Hasierako atala
Bi azpiatalez osatuta dago:
Azala
Azalean txostenaren izena azalduko da. Izenak ez du oso luzea izan behar eta aldi berean, txostenean aztertuko den gaia argi adierazi behar du.
Gainera, txostena egin duen enpresa edo erakundearen izena ere adierazi behar da. Enpresa baten sail jakin bat arduratu bada txostena egiteaz, sailaren izena aipatuko dugu. Horretarako, kontuan izan behar da saila letra larriz idazten dela.
Kalitateko Saila
Marketin Saila
Lehenengo orria(k)
Lehenengo orrian edo orrietan, txostenaren daturik garrantzitsuenak adieraziko dira.
Hasteko txostengilearen datuak aipatzen dira: alde batetik, izen-abizenak; eta, bestetik, kargua letra xehez, esaldi hasieran agertu ezean.
Kalitateko Saileko zuzendaria
Zuzendaritzako idazkaria
Gero, sarreran lanaren nondik norakoak azaltzen dira, eta txostena egiten lagundu dutenei eskerrak emateko aukera ere ematen digu sarrera honek.
Hasierako orrian edo orrietan ere, aurkibidea jarriko dugu, irakurleak txostena osatzen duten atalak ikus ditzan.
Amaitzeko, txostenaren laburpena txertatuko dugu. Kontuan izango dugu, askok eta askok laburpen hau besterik ez dutela irakurriko, beraz, txostenaren datu eta ondorio nagusiak hemen bildu behar ditugu.