Plan de Informática y Telecomunicaciones 2006-2009 Informatika eta Telekomunikazio Plana
edukiak
Informazio Teknologietarako Estrategia
Informatika eta Telekomunikazio Planaren plangintza estrategikoa zehaztekotan, bere markoan aintzat hartzekoak eta aplikagarriak izan daitezkeen merkatu-joera teknologikoak aztertu dira. 2003-2005 ITP egin zenez geroztik teknologiak aurrera egin du eta honek, zalantza barik, eragina du hartu beharreko jarraibideen edukian eta orientazioan. Teknologien eboluzioari esker, eragileek eta hornitzaileek eskaintzen dituzten zerbitzuak egunera daitezke eta eguneratzeak Sailen eta Erakunde Autonomoen behar berriei hobeto erantzutea ahalbidetzen du.
Plan berri honek jarraikortasuna eman behar die aurreko ITParen estrategia-lerroei, haiek berrikusiz eta Euskadin Informatikaren eta Telekomunikazioen bilakaera erabakiko duten alderdi gakoak sendotuz. Era berean, eskainitako zerbitzuek elkarreragingarritasuna eta segurtasuna bermatzen dituen marko batean txertatu beharko dute, Europan erabakitako Administrazio Elektronikorako i2010 Ekintza Planaren estandarrekin bat etor daitezen. Plan honen xede nagusiak honakoak dira: Administrazio Elektronikotik abantailak azkar lortzea ahalbidetzea pertsonei eta enpresei; ziurtatzea administrazio honek ez duela eragozpen berririk sortzen, elkarreragingarritasunik eza dela eta, Estatuaren barne-merkatuan; eta Administrazio Elektronikoaren onurak Europar Batasun (EB) osora zabaltzea, eskalako ekonomiak sortzeko aukera emateko.
Ezarritako ereduari PLATEA iritzi zaio (e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa) eta zenbait osagai ditu; osagaiok, batera, Administrazio Elektronikoaren zerbitzuak emateko oinarrizko plataforma teknologikoa egiten dute, hots, euskarri teknologiko komuna, herritar eta enpresei zerbitzu telematikoak eskainiko dizkiena irizpide bateratuen arabera normalizatutako aplikazioen bitartez.
Elkarreragingarritasunaren helburuan sakontzearen beharra jakinik, PLATEA plataformaren eboluzioa ere hartu da aintzat, xedea dela bere sistema batzuen erabilera-eremua zabaltzea Euskal Administrazio Publikoen beste sare batzuetara (Euskal Administrazioaren erakundeak, Foru Aldundiak eta Udalerriak). Era horretara, zerbitzu digitaletako plataforma komuna sortuko da eta plataforma honek Estatuko Administrazioaren erakundeekiko operagarritasuna ezarriko du. Helburu hau lortzeko, ezinbestekoa izango da Eusko Jaurlaritzaren Administrazio Sare Korporatiboaren zenbait sistema banatzea, haiek moldatzeko eta orientatzeko estandar orokorragoen erabilerara.