Errioxatik Arabako Lautadara: Kontrasteen lurraldea

Laguardia

Poblado de la Hoya

Betidanik, Arabako Errioxako gunerik garrantzitsuenetakoa da Laguardia. Muino gailen baten gainean altxatuta, kutsu militarra izan du beti, babesekoa. Bestalde, Gasteizekin batera, Erdi Aroko trazadura eta antolakera hoberen gorde duen hiribilduetakoa da. Mutur bakoitzean gotorleku-eliza bana duten lau kale paraleloz osatzen da. Eliza horiek harresia indartzen zuten, hiribildurako aurrez aurreko sarbideak babestuta.

Laguardiak, Erdi Aroko gotortutako hiribildu gisa, Gaztelako eta Nafarroako erresumen arteko muga-gerretan du jatorria. Nafarroako Antso Azkarra (XII-XIII) erregeak hesitu zuen eta harresitutako gaztelua zeukan iparraldean. Gaztelu hori XIX. mendean eraitsi zuten. Harresia behin baino gehiagotan berregin dute eta aztarnarik zaharrenak dorreak eta XV. eta XV. mendeetan berregindako "ekialdea" dira. Gainerakoak berrikuntza ugari izan ditu XVIII. mendean eta, batez ere, XIX.ean.

Bi elizek (Santa Maria eta San Joan) kale Nagusiaren bi muturrak ezartzen dituzte, hiribilduaren babes-sisteman barne hartuta. Santa Maria de los Reyes eliza, gotortutako gunearen iparraldean kokatuta, estilo gotikokoa da, nahiz eta badituen ekarpen errenazentistak, barrokoak eta erromanikoak. Erretaula nagusia, XVII. mendearen hasiera aldekoa, Bascardo-ren lana da; alboetako erretaulak, harrizko oinarria duen pulpitua eta XVI. mendeko bataiarria barrokoak dira. Polikromatutako portada gotikoa da tenpluaren piezarik nabariena.

San Joan eliza, gotikoa, beste muturrean kokatutakoa, hegoekialdean, gotortutako erlijio-arkitekturaren adierazgarri ederra da. Absideko hormak harresian bertan eraikiak dira eta gaur egun kanpandegi den dorreak harresitutako barrutirako sarbideetako bat barne hartzen du.

Udalerri honetan ere Poblado de la Hoya dago, aztarnategi eta museo interesgarria, Brontze Arotik Burdin Arora bitarteko arrastoak eta aztarrenak biltzen dituena. Herria erromanizazioaren aurretik utzi zuten eta bertan egindako indusketei esker Kristo aurreko lehen milurtekoan herriak zuen osaera ezagutzen dugu.

Galeria fotografikoa: