Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

OGP Euskadiko Integritatearen Euskal Sistemako lantaldea martxan jarri da

OGP Euskadiko 2018-2020ko Ekintza Planeko ?5. konpromisoa. Integritatearen Euskal Sistema? garatzeko lantaldearen bilera Gipuzkoako Aldundiaren Jauregian

egilea: Iñaki Ortiz, 

Joan den astelehenean, urriaren 15a, OGP Euskadiko 2018-2020ko Ekintza Planeko “5. konpromisoa. Integritatearen Euskal Sistema” garatzeko lantaldea eratu da Gipuzkoako Aldundiaren Jauregian.

Talde honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lidergotzapean, OGP Euskadi proiektua sustatzen duten euskal erakundeek (udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, Innobasqueren lankidetzarekin) eta herritarrek parte hartzen dute.

Taldea eratzeko lehenengo bilera honetan, labur azaldu da zer diren OGP Euskadi, 2018-2020ko Ekintza Plana eta hartutako 5 konpromisoak; taldearen eta bere partaideen eginkizunak eta konpromisoak azaldu dira; Gipuzkoako Foru Aldundiaren hasierako planteamendua partekatu da; eta taldean parte hartzen duten kide batzuen hasierako irudipenak komentatu dira. Era berean, taldeko kideen arteko komunikaziorako eta lanerako metodologia adostu da, eta lan-egutegi bat proposatu da. Egutegi hori hurrengo egunetan berrikusiko da, bere lehen faseetan dagoen aldian (gutxienez).

Gipuzkoako Foru Aldundia da talde honen liderra. Izan ere, esperientzia garrantzitsua dauka integritatearen arloan, Erakundearen Zuzentasun Sistema handizalea prestatu eta garatu baitu, tartean hainbat jarrera-kode onartuta: goi-mailako karguak, enplegu publikoa, kontratazioa, eta laguntzak eta diru-laguntzak. Kode hauek ez dira balio eta jardunbide onen aitorpen hutsa; aitzitik, erakundearen zuzentasuna hedatu eta prebenitzeko sistemak jasotzen dituzte, bai eta horiek bermatu, jarraipena egin eta ebaluatzeko tresnak garatu ere.

Hau da, konpromiso honi ekiteko orduan ez gara hutsetik abiatuko, EAEko hainbat administraziok esperientzia baitaukate eremu honetan. Aipatzekoak dira, horren harira, Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordea; Bizkaiko Foru Aldundiaren integritate publikoa hobetzearen aldeko konpromisoak, bere Gobernu Irekiaren Estrategiaren baitan; kargu publikoen Etika eta Gobernu Onaren Kodea; Arabako Foru Aldundiko Etika Publikoko Batzordea; Gipuzkoako Foru Aldundiko aipatu Zuzentasun Sistema; eta EAEko udalek sustatutako hainbat ekimen, tartean Gobernantzaren arloko Europako bikaintasuneko zigiluaren (ELoGE) proiektu pilotua, bertan parte hartzen dutelarik EAEko bederatzi udalek, EUDELekin batera.

Lantalde honek ezarri duen lehenengo zereginetako bat da, hain zuzen ere, EAEn erakundeen integritatearen arloan dauden jardunbide berritzaileak mapatzea, baita estatu-mailako, Europako eta nazioarteko esanguratsuenak ere, erreferentziatzat erabil baitaitezke Integritatearen Euskal Sistema zehazteko orduan.

Hori dela eta, post hau irakurtzen ari bazara eta arlo honetako jardunbide onik ezagutzen baduzu, mesedez jakinaraz iezaguzu, nola zuzenean, hau da, post honetan iruzkin bat eginez, hala Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzarekin (DACIMA) harremanetan jartzeko edozein bitarteko erabilita.

Lankidetza-ildo horretan bertan, Integritatearen Euskal Sistema honek eduki beharko lukeen edukiari eta irismenari buruzko edozein ohar, iradokizun edo proposamen eskertuko dugu, helburua guztiona eta guztiontzat izatea baita. Sistema egiteko metodologia partaidea bera ere erakundearen eredugarritasunaren faktore izan behar da, proiektuak arrakasta izan dezan.