Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

ARAU-ESPARRUA

ERABAKIA, 2014ko EKAINAREN 17koa, JAURLARITZAREN KONTSEILUARENA, BERRIKUNTZA PUBLIKOARI BURUZKOA

Erabakia, 2014ko ekainaren 17koa, Jaurlaritzaren Kontseiluarena (PDF, 100 KB), BERRIKUNTZA PUBLIKOAREN PLANA -2014-2016- ONARTZEKO DENA

ERABAKIA, 2014ko URRIAREN 14koa, JAURLARITZAREN KONTSEILUARENA, AURRERABIDERI BURUZKOA

Erabakia, Eusko Jaurlaritzaren Kudeaketa Publiko Aurreratuaren Eredua eta hura ezartzeko oinarrizko prestakuntza- eta laguntza-proiektua onartzekoa, Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016ko Berrikuntza Publikoaren Planaren 4. ardatz estrategikoa ("Kudeaketaren hobekuntza”) garatuz

GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, EBALUAZIOEI, SENDOTZEKO ETA HOBETZEKO PLANEI ETA LANKIDEEN SAREARI BURUZKOA (2016-06-07)

Gobernu Kontseiluaren Erabakia, zeinaren bitartez onartu egiten baita kudeaketa-ebaluazioak eta sendotzeko eta hobetzeko planak egiteko eredua, eta kudeaketa hobetzearen arloko lankideen sarea sortzeko eredua (PDF, 171 KB), Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Publikoaren 2014-2016 Planaren 4. ardatz estrategikoa garatuz (“kudeaketa hobetzea”).

EUSKAL SEKTORE PUBLIKOAREN ANTOLAMENDU ETA FUNTZIONAMENDUAREN LEGE-PROIEKTUA

Euskal Sektore Publikoaren Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko lege-proiektua, Gobernu Kontseiluak 2015eko azaroaren 10ean onartua. V. TITULUA: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren funtzionamendua, herritarren zerbitzura jarduteko. II. kapitulua: Kudeaketa- eta ebaluazio-sistemak; gure administrazioan kudeaketa publiko aurreratuaren sistemen ezarpena egituratzen duten bi artikulu daude:

V. TITULUA: Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren funtzionamendua, herritarren zerbitzura jarduteko.

66. artikulua. Antolamendu-unitateetan kudeaketa publiko aurreraturako sistemak ezartzea

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere antolamenduaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoaren efikazia eta efizientzia bultzatuko du, gizartearentzat balio publikoa sortzen laguntzen duten kudeaketa publiko aurreraturako sistemen ezarpena orokortuz. Horretarako:

  1. Plangintza estrategiko eta operatiboak egin beharko dira. Plangintza horiek erreferentziatzat hartu behar dute Gobernu Plana hedatu eta bete behar dela, argi eta garbi adierazi behar dituzte erronka dakarten baina lorgarriak diren helburuak, eta segimendu eta ebaluaziorako adierazleak eduki beharko dituzte, arduradun politiko eta teknikoek erabakiak egintzekin eta datuekin hartu ahal izateko.
  2. Zerbitzuek herritarrei eta hartzailetzat dituzten pertsona eta erakundeei behar bezala erantzuteko, zehaztu egin beharko da zerbitzu horiek nola garatuko eta kudeatuko diren prozesuen bidez. Horretarako, herritarrek izan ohi dituzten beharrizanak eta zer espero duten identifikatu behar da, haien kexa eta iradokizunei erantzun behar zaie, haien eskaerei erantzun egokia eman behar zaie, haien ikuspegia sartu behar da eskainitako politika eta zerbitzuen hobekuntzan, eta haien parte-hartze aktiborako mekanismoak bultzatu behar dira.
  3. Enplegatu publikoei kudeaketan parte hartzeko adorea ematen dieten tresnak ezarri behar dira, haien konpromisoa indartzeko baldintzak sortuz eta liderren jokabidea eta gaitasunak zehaztuz.
  4. Erronka publiko berriei erantzun eta proposamen berritzaileekin aurre egiten laguntzeko truke- eta ikaskuntza-testuinguruak sortu behar dira, erakundeko eta kanpoko beste talde interesgarrietako pertsonen sormena sartuz, berrikuntza etengabea eta sistematikoa izan dadin.
  5. Agente anitzeko kontzertaziorako bideak jarri behar dira, agenteen artean herritarrak ere sartuz. Aliantzak sortzen eta ekimen publikoa eta pribatua inplikatzen lagundu behar du horrek, gure gizartearen beharrizan eta arazo konplexuei erantzuteko eta oraingo eta etorkizuneko belaunaldientzat aukerak sortzeko daukagun gaitasuna handitzeko.
  6. Mekanismoak jarri behar dira emaitzak ebaluatzeko eta emaitza esanguratsuenak modu eskuragarrian argitaratzeko eta, horretaz gain, herritarrek emaitza horietaz duten pertzepzioa sartzeko aurreikuspena egin behar da.

67. artikulua. Antolamendu-unitateen kudeaketaren ebaluazioa

  1. Antolamendu-unitateen jarduera ebaluatuko da, kudeaketa publiko aurreraturako sistemen ezarpen-maila ezagutzeko eta, bereziki, Gobernu Planean zehaztutako politika publikoekin zenbateraino lerrokatzen diren eta herritarrek eta zerbitzuen beste erabiltzaile posibleek unitate horien jarduerarekiko eta kudeaketarekiko duten gogobetetasun-maila zein den jakiteko.
  2. Ebaluazioaren helburua unitateen jarduera baloratzea eta hobetu daitezkeen alorrak antzematea izango da, unitateak hurrengo hobetze-planetan konprometitu ahal izan daitezen.
  3. Ebaluazioa egiteko, unitateen arteko konparazioa ahalbidetzen duten eta haien bilakaera errazten duten ereduak erabiliko dira.
  4. Gardentasuna eta etengabeko hobekuntza lortzeko, herritarrei zerbitzuak edo zuzeneko prestazioak ematen dizkieten administrazio-unitateek zerbitzu-mailako konpromisoak landu eta argitaratuko dituzte, eta horietan bilduko dituzte politika jakinen edo horien hedapenaren arabera erabiltzaile-talde jakinei dagozkien eskubide guztiak.
Azken aldaketako data: 2017/01/10