Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema

Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema informazioaren integrazio, kontsulta eta analisirako lanabesa da. Lanabes honek datuen berrerabilpena eta pertsona eta erakundeen arteko elkarlana ahalbidetzen du.

Sistema hiru motatako elementuekin dago egituratuta (NATURA objektuak). Horri laugarren bat (erakundeak) gehitu behar zaio, eta elementu horrengan oinarritzen da NATURA objektuen katalogazioa, sailkapena eta taldekatzea:

  • Espezieak: informazio bat esleitzen zaion edozein taxon (edozein maila taxonomikotakoa: generoa, espeziea, azpiespeziea, barietatea, etab.).
  • Habitatak: informazio bat esleitzen zaion Habitaten, Ekosistemen edo Landarediaren Sailkapen Sistema bateko edozein kategoria (mailakatze hierarkiko bateko edozein mailatakoa)
  • Lekuak: informazio bat esleitzen zaion edozein mugaketa geografiko. Leku babestuak edo naturaren ikuspegitik edonolako interesa duten lekuak izan daitezke.
  • Erakundeak: Natura objektuak esparru ezberdinetan (antolakuntzakoak, zuzenbidekoak, geografikoak, etab.) kokatzea ahalbidetzen duten sailkatze, taldekatze edo hierarkizazioak, zeintzuek informazio gehigarria ematen dioten objektuari. Adibidez, lekuen babeserako markoak (Natura 2000 sarea), Babestutako Eremu Naturalak…), habitatak sailkatzeko sistemak (Habitat Zuzentaraua, EUNIS…), espezieen babeserako lanabes eta kategoriak (espezie mehatxatuen Katalogoa, Zerrenda gorriak, …), eta abar.

Modulu osagarriak:

  • Erreferentziak: aurretik aipaturiko elementu bati edo gehiagori lotu dakiokeen eta dokumentu edo web orrietan bilduta dagoen informazioa.
  • Kartografia: GeoEuskadi bisorearen bitartez elementu bakoitzarekin erlazionaturik dagoen informazio geografikoaren bistaratzea.
  • Multimedia: objektu bakoitzarekin erlazionaturiko irudi, audio eta bideoak.
  • Adierazleak: egitura hierarkikoetan txertatuta dauden eta edozein NATURA objekturi lotu dakizkiokeen jarraipenerako eta ebaluaketarako adierazleak.
  • Behaketak: taxon bat naturan berariaz agertzearekin erlazionaturik dauden datuak. Zitak erakunde bati dagozkion datu bilduma/multzotan taldekatzen dira. Gainera, "nork, zer, non, noiz eta nola" galderei erantzuten dieten metadatuei lotuta daude.
  • Ezagutza-sarea: Sistemari datuak ematen dizkioten pertsonak edo elkarteak. Sareko kide bakoitzak atari pertsonalizatua izan dezake.

Sistema berriaren 2. fasean modulu berriak garatzen ari dira:

  • Kontserbazio-neurriak
  • Kontserbazio-egoeraren ebaluazioa

Harremanak:

Askotariko parte-hartzaileek osatutako lankidetza-sare batetik datorren informazioa integratzeko, beharrezkoa da hizkuntza komun bat erabiltzea datuak eta ezagutza deskribatzeko, erregistratzeko eta egituratzeko.

GBIF — Biodibertsitateari buruzko Informazioaren Munduko Azpiegitura — (leiho berri batean irekitzen da) nazioarteko erakunde bat da, mundu osoko gobernuek finantzatutako ikerketa-sarea, edonori, edonon, Lurrean dagoen edozein bizimodu motari buruzko datuetarako sarbide irekia eta doakoa ematen duena. Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sisteman erabiltzen diren eremu gehienak GBIFek erabiltzen dituen estandarretan oinarritzen dira: Plinian Core (leiho berri batean irekitzen da), espezieen gaineko informazioa trukatzeko, eta Darwin Core (leiho berri batean irekitzen da), iturri desberdin eta aldakorretatik datozen biodibertsitate-datuak biltzeko.

Plinian Core taxon baten ezaugarriei buruzko -biologikoak edo ez- hainbat alderdi deskribatzeko erabil daitekeen kontzeptu multzo bat da. Horrela, adibidez, deskribapen biologikoei, lege-alderdiei, kontserbazioari, kudeaketari, demografiari, nomenklaturari edo lotutako baliabideei buruzko terminoak sar daitezke.

Darwin Core nazioarteko TDWG (Biodiversity Information Standards) erakundeak garatu eta sustatutako estandar multzo bat da, eta espezieen presentziari/ez egoteari buruzko informazioa modu errazean dokumentatzeko eta partekatzeko erabiltzen da, dela landa-eremuan, dela museo baten bilduman.

Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sisteman, halaber, Europako Ingurumen Agentziaren EIONET sareak garatutako hiztegiak (leiho berri batean irekitzen da) erabiltzen ditugu, Europar Batasunaren informazio-betebeharrei erantzuteko.