Plan de Informática y Telecomunicaciones 2006-2009 Informatika eta Telekomunikazio Plana
edukiak
Sarrera
Euskal gizarteak, etengabe, azpiegitura teknologikoak, administrazioaren kudeaketa eta antolaketa eguneratzeko erronkari aurre egiten dio, Informatika eta Telekomunikazioen arloan dagoeneko izan diren eta datozen urteetan izango diren aurrerakuntzetara egokitzeko.
Komunikazio eta teknologia sistemen estrategia-plana zutabe nagusia da Euskal Administrazioaren modernizazioa eta eraldaketa gauzatuko badira, Estatuan jarraitzen ari diren joerekin eta Europar Batasunaren ildoekin bat etorriz, Administrazio Elektronikoa, Informazioaren, Komunikazioaren eta Jakintzaren Gizartea garatzea helburu. 2006-2009 Informatika eta Telekomunikazio Planaren oinarrizko printzipioak, estrategia-ildoak, xedeak eta jarduerak laburbiltzen eta erakusten ditu dokumentu honek. Guztiarekin ere, kontuan hartu behar da plan honetatik eratortzen diren eduki berritzaileak jadanik erabili izan direla 2006 eta 2007 urteetan.
2006-2009 ITP funtsezko tresna da informatikan eta telekomunikazioetan behar diren ekintzak bideratu eta aurrera eramateko. Jarduera hauek Jaurlaritzaren helburuak eta lehentasunak lortzeko bide ematen dute erabakitako politika-ildoak burutzeko orduan, eta Gobernugintza laguntzen dute era orekatu, orokor eta koherentean.
Aurkezten den Planak berrikuntzaren eta plangintza teknologikoaren aldeko politika sendo eta iraunkor baten babesa du. 1999. urtean, zegoeneko, 2000-2003 Informatika eta Telekomunikazio Plana idazteari ekin zion Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak, zenbait aurrekari aipagarriren orientabideen eta eraginaren bultzadaz. Plan hark Eusko Jaurlaritzaren Informatika eta Telekomunikazioei buruzko Politikaren estrategia-lerroak zehaztu zituen, eta ildo horien arabera hartu zituen arlo horretako erabakiak. Ondoren, Informazio eta Jakintzaren Gizartearen eraketa xedatu zen, Euskadiko bigarren ekonomia-eraldaketa nagusiaren hiru zutabeetako bat beharko zuena izan. 2002-2006 Euskadi Informazioaren Gizartean Plana (EIGP) erreferentziako markoa izan zen Euskadin Informazioaren Gizartea garatzeko. Besteak beste, Planak hainbat espazio zehazten zituen gizarte osoak eta, bereziki, Herri Administrazioak parte har zezaten. EIGPtik eratortzen ziren jardueren garrantziak, halaber informazioaren teknologien etengabeko eboluzioak eta beraiek erabiltzeko aukerek, plangintza eta estandarizazio lanei behin eta berriro erreparatzea aholkatzen zuten, beren eguneratzeak eta iraunkortasunak aldi oro jarraitze aldera.
Ondorioz, 2002. urtean, Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzak bidezkotzat jo zuen Eusko Jaurlaritzaren Informatika eta Telekomunikazio Plan berria egitea 2003-2005 aldirako. Plan hori 2004-2006ko Administrazio eta Gobernu Elektronikorako Plan Estrategikoarekin (AGEPE) koordinatuta garatu behar zen eta Administrazioa Eraberritzeko Bulegoaren Zuzendaritzak idaztekoa zen. Helburu nagusia Informazioaren eta Jakintzaren Gizartea eraikitzea zen, programa egokiak garatuz teknologia indartu eta Gizartearen eskura jartzeko, baita Administrazioa bera eraberritzeko ere. Hortaz, 2003-2005 Informatika eta Telekomunikazio Planaren egitekorik behinena Euskadiko Administrazio Orokorrak Intenet bidez eskainitako zerbitzuak hobetzea eta hedatzea izan zen. Horretarako, zerbitzu-atariaren elkarreraginak homogeneizatu, kanal anitzeko sarbidea eskaini eta tele-izapidetzea egiteko estrategia komuna ezarri zen. Lan honen guztiaren emaitza izan da gaur egungo plataforma teknologiko bateratua. Bere interfaze trinko eta batuari esker, herritarrek eta enpresaburuek Administrazioarekin hartu-emanak aise izateko kanal eta bide berriak dituzte. Hartara, zerbitzuen eta informazioaren trukea erraztu egiten da, Jaurlaritzako Sailen arteko lankidetza zabalagoa izan dadin.
Aurrekari hauetan oinarrituta, ezarritako lau estrategia-lerroak indartzea (Azpiegitura Teknologikoak, Administrazio Elektronikoa, Kudeaketaren Hobekuntza eta Antolaketa) egokitzat hartzen da. Horregatik, 2006-2009 Informatika eta Telekomunikazio Planak definitutako eredu hori hedatu egin behar du egungo sistemen integraziora eta zeharkako zerbitzu partekatuen sustapenera bildurik.
Era honetan, hasitako bideari ekiten jarraitzen dugu, azpiegituren berrikuntzan, Jakintzaren Gizartea eta aurrerakuntza teknologikoak Administrazioaren kudeaketan eta erabileran txertatzeko lanean, herritarrei eta enpresei zerbitzu hobea eta eraginkorragoa eskaintzeko xedez.