

Federazioak eta konfederazioak eratzeko beharrezko agiriak:

• Eskaera-idatzia, horretarako legitimatutako pertsonak aurkeztuta (ordezkaritza idazkian jasoko da, dagokion egiaztagiria erantsiz).

• Sortze-akta (originalaren bi ale aurkeztuko dira), xehetasun hauekin: erakunde sustatzaile bakoitzaren izena, gordailu-zenbakia eta identifikazio fiskaleko zenbakia; ordezkarien izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta horiek erakundean duten kargua. Erakunde sustatzaile bakoitzaren ordezkariek sinatutako aktaren lekua eta data. Federazio edo konfederazio berriaren izena eta hura ordezkatzen duten behin-behineko gobernu-organoen kideen izendapena.

• Erakunde sustatzaile bakoitzaren federazioak eta konfederazioak eratzeko erabakien ziurtagiria, hura emateko eskumena duten pertsonek egindakoa.

• Estatutuen testua (originalaren bi ale; kasuan kasuko federazio edo konfederazioaren ordezkariek sinatu beharko dituzte orri guztiak), 5.2. puntuan ezarritako baldintzak barne.

7. Estatutuen aldaketak

1. Estatutuen aldaketa gordailutzeko beharrezko agiriak

• Eskaera-idatzia, horretarako legitimatutako pertsonak aurkeztuta (ordezkaritza idazkian jasoko da, dagokion egiaztagiria erantsiz).

• Batzar nagusiaren edo estatutuak aldatzeko organo eskudunaren bileraren akta (originalaren bi ale aurkeztuko dira; elkartearen ordezkariek sinatu beharko dituzte orri guztiak) edo hartutako erabakia eta aldatutako artikuluen zerrenda jasotzen dituen ziurtagiria, hura emateko eskumena duen pertsona batek egindakoa.

• Estatutu berrien testu osoa, aldatutako artikuluak barne (originalaren bi ale; elkartearen ordezkariek sinatu beharko dituzte orri guztiak). Bertan, estatutuetan adostutako aldaketak sartu direla eta aldaketok adostu ziren data jaso beharko dira.

2. Estatutuen aldaketaren publikotasuna

Estatutuak aldatzeko elkartearen erabakiak baldintza guztiak betez gero, Bulego publikoak egindako aldaketa gordailutzearen berri emango du kasuan kasuko Aldizkari Ofizialean (Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofiziala edo Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria).


8. Goi-mailako beste batzuetara afiliatzea edo horietatik deslotzea

Afiliatzeko edo horietatik deslotzeko erabakia gordailutzeko izapideak.

Goi-mailako federazio edo konfederazioen kide egiteari buruzko sindikatu- eta enpresa-erakundeen erabakien gordailua, bai eta horiekiko deslotura ere, agiri hauekin batera aurkeztuko da:

• Eskaera-idatzia, horretarako legitimatutako pertsonak aurkeztuta (ordezkaritza hori jasoko da idazkian, dagokion egiaztagiria erantsiz).

• Horretarako hartutako erabakiaren akta edo ziurtagiria (originalaren bi ale aurkeztuko dira, orri guztiak sinatuta), federazio edo konfederazioaren kide egiten diren edo horietatik deslotzen diren erakunde bakoitzeko, hura emateko eskumena duten pertsonek igorritakoa.

• Afiliazioaren kasuan, federazio edo konfederazioaren organo eskudunak igorritako onarpen-erabakiaren akta edo ziurtagiria.

• Deslotzeari dagokionez, uzten den erakundeari helarazitako jakinarazpen fede-emailea.

9. Bat-egitea eta integrazioa

Bat egiteko edo integratzeko erabakia gordailutzeko izapideak:

Agiri hauekin aurkeztuko da:

• Eskaera-idatzia, horretarako legitimatutako pertsonak aurkeztuta (ordezkaritza hori jasoko da idazkian, dagokion egiaztagiria erantsiz).

• Bat egingo duen erakunde bakoitzaren bat-egite erabakiaren akta edo ziurtagiria; bertan, berariaz adierazi beharko dira, batetik, erakundeen nortasun juridikoaren amaiera eta, bestetik, ondoriozko erakunde berriaren izena. Bai eta erakunde berriaren estatutuak ere.

• Integratzen den erakundearen erabakiaren akta edo ziurtagiria, non berariaz adierazten den nortasun juridikoaren amaiera, baita erakunde hartzailearen onarpen-erabakiaren akta edo ziurtagiria ere, horiek emateko eskumena duten pertsonek eginda.

10. Etendura eta deuseztapena

Agintaritza judizial eskudunaren ebazpen irmoz soilik eten ahal izango dira sindikatu- eta enpresa-erakundeak.

1. Epai judizial irmoaren bidezko erakundeen deuseztapena ofizioz egingo da, dagokion gordailuan baja emanez.

2. Epai judizial irmoaren ondoriozkoak ez diren deuseztapenen kasuan, agiri hauek beharko dira:

• Eskaera-idatzia, horretarako legitimatutako pertsonak aurkeztuta (ordezkaritza idazkian jasoko da, dagokion egiaztagiria erantsiz).

• Gobernu- eta ordezkaritza-organoen titularren kargu-uztea eta haien sinadurak.

• Likidazioaz arduratzen diren pertsonen datuak eta haien sinadurak.

• Estatutuen araberako ondarearen xedea jakinaraztea eta klausulak jasotzen diren artikuluen erreferentzia, hura jazo den datarekin.

• Gobernu-organo eskudunaren erabakiaren akta, bazkideen borondatez bada, edo horren ziurtagiria, erabakiaren data, izandako quoruma eta bozketaren emaitza zehazten dituena.

11. Sindikatu- eta enpresa-elkarteen estatutuak gordailutzeko bulego publikoaren administrazio-jarduerak

• Sindikatu- eta enpresa-elkarteen agiriak gordailutzeari buruzko administrazio-espedienteak kudeatzeko eta ebazteko bulego publiko gisa jardutea, bai eta legez preskribatutako aldaketa eta berrikuntzei dagozkienak kudeatzeko eta ebazteko ere.

• Enpresa- eta sindikatu-elkarteen estatutu eta bestelako agiriak gordailutzea, baita sindikatu- eta enpresa-erakundeen legezko ordezkaritza duten karguen izendapen- eta eraberritze-erabakiak ere, hala eskatzen denean.

• Enpresa- eta sindikatu-elkarteen estatutuen iraunaldi-ziurtagiriak igortzea, baldin eta agiriak utzi badituzte.

• Espedienteen egoerari buruzko informazioa ematea.

• Ziurtagiriak, Estatutuen kopiak eta espedienteetan jasotako bestelako agiriak igortzea.

• Administrazioak gordailutzea aurrera eramateko beharrezko agiriak konpultsatzea.

• Indarrean dagoen legediak eskatutako iragarpen publikoak egitea, elkarteen estatutuen eta haien aldaketen gordailutzeari publikotasuna emateko, eta horiek kasuan kasuko Aldizkari Ofizialera helaraztea argitaratzeko.

• Utzitako agirien kontsulta erraztea.

• Kontsulta-zerbitzua eta jendearentzako arreta-zerbitzua ematea.

12. Akten eta estatutuen ereduak

Joan Elkarteen Estatutuen atalera Kudeaketak eta Izapideak orrian.

Azken aldaketako data: