Sede electrónica

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2015eko apirilaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1681

EBAZPENA, 2015eko otsailaren 27koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, nazioarteko itzultzaileak aukeratzeko deialdia irekitzen duena, Euskal Herrian euskara ikasteko egonaldiak egin ditzaten.

Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren (hemendik aurrera DSS2016EU) proiektuaren xedeak lortzeko, hiriburutzaren programa osatzen duten prozesuak eta proiektuak abian jartze aldera, beharrezkoa da elkarlan-sare zabal bat sustatzea, hiriko eta lurraldeko askotariko entitate, elkarte, erakunde eta enpresak barne hartuko dituena. Xede horien artean itzulpenaren eta bere eragileen ikuspena bultzatzearena dago, europar ulermena eta itzulpenaren lanaren sozializazioa bermatzeko helburuarekin.

Hori dela eta, ezinbestekoa da Etxepare Euskal Institutua bezalako erakundeekin akordioak gauzatzea eta horietan formalizatuko diren baldintzak ahalik eta egokienak izatea, lurralde honetan dauden aukera guztiak ahal bezainbeste baliatzeko. Bide horretan DSS2016EUk, Etxepare Euskal Institutuak bultzatu nahi duen eta ebazpen honetan zehazten den, Itzultzaile Berriak programa laguntzea adosten du.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.a) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskararen irakaskuntza, ikasketa eta erabilera mundu osoan sustatzea, hura partekatzen duten komunitate guztien ekarpenak errespetatuz». Horrez gain, 3.d) artikuluak dio EEIren zereginen artean dela «Euskarak nazioartean onespena lor dezan bultzatu eta sustatzea».

EEIren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du 3. atalean Institutuaren euskara arloaren xede izan behar duela euskara irakatsi, aztertu, erabili eta hedatzeak, bai herritarren artean eta bai nazioarte mailako erakunde publikoen artean.

Helburu horiek gogoan, EEIri egoki iruditu zaio xede horietan lagunduko duten eragileak, atzerriko itzultzaile prestatzea, ondoren helburu horiekin bat eginik, euskara eta euskal literatura beren herrialdeetan zabaltzeko eta euskarari onespena emateko bidelagun izan daitezen.

DSS2016EUk eta EEIk, lankidetza hitzarmena sinatu dute 2014ko abenduaren 18an. Bertako lehen artikuluan adierazi zenez, hitzarmenaren helburua da nazioarteko literatura itzultzaileak euskaraz trebatzea eta nazioarteko literatura itzultzaileen eta bertakoen arteko zubiak eraikitzea, Itzultzaile Berriak Programa izeneko proiektua abian jartzearen bidez.

Programa horren 2. fasearen garapenerako, EEIk eta EIZIEk lankidetza hitzarmena sinatu dute 2014ko abenduaren 19an.

Hitzarmenaren arabera, eta 2. artikuluarekin bat, EEI izango da egonaldi horietan parte hartuko duten itzultzaileak hautatzeko deialdiaren organo kudeatzailea.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da atzerriko zortzi literatura itzultzaile aukeratzea, Euskal Herrian euskara ikasteko ikastaro trinkoak egin ditzaten.

2. artikulua.– Egonaldien nondik norakoak.

Nazioarteko zortzi literatura itzultzaile hautatuko dira guztira. Horietako lauk sei hilabeteko egonaldi luzea egingo dute Euskal Herrian, euskara ikastaro trinkoa egiteko. Helburua, euren etorkizuneko itzulpenetan euskara ere zubi nahiz sorburu hizkuntza gisara erabili ahal izateko hizkuntza gaitasuna lortzea luke egitasmo honek. Gainerako laurek, hilabeteko egonaldi laburra egingo dute Euskal Herrian, aurrez duten euskara ezagutza (A1, A2 edo B1 mailen baliokidea) sendotzeko.

Ahal dela, zortzi itzultzaile horiek elkarrekin egingo dute egonaldia. Guztien artean zehaztuko dira datak baina beti 2015eko irailaren lehenengo hamabostalditik 2016ko ekainaren bukaera arteko epean.

Egonaldi luzea nahiz laburra izan, itzultzaileek barnetegi batean egingo dute ikastaro trinkoa, bakoitzaren ezagutza mailaren arabera.

Egonaldi luzea egingo duten lau itzultzaileek euskal literaturako lan bat gaztelania ez den beste hizkuntzaren batera itzuli eta argitaratzailea bilatzeko diru-laguntza jasoko dute.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Etxepare Euskal Institutuak hartuko ditu bere gain barnetegiko egonaldia (eskolak, mantenua eta egoitza) nahiz Euskal Herrirako joan-etorriko bidaia, dela egonaldi laburra, dela egonaldi luzea. Ordainketa horiek Donostia 2016 Fundazioarekin sinatutako hitzarmenaren kontura egingo dira.

Egonaldi luzea egingo dutenen kasuan, itzultzaileek gehienez ere hiru mila eta bostehun (3.500) euroko diru-laguntza jasoko dute euskal literaturako lan bat gaztelania ez den beste hizkuntzaren batera itzuli eta argitaratzailea bilatzeko. Kopuru horretan sartuta egongo lirateke deialdi honen 12. eta 14. artikuluan aipatzen diren itzulpena argitaratzeko kudeaketa lana egiteagatik jasotako bostehun (500) euroak.

Gehienezko zenbateko hori izango bada ere, honako tarifen arabera kalkulatuko da itzultzaileak jasoko duen zenbateko zehatza:

– Testuaren zailtasun maila oinarrizkotzat jotzen denean 0,011 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.

– Testua poesia denean edo hizkuntzaren aparteko zailtasuna legokeenean, 0,017 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.

Hautapen-batzordeak erabakiko du zein testu den aparteko zailtasunekoa ondorio horietarako.

Atal honetan aurreikusi ez diren gainerako gastu guztiak itzultzaileen esku geratuko dira.

4. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

– Egonaldia egitera Euskal Herrira etortzea eragotziko dion ezgaitasunik ez izatea, dela lege aldetik, dela osasunaren edo bestelakoren baten aldetik. Hori zinpeko aitorpena (II. eranskina) sinatzearen bidez baieztatuko dute.

– Espainiako Estatuan egonaldia egin ahal izateko iraupen luzeko bisatua eskuratzeko baldintzak betetzea eta egonaldirako finkatutako datarako bisatu hori lortzea. Hautagaiak bere gain hartu beharko ditu bisatua lortzeko kudeaketa-lan eta gastu guztiak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

5.1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.2.– Eskabidea (I. eranskina), zinpeko aitorpena (II. eranskina) eta dokumentazioa ondorengo helbidean aurkeztu beharko dira: Etxepare Euskal Institutua. Prim kalea 7, 20006 Donostia. Eskabideak aurkezteko ordutegia ondokoa da, goizeko 08:30etatik 14:00ak arte. Hortik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan aurkez daitezke, 30/1992 (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) ezarritako beste edozein bide erabiltzearen kalterik gabe.

Eranskinak http://www.etxepare.eus helbidean egongo dira eskura.

6. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Egonaldi luzea egin nahi duten itzultzaileen kasuan:

– Dagozkion eskabidea eta eranskinak.

– NANaren edo pasaportearen fotokopia.

– Curriculum Vitae-a. Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiek ziurtagiri bidez frogagarriak izan beharko dute eta hala egin beharko dute epaimahaiak eskatuz gero. Luzera gehienez ere bi orrialdekoa izango da.

– Etorkizunean burutu nahiko lukeen itzulpen proiektua, ondoko puntuak jasoz: bete nahiko lituzkeen helburuak eta motibazioa; egin dezakeen ekarpena; proiektuaren laburpena ingelesez. Luzera gehienez ere bost orrialdekoa izango da (letra Arial 12, lerro artean tarte bikoitza utziz). Eskaera egiteko unean, proiektu hau egitasmo huts izango da, baina egonaldia amaitu baino lehen itzulpen egitasmo sendo bat aurkeztu beharko du (argitaletxe batekin lotutako kontratuaren bidez).

Egonaldi laburra egin nahi duten itzultzaileen kasuan:

– Dagokion eskabidea eta eranskinak.

– NANaren edo pasaportearen fotokopia.

– Curriculum Vitae-a. Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiek ziurtagiri bidez frogagarriak izan beharko dute eta hala egin beharko dute epaimahaiak eskatuz gero. Luzera gehienez ere bi orrialdekoa izango da.

