Arabako kantauriar isurialdea: Ipar aldera begira

Kexaa (Aiara)

Ayala etxe jauregia

Kexaa, Aiaratarren Etxearen sorleku, Erdi Aroko kutsuko multzo interesgarria da eta edertasun handiko inguruan dago kokatuta. Alde batetik eraikuntza zibila du, jauregia eta dorrea, eta bestetik Domingotarren eliza eta komentua. Aiarako oinetxea gotikoa da, XIV. mendekoa, eta erdiko patio handiaren inguruan egituratzen da. Sarbidearen eta fatxada nagusiaren alboetan bi dorre ditu. Gaur egun Kexaako museoaren egoitza den jauregitik fatxada nagusiaren hondarrak geratzen dira, hala nola, dorrearen aztarnak, hormaren kanpoaldean Erdi Aroko elementu batzuk eta arku zorrotzak dituzten zenbait bao patioaren barrualdean. Jauregiko fatxadaren hondarrak kanpoaldetik ikus daitezke, komentuko elizaren burualdearen eskuinaldean. Fatxada hori hormarrizkoa da, bi oin ditu eta kare-harrizko bi dobelez osatutako arku zorrotzeko errematedun ate nagusia dauka.

Galeria fotografikoa: