Hezkuntza Saila

Iraunkortasuna eta hezkuntza esku-hartzea. Oinarri teorikoak

Euskal Autonomi Erkidegoko Curriculuma, Konpetentziak, eta Ingurumen Hezkuntza dira oinarriak eta Ikuspegi Eraikitzailea, Lan Proiektuen metodologia eta Ebaluazioa (ikaste prozesuaren erregulatzaile gisa) dira bide lana gauzatzeko.

  • Indarrean dagoen curriculumak, Oinarrizko Hezkuntzaren helburuak atalean, bere 7.artikuluan honela dio:

“Oinarrizko Hezkuntzak honako hauek egiteko gaitasuna garatzen lagundu behar die ikasleei:” N) Gizateriak dituen eta garapen jasangarrirako helburuetan zehazten diren arazo nagusiez jabetzea.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma (leiho berri batean irekitzen da) (EHAA, 2023-06-09)

  • Ingurumen Hezkuntzak, testuinguru guztiz ez jasangarri batean, iraunkortasunaren alde lan egiten du. Errealitate txikiak etorkizuneko ikuspegiarekin sortzen dira. Testuinguruan hazteko eta inplikatzeko asmoarekin lan egiten da. Gaitasunak eta konpetentziak garatzen dira, indibidualki zein kolektiboki gai izan gaitezen ingurumen krisiaren nondik-norakoak ezagutzeko, aurre egiteko, alternatibak eskaintzen eta martxan jartzen saiatzeko, bai gaur egun bai etorkizunean. Ezagutza berriak sortzen dira ezagupenen arteko dialogotik abiatuta, iraunkortasunari begira eta etorkizun jasangarri baten ikuspegia proiektatuz, belaunaldietan zehar eta belaunaldien artean etika solidario batek gidatua.
  • Lanari ekiterakoan, ikuspegi eraikitzailearen printzipioak kontuan hartzen dira:
    • Ikaste-prozesua ingurunearekin elkarreraginean garatzea buru-jarduera gogor baten ondorioz.
    • Ikaslearen aurretiazko ideietatik abiatzea, ezaguera berriak eraikitzeko eta gaitasunak garatzeko, betiere haren garapen-eremu hurbilaren baitan.
    • Ikasitakoa esanguratsua eta beste esparru batzuetan aplikagarria izatea.
  • Lan Proiektuen metodologiaren pedagogiaren-printzipioetan oinarritzen da problematikak batetik abiatuz. Indarrean dugun Curriculumeko maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuaren II. eranskinean (leiho berri batean irekitzen da) Lehen Hezkuntzako arloak natura, gizarte eta kultura ingurunearen ezagutza, Konpetentzia espezifikoen atalean, ondorengoa aipatzen da:
    • 2. Galdera zientifiko errazak planteatzea eta erantzutea, pentsamendu zientifikoaren berezko teknikak eta tresnak erabilita, eta jakintza desberdinak elkarrekin konektatuz, ingurune naturalean, sozialean eta kulturalean gertatzen diren gertaerak eta fenomenoak interpretatzeko eta azaltzeko.
    • 3. Arazo-egoerak diziplinarteko proiektuen bidez ebaztea, diseinu-pentsamendua eta pentsamendu konputazionala erabiliz, premia zehatzei erantzungo dien produktu sortzaile eta berritzaile bat lankidetzan sortzeko.
    • 5. Natura-, gizarte- eta kultura-inguruneko elementu edo sistemen ezaugarriak identifikatzea eta aztertzea, eta horien antolamendua eta propietateak deskribatzea, eta haien arteko harremanak ezartzea, kultura- eta natura-ondarearen balioa ezagutzeko eta hura kontserbatzeko eta hobetzeko ekintzei ekiteko, erabilera arduratsu eta iraunkor baten bidez.
    • 6. Gizakiak ingurunean egiten duen esku-hartzearen kausak eta ondorioak kritikoki aztertzea, maila soziala, ekonomikoa, kulturala, teknologikoa eta ekologikoa integratuz eta pertsonen eta planetaren errespetuarekin, zaintzarekin eta babesarekin kontsekuenteak diren ohitura iraunkorrak praktikan jarriz, arazoei aurre egiteko, konponbideak bilatzeko eta konponbidean banaka eta elkarlanean jarduteko gaitasuna garatzeko.
    • 7. Natura-, gizarte- eta kultura-ingurunearen jarraitutasunak eta aldaketak behatzea, ulertzea eta interpretatzea, kausalitate-, aldiberekotasun- eta ondorengotza-erlazioak aztertuta, elementuen eta gertaeren arteko harremanak azaltzeko eta baloratzeko, eta iraunkortasun-irizpideen arabera jokatzeko.

Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma (leiho berri batean irekitzen da) (EHAA, 2023-06-09)

  • Ebaluazioa guztiaren ardatza da. Ikaste-irakaste prozesuaren erregulatzailea da. Horren zeregina heziketa prozesuak emandako informazioa aztertzea da, prozesuari osotasunean laguntzeko. Prozesu horren gidari bihurtzen da, eta prozesu berrien sortzailea edo katalizatzailea da. Ikaslearentzako ebaluazioa elementu autoerregulatzaile bihurtzen da, ikasten ikastea ahalbideratzen diona. Irakasleen lana irakaste-ikaste prozesua erregulazio (autoerregulazio-koerregulazio) mekanismoez blaitzea da.