– Euskara ezagutza egiaztatzen duen agiria.

– Motibazio-gutuna.

7. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da.

Honako hauek izango dira bertako kide:

Lehendakaria: Xabier Paya Ruiz, DSS2016ko zuzendari kulturala.

Batzordekideak:

M. Aitzpea Goenaga Mendiola, EEIko zuzendaria.

Mari Jose Olaziregi Alustiza, EEIko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendaria.

Ruth Pérez de Anucita, DSS2016EUko Ahotsen Itsasargiaren arduraduna.

Garazi Arrula Ruiz, EIZIE elkarteko ordezkaria.

Idazkaria: Kizkitza Galartza Arregi, EEIko Euskara eta Kultura teknikaria, hitz egiteko eskubidearekin, baina botorik gabe.

Batzordekideek parte hartu ezin badute batzordearen lanetan, ordezkatuko dituen beste pertsona bat izendatu ahalko dute bere funtzioak betetzeko.

8. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da:

Egonaldi luzea egingo dutenen kasuan gehienez ere 100 puntu lortu ahal izango dira, honela banatuta:

– Curriculum Vitae-a: gehienez 40 puntu.

Curriculumean ondorengoak kontuan hartuko dira: itzultzaile gisa izandako ibilbidea, literatura itzulpenetan izandako eskarmentua, orain arte euskal kulturarekin izandako harremana.

– Aurkeztutako proiektua edo garatu nahi den itzulpen lana: gehienez 30 puntu.

Proiektuan ondorengoak baloratuko dira: itzulpena egiteko motibazioa, aukeratutako lanaren kalitatea eta interesa, itzulpenaren bideragarritasuna, itzulpena argitaratzeko egindako kontaktuak, argitaratzailearen ibilbidea eta proiekzioa.

– Zubi hizkuntza gisa erabiltzeko beste hizkuntzen ezagutza maila: gehienez 20 puntu.

– Beste meritu batzuk: gehienez 10 puntu.

Egonaldi laburra egingo dutenen kasuan 100 puntu lortu ahal izango dira, honela banatuta:

– Curriculum Vitae-a: gehienez 50 puntu.

Curriculumean ondorengoak kontuan hartuko dira: itzultzaile gisa izandako ibilbidea, literatura itzulpenetan izandako eskarmentua, orain arte euskal kulturarekin izandako harremana.

– Euskararen ezagutza maila eta hobetzeko motibazioa: gehienez 20 puntu.

– Zubi hizkuntza gisa erabiltzeko beste hizkuntzen ezagutza maila: gehienez 20 puntu.

– Beste meritu batzuk: gehienez 10 puntu.

9. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egitea galduko duela.

10. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, DSS2016EU eta EEIren web orrian argitaratuko da diru-laguntza deialdian parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz. Baztertuek bost egun naturaleko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.

Aurkeztutako erreklamazioei dagozkienak ebatzita, DSS2016EU eta EEIren web orrian hautapen prozesuan parte hartzeko onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrenda argitaratuko da, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz.

Behin betiko zerrenda aztertuta eta balorazio irizpideak kontuan hartuta, hautapen batzordeak zortzi hautagai proposatuko ditu.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahalko dira ondoko kasuetan:

– Eskabiderik ez bada aurkeztu.

– Hautagaiek puntuazio orokorrean 50 puntu baino gutxiago lortzen badituzte.

– Deialdi hau argitaratu ondoren, dena delako arrazoiengatik DSS2016EU eta EEIren arteko lankidetza hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada, data horretara arte deialdi honekin lotuta egindako gastuen ordainketen kalterik gabe.

11. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

EEIren zuzendariak ebatziko du bost hilabeteko epean deialdi hau, hautatutako pertsonak eta plazarik gabeko hautatuak zein diren adieraziz. Azken hauek erreserban egongo dira, hautatuek ukoa aurkeztu edo ordezkatu beharra gertatzen bada ere.

Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ebazpena honako helbide hauetan argitaratuko da: www.itzultzaileberriak.dss.eu eta http://www.etxepare.eus

EEIko zuzendaria izango da organo eskuduna deialdi honen betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gorabeherak kudeatu eta argitzeko.

12. artikulua.– Hautatutako itzultzaileen betebeharrak.

