Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Azpitek 2025: Ikerketa Azpiegiturak Eskuratzeko Laguntzen programa.

Deskribapena


Xedea

Agindu honen xedea da 2025eko ekitaldian eman beharreko laguntza-programa bat arautzea, I+G+b garatzeko beharrezkoa den ikerketa-azpiegitura eta ekipamendua eskuratu, instalatu eta eguneratzeko, eta etorkizunean haren emaitzak baliozkotzeko eta demostratzeko. Entitate zientifiko-teknologikoek egingo dute, hau da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean akreditaturik dauden foku anitzeko zentro teknologikoek. Hori guztia emaitzen kalitatea eta emaitzen eragin zientifiko-teknologikoa, ekonomikoa eta soziala hobetzera bideratuta dago.

Aurrekontuko zuzkidura

9.000.000 €

Prestazio ekonomikoa

Diruz laguntzeko moduko proiektuak

Diruz lagundu ahal izango dira ikerketa-azpiegitura eta -ekipamendua eskuratzeko, instalatzeko eta eguneratzeko jarduketak, barnean direla eraikinak eraikitzeko, birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibila eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jardueretan erabilitako altzariak, baita etorkizunean haien emaitzak baliozkotzea eta demostratzea ere.

Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa-azpiegitura eta ekipamendua hau dela ulertzen da: I+G+b jarduerak garatzeko behar diren baliabide fisikoak (ekipoak) eta instalazioak (behar diren baliabide fisikoak dituen barrutia), baita etorkizunean haien emaitzak baliozkotzea eta demostratzea ere. Ekipamendu hori ekipo bakar bat izan daiteke, edo instalazio bat edo ekipo-multzo bat –espazio bakar bat edo helburu jakin bat hornitzeko–; era berean, ekipamendua zertarako erosten den, helburu hori bete ahal izateko beharrezkoak diren aldaketak, gehigarriak, osagarriak edo aparatu laguntzaileak barne hartu ahal izango ditu.

Deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira 2025etik 2026ko urriaren 31ra bitartean garatutako proiektuak, edo onartutako egikaritze-epea luzatu arte garatutakoak, dagokion geroratzea eskatu ondoren.

Programa honetako dirulaguntzak jarduera ekonomikoak nahiz ez-ekonomikoak finantzatzeko erabil daitezke, denak ere Batzordearen komunikazio honetan ezarritako baldintzetan ulertuta: ‘Ikerketa, garapen eta berrikuntzarako estatu-laguntzei buruzko esparrua’, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratua 2022ko urriaren 28an (2022/C 414/01).

Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak eta ez-ekonomikoak garatzen baditu, jarduera-mota bakoitzaren finantzaketa, kostuak eta diru-sarrerak bereiz kontsignatuko dira, koherentziaz aplikatutako kostuen kontabilitate-printzipioak, objektibotasunez justifikatu daitezkeenak, oinarri hartuta.

Ikerketa-azpiegitura batek jarduera ekonomikoak garatzen dituenean:

a) Azpiegituren jarduera edo erabileragatik kobratutako prezioa merkatuko prezioa izango da.

b) Hainbat erabiltzailek erabili ahal izango dituzte azpiegiturak, eta erabiltzeko baimena gardentasunez eta modu ez-diskriminatzailean emango dute. Azpiegituraren inbertsio-kostuen % 10 gutxienez finantzatu duten enpresek lehentasunez erabiltzeko onura izango dute, baita horretarako baldintza hobeak ere. Gehiegizko konpentsazioa saihestearren, enpresak inbertsio-kostuei egindako ekarpenaren araberakoa izango da erabilera, eta baldintzak jendaurrean ezagutaraziko dituzte.

c) Kategorien araberako Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 6. artikuluan ezarritakoa betez, jarduera ekonomikoak finantzatzera bideratutako laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, diruz lagundu daitezkeen jarduerak laguntza-programan eskabidea aurkeztu ondoren hasi beharko dira.

Nori dago zuzenduta


Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean (ZTBES) egiaztatuta dauden foku anitzeko zentro teknologikoak.

Betekizunak (Erakunde onuradunak)

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea osatzen duten eragile zientifiko-teknologikoak izan daitezke agindu honetako laguntzen onuradun, baldin eta horretarako foku anitzeko zentro teknologikoen kategorian akreditatuta badaude, bat etorriz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen osaera arautu eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan, haren xedapen iragankorretan edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoarekin.

Dena den, aurreko paragrafoan adierazitako entitate onuradunek berek burutu beharko dituzte araudi honetan ezarritako jarduera diruz lagungarriak, eta EAEren lurraldean kokatu beharko dituzte laguntza jasotzen duten proiektuak.

Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden eskatzaileak. Hona hemen egoera horiek:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin ez izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daudela honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak —indarreko xedapenek ezartzen dituztenak— ez izatea arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik.

f)  Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren baldintzetan.

h)  Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera arau-hauste astun edo oso astun batengatik eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru dauden pertsonak edo beste egoera batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

Ezingo dira inola ere lege honetan erregulatutako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuren bat jaso duten elkarteak.

Ezingo dira onuradun izan krisialdian dauden enpresa eta entitateak, bat etorriz Batzordeak komunikazioaz duen definizioarekin: ‘Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Jarraibideak’ (2014/C 249/01).

Europar Batasuneko Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten entitateak ezin izango dira onuradun izan.

Entitate eskatzaileek, frogatzeko ez daudela aurrez adierazitako debekuren batean sartuta, erantzukizunpeko adierazpena egin beharko dute, e) letran jasotakoa frogatzeko izan ezik, hori 10. artikuluan adierazitako moduan egiaztatuko baita. Zinpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datuen eta informazioaren funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, eragindako eskubidea edo jarduera bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, hargatik eragotzi gabe horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Betekizunak

  • Dokumentazioa aurkeztea (jarraibideak)

Erakundeak


Deitzen duen erakundea

  • Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna > Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailburua

Ebazten duen erakundea

  • Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna > Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Sailburuordetza

Kontaktu-informazioa


EUSKO JAURLARITZA

  • Iker Azqueta

i-azqueta@euskadi.eus

945 01 82 03

  • Igor Cuesta

i-cuesta@euskadi.eus

945 01 82 61

SPRI

  • Amaia Martinez

amaiamartinez@spri.eus

94 403 70 79

Kodea

1110705

Eskabidea eta dokumentazioa aurkeztea


Eskabidea

Eskabideak aurkezteko epea 2025eko uztailaren 28an amaituko da, eta deialdia egiteko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Eskabideak aurkezteko prozeduraren indarraldia:

Hasiera: 2025/06/26
Amaiera: 2025/07/28


Eskabidea egoitza elektronikoan eskuratu eta beteko da.

Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta ere, «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:       

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko ditu laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

  1. Bete itzazu eskatutako inprimakiak, inprimakirik badago.
  2. Presta ezazu eskatutako dokumentazioa formatu digitalean.
  3. Sartu zaitez tramitazio elektronikorako aplikaziora. Identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan behar duzu.

Ebazpena eta errekurtsoak


Ebazteko epea

6 hilabete laguntzen deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Diru-laguntza emateko modua

Lehiaketa

Isilbidearen ondorioak

Gaitzetsiak

Beste tramite batzuk