contexto
EUSKAL LANKIDETZAREN EGUNGO TESTUINGURUA
Gaur egunean aurre egin behar diegun arazo globalak, hots, finantza- eta ekoizpen-krisialdia, giza eskubideen urraketa eta giza eskubideez baliatzean nolabaiteko atzerakada, herritarrek parte hartzeko eta erabakiak hartzeko dituzten kanalen ahulezia, egungo balio-krisialdia, nazioarteko gatazken areagotzea, klima-aldaketa edota nahitaezko migrazioak (besteak beste), egungo garapen-ereduak epe ertain edo luzean izan ditzakeen ondorioen isla baino ez dira.
Garapen-eredu horren eraginez, botere publikoak hausnarketa egin behar dute, ezinbestean, garapenerako laguntza ofizialaren zereginaren inguruan, eta erantzukizunez jardun behar dute laguntza horren eragina eta inpaktua zalantzan jartzen duten nazioarteko eztabaida handien aurrean. Hain zuzen ere, tresna honek gardentasuna eskaini nahi du, eta kontu-arrazoiak emateko lagungarri ere izan nahi du euskal gizartearentzat, garapenerako lankidetza-politikari dagokionez.
Dagoeneko estatuak ez dira nazioarteko sistemako aktore nagusiak eta aktore bakarrak. Multinazionalek eta nazioarteko finantza-erakundeek gero eta garrantzi handiagoa dute erabakiak hartzeko prozesuetan alde anitzeko foro mistoetan (publiko-pribatuak), eta ahalmen ekonomiko handia duten herrialdeek eta enpresa handiek gero eta eragin handiagoa dute foro horietan. Aldi berean, tokiko eta eskualdeko hainbat gobernu sortu dira deszentralizazio-prozesuak garatu eta tokikoa global bihurtzeko joera nagusitu ahala, eta nazioarteko hainbat GKE eta gizarte-mugimendu ere gero eta gehiago eragiten ari dira nazioarteko agendan.
Une hau kritikoa da ekonomientzat eta dramatikoa milioika gizakirentzat. Munduko Bankuak jasotako datuen arabera, gosea pairatzen duten ia mila milioi pertsona daude mundu osoan, eta horien % 60tik gora emakumeak dira, ahaztu gabe haurren munduko heriotza-tasaren herena malnutrizioarekin lotuta dagoela. 1.500 milioi gizakik ezin dute egunero edateko urik edan. 2.000 milioi pertsonak, gutxi gorabehera, ezin dituzte oinarrizko medikamentuak eskuratu.
Ildo horretan, zenbait erakunde humanitarioren ustetan, finantza-merkatuek kolokan jar dezakete munduko elikadura-segurtasuna, eta, ondorioz, pobrezia murriztearen aldeko aurrerapen guztiak.
Argi dago nekazaritza-lehengaietatik eratorritakoen merkatuak espekulaziotik datozen fluxuen mendean daudela neurri handi batean, eta, horren eraginez, elikagaien prezioak desitxuratuta daude eta aurreikusten zailak dira. Gainera, ingurumenaren narriadurak oztopatu egiten du elikatzeko eskubidea bermatzeko aukera.
Uraren krisia eta klima-aldaketa ere testuinguru horretan kokatzen dira. Garapen-eredu horren aurrerapena ingurumenaren kontura oinarritzen da neurri handi batean, baita baliabide natural mugatuak agortzean ere. Ildo horretan, beste behin ere, garatutako herrialdeen eta garapen bidean daudenen gehiegikeriek ondorio negatiboak dakartzate herrialde pobreenentzat eta ahulenentzat.
Horregatik, azken lau urte hauetan euskal lankidetzak egonkortasunaren eta irmotasunaren aldeko apustua egin nahi izan du. Ezaugarri horiek adorearekin finkatu dira euskal lankidetzaren ibilbide osoan, baita borondate politiko handiarekin ere. Euskal lankidetzaren indar nagusiak izan dira, batetik, gizarte zibilarekiko lotura handia, eta bestetik, beste esparru bateko interes estrategikoekiko lotura txikia, eta indar horien ondorioz, hain zuzen ere, Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Euskal Legea ezarri zen; 1/2007 Euskal Legeak euskal lankidetza-agenteen arteko adostasun handia izan zuen.
Garapen-lankidetzak, eta, zehazkiago, deszentralizatutako lankidetzak une zailak bizi ditu une honetan, eta gauzak horrela, bidezkoa da esatea euskal lankidetza izan dela azken lau urte hauetan Estatu osoan gehien ahalegindu dena.
Era berean, aldi horretan, euskal lankidetzaren garrantzia autonomia-erkidegoen guztizkoaren % 11 izatetik % 20 izatera igaro da, hau da, pobreziaren aurka borrokatzeko eta giza garapena sustatzeko autonomia-erkidegoek egiten duten ahaleginaren ondoriozko 5 eurotik 1 Euskaditik ateratzen da.
Ahalegin hori ez da soilik kantitatean eta laguntza-mailetan islatzen, plangintzarekin eta koordinazioarekin ere zerikusia dauka. Horregatik, 2012-2015 aldirako Gida Plan Estrategiko bat diseinatzeko ahalegin handia egin da; Gida Plan horrek arina eta operatiboa izan behar du, agente guztiek, horien tokiko bazkideek eta erakunde aliatuek ulertzeko modukoa, eta horretaz gain, gauzatzeari eta jarraipena egiteari dagokionez erabilgarria.
Azken lau urte hauetan funtsezkoa gertatu da, halaber, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu izana eta 2011n abian jarri izana, orientazio estrategiko horiek zehaztean aurrerapausoak ematea ahalbidetzen ari dena. Esperientzia duen giza talde trebatu batez hornituz euskal lankidetza finkatzeak eta instituzionalizatzeak etorkizuneko politikak egonkortzea faboratuko du, baita ahaleginak jardunen kalitate handiagoa lortzera eta jardun horien eragin handiagoa erdiestera bideratuko duten tresnen bitartez etorkizuneko politika horiek lurreratzea ere.
Tresna honek oinarrizko informazioa jarri nahi du, modu errazean, euskal lankidetzaren aktoreen eta herritarren eskura, hau da, pobrezia desagerraraztearen eta giza garapen iraunkorra sustatzearen alde egiteko euskal lankidetzak zer egiten duen eta non jarduten duen azaldu nahi die herritar guztiei, eta argi utzi nahi die, halaber, garapenerako lankidetza politika publiko bat dela, eta Eusko Jaurlaritzaren gainerako politiken maila berean dagoela.
- Harremanetarako |
- Lege-informazioa
- © 2012 Eusko Jaularitza - Gobierno Vasco