Egonaldia luzea zein laburra izan:

– Egonaldietan parte hartzea onartzea. Hautatutako pertsonak jasotzen dituen ebazpena argitaratu eta hamar egunera, hautatuek berariaz eta idatziz onartu beharko dute egonaldian parte hartu eta egonaldiaren baldintzak betetzea. Hala egiten ez badute uko egin dutela ondorioztatuko da. Berrespen guztiak jasotakoan adostuko dira datak hautatu guztien artean.

– Etxepare Euskal Institutuarekin eta gainerako hautatuekin adostuta, egonaldia egitea Euskal Herriko barnetegi batean.

– Barnetegian proposatutako ikasketa-prozesuan murgiltzea eta bertan proposatutako eskola eta jardueretan parte hartzea.

– Egonaldiak irauten duen bitartean gutxienez ekintza batean parte hartzea Donostiako kultur etxe eta ikastetxeetan barrena antolatuko diren jardueretan.

– EIZIE elkarteak Etxepare Euskal Institutuarekin eta DSS2016Eurekin elkarlanean antolatuko duen itzultzaileen workshop-ean parte hartzea.

– DSS2016EUk nahiz Etxepare Euskal Institutuak gonbidatuta, egoki irizten diren aurkezpen-ekitaldietan parte hartzea.

– DSS2016EUk nahiz Etxepare Euskal Institutuak proiektuaren nahiz egonaldiaren inguruan eskatutako informazioa helaraztea.

Egonaldia luzea izanez gero:

– Euskara ikasteko prozesuak aurrera egin ahala edo egonaldia amaitu ostean, euskal literaturako lan bat gaztelania ez den beste hizkuntzaren batera itzultzeko eta lan hori dagokion herrialdean argitaratzeko proiektua gauzatzea.

– Hasieran egitasmo huts zena gauzatuko dela bermatzeko, argitaletxeren batekin sinatutako kontratua aurkeztu beharko du itzultzaileak.

– 2016. urtearen amaierarako argitalpen hori ez dela gauzatuko ikusten bada, itzultzaileak ez du jasoko 3. atalean aipatutako guztizkoa, baina egindako kudeaketa lanaren truke 500 euroko zenbatekoa jasoko du, egindako kudeaketa-lan hori bi orrialdeko txosten laburrean jaso ostean.

– Egindako itzulpen-lanak 2017ko abenduaren 15erako egon beharko du argitaratuta.

– Egonaldi honen ondorioz sortutako lanen eskubideak sortzaileen esku geratuko dira, baina haiek hedatzean beren-beregi adierazi beharko da jatorria DSS2016EUk eta EEIk bultzatutako egonaldia dela. Argitalpenaren kasuan, logoen bidez adierazi beharko da hori.

13. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.

Hautatuetako batek egonaldiari uko eginez gero, DSS2016EUk eta EEIk ordezkoen zerrendatik hautagai berria proposatuko du, ordezkoen zerrendaren hurrenkeran.

14. artikulua.– Proiektuaren ordainketa.

Egonaldian parte hartuko duten itzultzaileei honela egingo zaizkie itzulpen-proiektuaren inguruko ordainketak:

– Proiektuaren kudeaketari dagokion zatia, bostehun (500) eurokoa, argitaratzeko kudeaketa lanak egin direla justifikatu eta hilabeteko epean.

– Itzulpenari dagokion zenbatekoa, honela banatuko da: argitaletxeak itzulpen lana argitaratuko duela kontratu bidez baieztatutakoan, 3. artikuluan zehaztutako tarifen araberako ordainketaren % 75. Azkeneko zatia, zenbatekoaren % 25, itzulpena argitaratu eta hilabeteko epean.

15. artikulua.– Ez betetzeak.

Hautatutako pertsonak egonaldian parte hartzea eta haren baldintzak betetzea berariaz eta idatziz onartu eta gero, uko egiten badio egonaldira joateari, Etxepare Euskal Institutuari itzuli beharko dizkio Institutuak ordurako egindako gastuen diru-kopuruak.

Ebazpen honetako 13. artikuluan adierazitako betebeharrak beteko ez balira, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesua eta egonaldiak kudeatzera mugatuko da. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren, abenduaren 13koa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legearen, otsailaren 25ekoa, aurreikuspenekin bat etorriko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek EHHAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2015eko otsailaren 27a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala