- Transferentzia honi esker, portuaren eta Elantxobeko udalerriaren benetako beharretara egokitutako kudeaketa hurbilagoa eta arinagoa izango da
- “Eskualdaketa honekin, eraginkorragoa eta pertsonen zerbitzura dagoen eredua bermatzen dugu”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak
Eusko Jaurlaritzak Elantxobeko kirol-portuaren kudeaketa Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeari esleitzen dion dekretua onartu du, portua ustiatu eta kudeatzeko beharrezko baliabideekin batera. Erabaki honekin, Imanol Pradalesen gobernuak urrats bat gehiago ematen du euskal kirol eta aisialdi portu guztien kudeaketa EKP bezalako erakunde espezializatu bakar baten baitan biltzeko prozesuan.
Kudeaketa Euskadiko Kirol Portuetara transferitzeak erabakiak hartzeko eta Elantxobeko portuaren behar espezifikoei erantzuteko hurbiltasun handiagoa ekarriko du. Kirol-portuetan eskarmentua duen eta bertan presentzia zuzena duen erakunde batean integratuta, erabiltzaileen eskaerei erantzuteko gaitasuna indartuko da, mantentze-lanak arinduko dira eta itsas erabilerak eta tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko hobekuntzen plangintza erraztuko da. Hurbiltasun horrek udalerriko eguneroko errealitatera egokitutako funtzionamendu eraginkorragoa ahalbidetuko du.
“EKPk Elantxobeko portua kudeatzeak eredua hurbilago eta eraginkorrago baterantz aurrera egitea dakar, herritar eta erabiltzaileen beharretara egokitua. Eskualdaketa honekin arreta zuzenagoa, mantentze-lan arinagoa eta portuaren eguneroko errealitateari erantzuten dioten hobekuntza-plangintzak bermatzen ditugu. Gure konpromezua argia da: kostaldearen kudeaketa hobea eta pertsonen zerbitzura dagoena”, azpimarratu du Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.
Orain arte, Elantxobeko kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko Litoralaren Garapena, Portuak eta Itsas Gaiak Zuzendaritzari zegokion. Dekretu berriarekin, EKPk osorik hartuko ditu bai instalazioen antolaketa, bai kirol-portuko zerbitzu publikoaren prestazioa, 2022an kudeaketa transferitu zitzaion Lekeitioko portuan aplikatu zen eredua jarraituz.
Eskualdatzen diren baliabideak eta zerbitzuak
Transferentzia honekin, EKPk 72 kaiko plaza eta 108 amarraleku hartuko ditu bere gain, baita dagokion portu-tasen izapidetzea eta kudeaketa ere. Eskualdaketan barne daude erabilera nautiko-errekreratiborako esleituriko portu jabetza publikoko azalerak eta ondasunak. Horrela, EKPk kirol-eremuko portuaren kudeaketa, antolamendu eta mantentze lanetako eskumen guztiak bere gain hartuko ditu.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)