Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

% 137 gehitu da Eusko Jaurlaritzarekiko kudeaketak egiteko Nire karpeta zerbitzua erabiltzen dutenen kopurua

Nire karpeta

egilea: Pegip 2020, 

Urriaren 31ra arte bildutako datuen arabera, Eusko Jaurlaritzarekiko tramite eta gestioen jarraipena egitea ahalbidetzen duen Nire karpeta aplikazioa ia milioi erdi pertsonak erabili dute 2020an, eta kopuru horrek % 137ko hazkundea ekarri du aurreko urtearekin alderatuta.

Urteko azken bi hilabeteetako estatistikak oraindik zenbatu gabe dauden arren, bisita-kopuruaren igoera ere oso nabarmena izan da. 2019an izandako geldialdi arinaren ondoren, bisitak % 8 baino ez baitziren hazi, aurtengo bisita-kopurua % 75 ere gehitu da. Praktikan, horrek esan nahi du 2 milioi eta erdi bisita baino zertxobait gehiago izan direla.

Covid-19ak eragindako osasun-krisia da hazkunde honen arrazoi nagusietako bat. Alarma-egoera aldarrikatu zuen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaz geroztik, “Nire karpeta”ren erabilera dexente gehitu zen ondorengo hilabeteetan, maiatzean eta abuztuan izan ezik. Erregistratutako azken bi hilabeteetan (irailean eta urrian), ia-ia bikoiztu dira bisitak eta erabiltzaile-kopuruak, pandemia hasi aurreko hilabeteekin (urtarrila eta otsaila) alderatuta. Online tramitazioaren gorakadak, ERTE eta laguntzen kudeaketa barne, emaitza hori lortzen lagundu du, zalantza izpirik gabe.

Jarraian, hazkunde hori argi eta garbi islatzen duten datuak bildu ditugu, “Nire karpeta” atalera egindako bisitei buruzko barne-txosten batetik aterata:

“Nire karpeta” deritzon herritarren karpeta-zerbitzua, herritarrek zein erakundeek Eusko Jaurlaritzarekiko harremanetan erabil dezaketen eremu pertsonalizatua da. Blog honetan bertan azaldu dugunez, 2018an abiarazi zen, Eusko Jaurlaritzarekiko harremanak hobetzeko asmoz. Berez, euskadi.eus atarian txertatuta zegoen “Nire kudeaketak” atalaren eboluzioa da, baita PEGIP 2020 Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoan finkatutako herritarrekiko harremanei buruzko 3. ardatz estrategikoko 3.5 proiektua ere.

“Nire Karpetak”, honako funtzionalitate hauek ditu:

  • Uneko espedienteak edo amaitutakoak kontsultatzea.
  • Jakinarazpenak eta komunikazioak jasotzea. Irakurtzeko zain dauden jakinarazpenetara joan zaitezke, baita jadanik jasotakoetara edo uko egindakoetara ere.
  • Egindako eta egin gabeko ordainketak kontsultatzea. Egin gabeko ordainketen kasuan, ordainketa-pasabidera joateko aukera dago, ordainketa online egiteko.
  • Ziurtagiriak kontsultatzea.

Ondoko gidan, Eusko Jaurlaritzaren “Nire karpeta” zerbitzuaren erabilerari buruzko informazio guztia eskura daiteke.