Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Elkarrizketa Jon Iñaki Zarragarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaria

PanchoaDakizunez, Kultura-ohiturei, -praktikei eta -kontsumoari buruzko estatistika 2007-2008 izeneko eragiketa estatistikoaren emaitzak berriki aurkeztu dira. Zein da, Bizkaiari dagokionez, emaitza hauei buruz egiten duzuen balorazio orokorra?

Lehenik eta behin esan behar da Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralderen artean ez dela ezberdintasun handirik sumatzen, baizik eta nolabaiteko homogeneotasuna antzematen da. Hala ere, Arabako emaitzak Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak baino pixka bat hobeagoak direla ikusten da, eta honen zergatia, Arabak, politikoki, antzinatik Bizkaia eta Gipuzkoa baino baliabide ekonomiko gehiago izan dituelakoan datza. Nagusitasun ekonomiko honek, kultura eta gizarte-zerbitzuen mailan hobeto erantzuteko aukera eman dio, bitartean, beste guztiok atzetik joan garelarik. Beraz, kontutan hartzen baldin badugu alderdi hau, ikusiko dugu Bizkaiak aurreratzeko ahalegin handia egin duela azken urteotan eta, ondorioz, eragiketa estatistikoaren datuek erakusten dutenez, ez gaudela Arabatik hain urrun. Adibidez, 90 hamarkadako ekonomia-krisi handienean, Bizkaiko Foru Aldundiak esfortzu handia egin zuen Guggenheim museoaren proiektua aurrera eramaterakoan, ikusi zuelako kultura bultzatzaileaz gain, museoa ekonomiaren eragilea izan zitekeela; bestalde, musika mailan, kontzertu mailan, aurrekariak gara: han daude Kobetas-eko kontzertuak, San Mames-en egingo diren kontzertuak,... Beraz, esan behar da estatistikak ez duela guzti hau baloratzen eta, ondorioz, datuen irakurketak alderdi ezberdinak izan ditzakeela.

Bestalde, irakurketari buruzko datuei dagokienez, azpimarratu behar da inkesta egin zen garaian Foru Liburutegia itxita edo erdi itxita egon dela berritze lanak direla eta. Beraz, eragiketa estatistikoak erakusten dituen datuak interpretatzerakoan kontutan izan behar dugu alderdi hau, gure datuak ezberdinak dira eta: esate baterako, 2008an 21.638 mailegu egin dira eta Internet gela 26.000 pertsonak erabili du.

Zelakoa da Bizkaiko biztanleriaren dinamikotasuna Euskal Herri osoarekiko, hau da, zeintzuk dira kultura-praktika nabarienak eta zeintzuk hain ohikoak ez direnak?

Kultura-praktika nabariei dagokienez, atentzio handiena ematen duena zera da, lirika-ikuskizunetara joatearen ohitura indartsu samarra dela Bizkaian, gainerako lurraldeekin konparatuz. Joera hau ulergarria da OLBE-ren (Operaren Lagunen Bilboko Elkartea) eskaintzari esker, Gipuzkoak ez eta Arabak ere ez baitute mota honetako aukera kulturalik eskaintzen.

Bestalde, zinemara joatearen ohiturari dagokionez, deigarria da Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak antzeko portzentajeak erakustea, teorian suposatu daitekeelako Donostiako Zinemaldiaren eraginez izugarrizko zaletasunak egon beharko lukeela Gipuzkoan beste lurraldeekin konparatuz.

Guzti honek hausnarketa bat eragiten digu: ondo legoke, eta are gehiago gaurko egoera ekonomikoa ikusita, eskaintza kulturala hiru lurralderen artean banatzea; hau da, lurralderen arteko lehiakortasuna gaindituz eta bakoitzean sendotutako eskaintza kulturala errespetatuz, EAE mailako programazio kultural indartsu bat martxan jartzea, lurralde bakoitzeko sinergiak aprobetxatzeko. Hala ere, honelako ekimen bat bultzatzean azaltzen diren oztopo politikoaz ohartzen gara, lurralde bakoitzeko agintaritzak bere herritarrei erantzun behar dielako lehenengo eta behin.

Zeintzuk izan litezke tokiko politika kulturalen etorkizuneko erronkak?

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurtengo erronkak kultura mailan ondorengoak dira:

  • Foru Liburutegia: gure ikuspuntutik, liburutegia ez da liburuen edukiontzi hutsa, baizik eta kultura eragile garrantzitsua den heinean, BFAk 2009rako kultura egitarau berria prestatu du: erakusketak, hitzaldiak, irakur txokoak euskal idazle ospetsuen eskutik, eta abar. Baita, liburutegi honen bitartez etorkinei buruzko politika bultzatu nahi da eta, bestalde, Aita Villasanteren ondarearen digitalizazioa urte bukaerarako amaituko da.
  • Dantza mota ezberdinei erantzuna emango dien Dantza Etxea martxan jarriko da.
  • Ondareari dagokionez, Bizkaiko arkeologia Museoa irekiko da.
  • Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua martxan jarriko da, Busturiako eskualdea ekonomikoki bultzatzeko asmoz.
  • Santimamiñe proiektuan aurrera egingo da, Omako basoa proiektuan sartuz; era honetan, bisita gidatuak antolatuko dira,...
  • Santimamiñen egindakoaren antzeko zerbait egingo da Arenatzan (Galdames) dauden kobazuloetan, teknologia berriak aprobetxatuz.
  • Arrolako proiektua: Arratzun dagoen burdin aroko gotorlekuaren berreskurapena.
  • Gainerako arloetan dauden programekin jarraituko da eta hobe daitezkeenak hobetuko dira.
  • Bermeoko Arrantzale Museoa berrituko da, teknologia berriekin hornituz.