Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Geodibertsitateak ematen dituen zerbitzuak

Geodibertsitateak garrantzi handia du sarritan alde batera uzten bada ere. Hala ere, komenigarria da ondokoa gogoraraztea:

  • Geodibertsitateak landareek, animaliek eta gizakiek bizitzeko behar dugun oinarria eskaintzen du.
  • EAEk hain berea duen paisaiaren oinarri fisikoa ere bada.
  • Lehengaien iturria da, esaterako, iraganean EAEko garapen ekonomikoan lagundu zuten burdina eta beste baliabide mineral batzuk , eta energia iturria da (gasa, petrolioa, geotermia).
  • Ur gezako biltegiak eskaintzen ditu, lurrazalekoak zein lurrazpikoak, baita hondakinen kudeaketarako lekuak ere.
  • Klima aldaketa eta itsas mailaren igoera bezalako prozesuak ulertzeko funtsezko hezkuntza- eta zientzia-baliabidea da.
  • Kirol- eta aisia-jarduerak gertatzen direneko ingurunea da, esaterako eskalada edo espeleologia –EAEn oso praktikatuak– edo geoturismoa.
  • Euskal herritarren kultura-identitatearen azpian datza mitologiaren, herri-arkitekturaren, herri-kirolen, hainbat euskal abizenen jatorriaren edo artearen bitartez, besteak beste.

 

 

Geodibertsitateak berebiziko garrantzia du gizarteen garapen ekonomikoan. Gaur egun gure gizartean behar-beharrezkoak diren lehengai asko, hala nola hidrokarburoak, metalak, harriak edota ura, Lurraren formazioan milioika urtetan jardun duten geologia-prozesuen eraginez sortu dira.

EAE horren adibide ona da. Gure herriko lur azpian egon ziren burdin hobi bikainek Euskadiren garapen ekonomikoa bultzatu zuten XIX. mendearen bukaeran. Baina burdina ez ezik, Euskal Herriko geografia osoan zehar hainbat ustiapen baliatu dira: mineralak, harri industrialak, hidrokarburoak eta abar, zenbait kasutan, aspalditik. Hor ditugu Oiartzunen erromatarren garaitik zilar bila ustiatu diren Arditurriko meategiak, Maeztuko kareharri eta harearri inpregnatuetatik ateratako asfaltoa, Añanako gatzagak edo Bermeoren pareko Gaviota plataformako gasa.

Gaur egun, geologiak beste ekarpen bat egin dio ekonomiaren garapenari, geodibertsitatearen eta geologia ondarearen ikerketak, babesak eta dibulgazioak dakartena, hain zuzen ere. Eta hori horrela da, batez ere, duela gutxi geoturismo izeneko kontzeptu bat garatu denetik.

Turismoaren esparru honek aukera ematen die turistei, interpretazio- eta zerbitzu-instalazioak hornituta, lurralde bateko geologia ezagutzeko eta ulertzeko. Modu horretan, turistek aisia-beharrak aseta dituzte eta komunitate anfitrioiak, baserri-girokoa normalean, ekonomia garatzeko beste bide bat du ostatua, garraioak, langile gaituak eta abar hornituz.

Adibide baterako, geoparkeak ditugu, geologia ondare aberatsa edukita tokiko garapen-motor modura erabiltzen diren lurraldeak. Gainera, Europako Geoparkeen Sareak eta Munduko Geoparkeen Sareak beren aintzatespen ofiziala eskaintzen dute. EAEn Euskal Kostaldeko Geoparkea dugu 2010eko urritik, bere barnean Deba, Mutriku eta Zumaia hartzen dituelarik. Beste aldetik, badira bestelako ekimen turistikoak: kobazulo eta meategietara egindako bisita gidatuak eta geoibilbideak.

Joan den 2011n Geoturismo iraunkorra EAEko Natura-gune Babestuen Sarean’izeneko proiektua egin zen. Horren asmoa geoturismoaren azpi-kategoriako naturako turismo-produktu berria sortzea da: Geo-Basque Sarea. Geozona izeneko lurraldeek osatzen dute sarea eta honako ezaugarriak dituzte:

  • Geologia balore nabarmena dute eta hori balioesteko eta kontserbatzeko apustu argia egiten dute.
  • Modu koordinatuan jarduten dute eskaintzen duten geoturismoko produktua bateratua izan dadin eta EAEn izan diren erregistro eta prozesu geologikoen adierazle izan dadin.
  • Beren helburuak bisitari berriak jasotzea eta tokiko garapen jasangarria sortzea dira.

Geoturismoaren hastapenak XIX. mendeko natura kontserbatzeko mugimenduak izan ziren, geoturismo jasangarriaren garapenari ekarpen egin ziotenak.

Geoturismo modernoa turismoaren esparru berri bezala sustatu zen. Hasieran geokontserbazioa sustatzeko eta finantzatzeko bidetzat jo zen.

Geoturismo modernoak hiruzpalau hamarkada besterik ez du eta mende honetako hasieran piztu zen, geoparkeak azaldu zirenean batik bat. Lehen definizioa 90en hamarkadaren erdi aldera eman zuen Hose-k (1995) Britainia Handiko geologia ondarea kontserbatzeari buruzko artikulu batean: “Interpretazioko instalazioak eta zerbitzuak hornitzea, turistek leku bateko geologia eta geomorfologia (baita lur-zientzien garapenari egindako ekarpena ere) ezagut eta uler dezaten, estetikaren balorazio hutsetik harago”.

Geoturismoari buruzko lehen konferentzia Ulster-eko Museoan (Belfast) izan zen 1998an. UNESCOk Belfast-eko definizioa eta ikuspegia onartu eta sustatu zuen geoparkearen kontzeptua garatu zuenean. Beranduago, Hose-k (2011) honela definitu zuen: “ Interpretazioko instalazioak eta zerbitzuak hornitzea, baita lotuta duten insituko eta exsituko tresneria ere, egungo eta etorkizuneko belaunaldiek balioespenaren, ikasketaren eta ikerketaren bitartez geosite-ak eta geomorfosite-ak kontserbatzeko asmoaz”.

Geoturismoa, beraz, geologian oinarritzen da eta bere esparrua ingurune naturaletik artifizialera zabaltzen da; geologia ondarearen kontserbazioa sustatzen du neurri egokien bidez; bideragarritasun ekonomikoa, komunitatearen hazkundea eta geokontserbazioa modu jasangarrian sustatzen ditu; interpretazioaren eta hezkuntzaren bidez geologiari buruzko ezagutza sendoa sustatzen du; eta turistak edo bisitariak asetzen ditu.

Geoturismoak badu funtsezko alde bat, turismoaren arlo guztiak dakartzala berarekin, alegia. Izan ere, garraioak, iristeko bideak, ostatuak eta zerbitzuak, langile gaituak, planifikatzea eta kudeatzea behar ditu eta interesdunen artean inbertitzaileak, planifikatzeko administrazioak, ingurumen-taldeak eta unibertsitateak daude.

Geoturismo jasangarria garatzearen helburuak honakoak dira:

  • Geoturismoak ingurumenari, tokiko komunitateei eta ekonomiari egiten dien ekarpenaz kontzientzia eta ulertze handiagoa garatzea.
  • Berdintasuna sustatzea geo-garapenean.
  • Auzokoen bizi-kalitatea hobetzea.
  • Bisitariari kalitate handiko geologia-esperientzia bat ematea.
  • Geologia ondarearen kalitatea mantentzea, izan ere, aurreko helburuak horren mende daude.

EAEn geoturismoaren inguruko zenbait ekimen garatu dira aspalditik, batez ere, hobietara egindako bisitak, bai naturalak (Pozalagua edo Arrikrutzeko kobazuloak), bai artifizialak (Arditurriko meategia); edo gatzagetara (Añanako Gatz Harana). Aipatu behar dira, bestalde, azken aldian sortu diren beste ekimen batzuk: Euskal Kostaldeko Geoparkea berez turistikoa den ingurune batean eta han-hemenka agertu diren zenbait geoibilbide (Burdinaren ibilbidea, Lurpeko Euskadi, Itsalabarren Ibilbidea Uribe Kostan…).

Beste aldetik, 2011n, Geoturismo iraunkorra EAEko Natura-gune Babestuen Sarean’izeneko proiektua egin zen. Proiektuaren asmoa geoturismoaren azpiatalean naturako turismo-produktu berria garatzea da: Geo-Basque Sarea. Sare hori lurralde-multzo batek osatzen du eta horietako lurralde bakoitzak geologia-balore handia du baita hori balioesteko eta kontserbatzeko joera argia ere helburu jakin batekin: bisitariak erakartzea eta tokiko garapen jasangarria sortzea.

Geoturismoko eskaintzak egiten dituzten EAEko web guneak

Azken aldaketako data: