Arabako kantauriar isurialdea: Ipar aldera begira

Arespalditza (Aiara)

Udaletxe

Arespalditzako udaletxea eta Jasokundearen eliza XVIII. mendeko eraikin barroko berean daude kokatuta. Eraikin horrek hiru multzo ditu: erdiko multzoa eta alboetako bi dorreak. Harlanduz itxitako erdiko multzoak ohiko eredu barrokoari jarraitzen dio. Eskuinaldeko dorrea, eraikuntzaren gainerakoaren aurrekoa, parrokiako dorrea da, udaletxea berari atxikita dago eta beste dorrerako eredu izan zen. Tenplua oinplano laukizuzenekoa da eta gurutze latindarraren itxura ematen duten alboko kaperak ditu. Dekoraziorik gabeko bataiarria du, 1631koa, eta Erdi Aroko bi hilobi eta XVIII. mendeko barrokoko erretaula nagusia gordetzen ditu. Alboetako erretaulak ere barrokoak dira, Andre Maria Arrosariokoaren eta Pietatearen omenez eginak. Tenplurako sarbidea, portikoaren azpitik, arku zorrotza da eta bolekin eta landare-dekorazioarekin apaindutako arkiboltak ditu. Arkiboltak gurutzelkartuz dekoratutako zutabeetan eusten dira. Kanpandegia udaletxeko dorrea da eta, aldi berean, Arespalditzako elizaren atzealdeko fatxada ere.

Galeria fotografikoa: