Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Audiolibururik mailegatuenak

Argitalpen-data: 

Uda heltzear dagoen une honetan liburuen maileguek gora egiten dute. Eguraldi onarekin bat, aisiarako denbora ere luzatzen da eta epe polita izaten da liburuez gozatzeko. Oraingo honetan, bestelako proposamen batekin gatozkizu. Izan ere, audioliburuak aukera ezin hobea dira udan erabiltzeko. Gure erabiltzaileek jakin badakite, horregatik gero eta gehiago mailegatzen dira.

Pantailak eta orriak alde batera utziz, historio polit bat entzuteko unea da. Bidaia luze bat arindu dezakete, edo bakarrik paseo luze bat ematen duzun bitartean konpainia ematen dute. Gidatzen duzun bitartean edo sukaldean zure platerrik gozoena egiten ari zauden bitartean jarri dezakezu. Batzuetan, begiak itxi eta histoio polit bat entzutea da planik hoberema. Hemen dituzu iradokizun batzuk, hauek baitira urte honetan gehien mailegatu ditugu audioliburuak:

Miñan (2019, Susa). Amets Arzallus Ibrahima Balde migratuarekin idatzitako eleberriak aparteko kritikak jaso ditu. Bertan, Afrikatik Europarako bidea era hunkigarrian jorratzen da. Ibrahima kamioi batean zebilen lanean Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu. Nobela honek Zilarrezko Euskadi Saria eskuratu zuen 2020an. 2021ean, Timberlake Wertenbaker idazleak ingelesera egin zuen Little brother itzulpenari English PEN ("Poets, Essayists and Novelists") elkartearen itzulpen saria eman zioten. Gogoratu behar da Aita santuak berak "Miñan" liburua gomendatu ziela zenbait kazetariri. Frantzisko Aita santua Maltan zela, errefuxiatuentzako harrera zentroak bisitatu zituen. Bueltako bidaiari lotu aurretik eginiko hizketaldian, adierazi zuen Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen liburuak ederki jasotzen duela auzia eta hura irakurtzera animatu zien.

Aitaren Etxea (2019, Elkar). Karmele Jaiok Euskadi Literatura Saria jaso zuen 2020an lan honengatik. Blokeatuta dago Ismael, bere nobela berriarekin aurrera egin ezinik, argitaletxetik deika eta epea gogoratzen ari zaizkion arren. Gauzak okertu egingo dira, gainera, bere amak istripu bat izan duela-eta, aita zaharraz arduratu behar duenean. Jasone da senarraren idazlanen lehenengo irakurle eta zuzentzailea gaztetan idazle izana, gero utzi ziona, baina azken urtean, gauetan ordenagailuaren aurrean, sekretuan berriz sortzen hasi dena. Emazteak idatzitako horretan topatuko ote du Ismaelek azkenaldian aurkitu ezin duen ahotsa? Ala bere baitan arakatu beharko du, ez dakien sekretu hori deskubritzeko? Maskulinitatea eraikitzeko eta transmititzeko moduez eta orokorrean generoak emakume eta gizonen bizitzetan duen eragin itzelaz ari da Karmele Jaioren eleberria. Baita familietan sortzen diren isiltasun esanguratsuez ere. Bere nobela anbiziotsu eta ausartena burutu du Jaiok, lurralde ezezagun batean barneratuz eta bertatik arrakastaz itzuliz. Guztira 5 orduko iraupeneko audioa da, Monika Erdoziak lokutatuta.

Hezurren Erretura (2019, Susa). Miren Agur Meaberen ipuin edo narrazio labur bilduma. "Herenegun umea zena, neska izan zen atzo, eta helduaro betean da orain. Oroitzapenetan —eskola-egunetan, familia giroan, jolasetan...— bilatu ditu bere nortasunaren lorratzak. Onartzen ditu denboraren joanak emandako gal-irabaziak. Badaki bereizten bizitzari zer eskatu eta zer ez. Babak eltzetik ateratzen ikasi du. Bere egin du falta direnen ausentzia. Ez du sinesten amodioaren balio absolutuan, nahiz eta azken aukera eman maite-kontuei. Ezagun zaizkio beste andre batzuen irrikak eta beldurrak. Ez du galdu ironiaren ufada. Eta bakardadeak eman dio hazten jarraitzeko azken bultzada. Aldian-aldian erretura egin beharra gertatzen zaigu, haizea zainduta, onuragarria behar lukeena kalterako izan ez dadin. Horretan dihardu hogeita bat narrazio hauetako protagonistak ere, idazketaren bidez erretzen bizitzan pilatutako hezurrak: zor-hartzekoak, azertuak, akatsak, pauso legitimo nahiz ilegitimoak. Idaztea erretzea delako. Errekuntza errituala, jakina: ezein idazkuntzak ezin du bizitza erre.

Con esto y un bizcocho (2021, Maeva) Amara Castroren gainditze-istorio bat, non maitasuna eta adiskidetasuna Nogueira familiaren sekretuekin elkartzen diren. «Con esto y un bizcocho, hasta mañana a las ocho» esaldia esaten du Morales doktoreak, Mariana Nogueira iraganeko mamuei aurre egiteko joaten den psikologoa. Nahiz eta bizitza independentea izan eta Madrilen bizi, bere familiaren etxera itzuli berri da auto istripu bateangatik. Baina zauri fisikoak baino askoz okerragoak dira zauri psikologikoak, autoa gidatzen ari zen gaztea hil egin baitzen, eta bera oso errudun sentitzen da. Honela, errekuperazio bide luze bat hasten da.

Esperando el Diluvio (2024, Planeta) Dolores Redondoren beste thriller bikain bat. Kasu honetan, benetako gertakarietan oinarritutako eleberri berri honekin, joan den mendeko ekaitz handienetako baten epizentrora garamatza, eta, aldi berean, politika eta gizarte arloan garrantzitsua den garai bat erretratatzen du. Lanaren kulturari egindako omenaldia da, nostalgiaz betea, irratia munduari eta, batez ere, musikari irekitako leiho bakanetakoa zen garai batean. Eta koadrilen adiskidetasunari eta maitasun istorioei egindako kantua ere bada.