Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ingurumen-hezkuntza - Ibaiak eta errekak

INGELESEZ

Ur-korronte naturala eta etengabea, itsasora, laku batera edo beste ibai batera isurtzen duena. Hiztegiek horrela definitzen dute elementu naturala, agian, hurbil sentitzen dugu, baina gehienok ez dugu sakon ezagutzen. Izan ere, ibaiak ur-korronte hori baino askoz gehiago dira. Haien ibilguek bizibidea eskaintzen diete hainbat izakiri eta, gainera, garraiobideak dira beste askorentzat, besteak beste, gizakientzat.

Ibaiak naturaren ondarea dira. Beren eginkizun naturalak bete eta guri ura emateaz gain, interes komuneko ondasun eta aktibo sozialak dira. Miguel de Unamunok zioenez, "ibaiak paisaiaren arima dira". Eta egia da: ibaiak lurraldeen arimaren berezko osagaiak eta gizakion oroimen sentimentalaren erreferentziaguneak dira. Gizakiak ibaietarako joera izan du uraren planetan, Lurrean, bizi denetik. Hasieran, ibaiak eta beren urak lehen kulturen bizimoduaren osagai izan ziren. Kultura haietako askok, gainera, natura-baliabide horren ontasuna jainkotu ere egin zuten, begirune sakon eta mistikoa sentitzen zutelarik. Ibaiak egarria ase, elikagaiak eman eta bere ibilguan pertsona eta salgaien garraioa errazten zuen.

Ondoren, nekazaritza agertu zenean, ibarbasoen gaineko lehen presioak hasi ziren. Askotan, deforestatu ere egiten ziren, ibaiertzetako lur emankorrak erabiltzeko. Nekazaritzako teknologia, bereziki ureztatzeari lotutakoa, garatzen joan zen heinean, obra batzuek (presa txikiek, ureztatzeko kanalek, ubideek...) ibaien erabilera handiagoa ahalbidetu zuten, batez ere, uraren aprobetxamenduari zegokionez. Ondorioz, ibai-ekosistemaren gaineko presioa eta degradazioa areagotu egin ziren. Eta horri guztiari ibaiek energia-iturri gisa izan duten erabilera erantsi behar diogu. Erabilera hori etengabea izan da gizateriaren historian eta, ondorioz, azpiegitura hidraulikoek zeharo aldarazi zuen ibai-paisaia: errotak, deribazio-kanalak, batanak, burdinolak eta, geroago, zentral hidroelektriko txikiak eraiki ziren.

Azken hamarkadetako garapen sozioekonomikoak, ur-ingurunearen ingurumen-kalitatea etengabe hondatzeaz gain, gizakiak ibaiekin betidanik izandako loturak bertan behera utzi ditu. Ibaien erabilera tradizionalak ugaritu egin dira, eta horiek ondorio nabarmenak eragin eta ibai-ekosistemen osasuna kaltetu egin dute. Hala, ibaia aprobetxatu izan da baliabide-iturri gisa (ura, arrantza, ehiza, egurra, garbitokia, bainua, ibilbidea eta abar), garraiobide gisa eta energia-iturri gisa, eta ondoren beste erabilera bat erantsi zaio: guk sortutako hondakinen hartzaile bihurtu dugu. Izan ere, etxeek, industriak eta nekazaritza eta abeltzaintzak eragindako hondakinak jasotzen ditu ibaiak, askotan behar bezala araztu gabe, gainera. Bestalde, aldaketa hidromorfologikoek, gehiegizko ur-erauzketak, presek eragindako ibilguen fragmentazioak, ibarbasoen desagerpenak, espezie inbaditzaileek eta uholde-ibilgu eta -ibarren okupazioek ere zerikusia izan dute ibaien ingurumen-hondamenarekin. Eta okerrena zera da: ia ohartu gabe iritsi garela egoera suntsigarri honetara, gizakiari zoriontasuna eta ongizatea ematen zizkion natura-ondare hori galtzera, hain zuzen.

Ibaiek ura, sedimentuak, uholdeak, lekua eta denbora behar dituzte irauteko. Horrez gain, ibaien osasun-egoera hobetzeko eta Uraren Esparru Zuzentarauan (2000/60/CE) finkatutako ingurumen-helbideak lortzeko neurriak hartu beharra dago. Lehenik eta behin, uren kalitatea hobetzeko neurriak hartu behar dira, saneamenduari eta arazketari lotutako nahitaezko azpiegiturak ezarriz. Bigarrenik, hondatzeko prozesua eten egin behar da, ibaiertzen egoera leheneratu eta hobetzeko neurriak hartuz eta arrain-faunaren migrazioa eragozten duten oztopoak gainditzeko jarduerak gauzatuz. Hirugarrenik, horniketa seguru eta osasungarriak bermatu behar ditugu, eta, gainera, ura ekosistemarekin partekatu behar dugu. Horretarako, emari ekologikoen erregimena betetzeko neurriak hartu behar dira. Laugarrenik, ibaiek eragindako uholdeak ibaien dinamikaren berezko natura-fenomenotzat hartzen baditugu eta, beraz, saihestezinak direla ulertzen badugu, uholdeak kudeatzeko neurriak ere hartu beharko ditugu. Horretarako, finkatutako hiriguneetan egiturazko jarduerak eta egiturazkoak ez direnak uztartu, uholde-lautadetan lurzoruaren erabilera antolatu eta prebentzio eta alerta hidrologikorako sistema egokiak sortu behar ditugu.

Uraren eta ibaien kudeaketa jasangarriren gakoa hauen guztien arteko oreka egokia da: erabilera ekonomiko-produktiboak, ibaiaren natura-eginkizunari eustea eta ibaiari lotutako alderdi kulturalak, ludikoak, eszenikoak, emotiboak, emozionalak eta estetikoak zaindu eta balioan jartzea. Balio horiek, orain arte, ez ditu aintzat hartu hidrologia klasikoak. Era berean, uraren arloko ingurumen-hezkuntza eta -sentsibilizazioa sustatu behar ditugu, natura-ingurunea suntsituko ez duen eta kontserbazioa helburu izango duen beste eredu baten oinarriak jartzeko. Kontserbaziorik gabe, jasangarritasuna entelekia hutsa da. Printzipio horretan oinarrituta eta ur-ingurunea babestuta soilik eraiki dezakegu etorkizun iraunkorragoa guretzat eta ondorengo belaunaldientzat, ibaiek beti izan direna izaten jarrai dezaten: ibaiak.

Víctor Peñas Sánchez

Doktore geografoa
Uraren Euskal Agentzia

Irudi hauen artean ia hiru hamarkada igaro dira. Euskadin hartuak dira eta, ikusten denez, uholde-kontuetan egoera ia ez da aldatu. Gaur egun, fenomeno meteorologikoak aurreikusteko oso sistema eraginkorrak ditugu, eta fenomeno horien eragina arintzeko azpiegiturak eraikitzeko ahalmen handia ere bai. Dena den, argazkien arabera, oraindik badago zereginik. Uholdeak eta uholdeek sorrarazten dituzten arazo eta galerak saihesteko ekimenen bat proposatzeko gai izango zinateke?

Agian, gelako guztien artean errazago egingo duzue. Entzun duzue inoiz "braingstorming" hitza? Ideia-jasa esan nahi du. Hainbat arlotako profesionalek erabilitako tresna da, eta elkarlanean proposamen gehiago eta hobeak egiteko balio digu. Praktikan jarriko dugu: Zer egin genezake herritar, talde, erakunde eta abarrek gure herri eta hirietan uholdeak saihesteko? Norberak arazoari irtenbidea emateko egokitzat hartzen dituen ekimenen berri eman behar du. Era berean, norbaitek taldeko idazkaria izan behar du, proposamen guztiak koaderno batean edo arbelean idazteko.

Zalantzarik gabe, hamaika ideia bururatuko zaizue, eta, horietako asko martxan jartzeko, ahalegin txiki bat baino ez dugu egin behar. Gutako bakoitzak, ikasgela osoak, ikastetxeak... geure harri-koskorra ekar dezakegu. Pentsa ezazu.

Eta gainerako ideiak? Gure Udalak edo Aldundiak esku hartzen badu soilik bidera daitezkeen horiek? Ideiak gauzatzeko eta ezerezean ez geratzeko, administrazioetako arduradunei helarazteko aukera dugu. Eskutitz batean jasotzea ez zaigu ezer kostatuko eta, horrela, gure proiektua ezagutarazi eta, nork daki, agian gauzatu egingo da. Gainera, gure herriei lagundu egingo diegu, horrela.

Azken aldaketako data: