Artziniegako hiribildua 1272. urtean sortu zen. Aparteko kokalekuan dago, meseta Bizkaiko eta Kantabriako portuekin elkartzen zuten antzinako bideen gurutzean. Garrantzi estrategiko eta ekonomiko handieneko guneetakoa izan da Arabako iparraldeko lurretan.
Artziniegako alde zaharrak Erdi Aroko hiribilduaren ezaugarriak ditu. Muino baten gainean eraikia da, erliebearen baldintzez baliatuz, eta ekialdetik mendebalderantz bideratutako hiru kale nagusi ditu, kantoien bidez elkartuta: Goiko kalea, muturretako batean eliza duela, Erdiko kalea eta Beheko kalea.
Hala ere, aipagarriak dira XVII. eta XVIII. mendeetako eraikuntzak. Horien ondorioz, jauregi errenazentistak eta barrokoak eraiki ziren. Hiribildu honen tipologia bereizgarrietakoa XIX. mende amaierako jauregitxoak dira, bide publikoaren alboan patio lorategiduna dutenak. Interes historiko-arkitektonikoa duten eraikinen artean, aipatzekoak dira "Posta kaleko dorrea", XV. mendeko bigarren erdialdekoa,
Ortiz Molinillo de Velascotarren dorrea, XVI. mendekoa,
Agustindarren komentua, Manteano y Oribe Salazar antzinako dorrean, eta
Jasokundeko Andre Maria parrokia, XVIII. mendeko ohiko eraikuntza.
Bertan, Arteko Andre Mariaren santutegia ikus daiteke, 1498an eraikitako hiru nabetako eliza zabala, erdiko nabea alboetakoa baino altuagoa duela. Hala ere, badakigu haren orubean tenplu bat zegoela lehenago, duela gutxi egindako indusketa arkeologikoetan ikusi denez. Antzinatasun hori aipatzen zen jadanik, 1200 inguruan arte batean artzain-neska bati Ama Birjina ageri zitzaiola dioen elezaharrean.
Santutegi honek harrizko portiko bikaina dauka, aurrealdean harrizko lau arkurekin eta alboan beste batekin. Pilastren gainean hiribilduko armarriak daude, Austriako Etxearen armarri barroko handia inguratzen dutenak. Erretaula nagusia Euskal Herriko ederrenetakoa da eta trazeriako dekorazioa duen soingaineko zabala eta Ama Birjinaren eta Pasioaren omenezko ikonografia du. Andre Mari gotiko bat gordetzen da, XIII. mende amaieraren eta XIV.aren artekoa, eta antzinatasun handiko beste bat, behar bada Bizkaiko zaharrena. 1641ean hildako Kristobal de la Camara y Murga apezpikuaren hilobia dago.