Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Berrikuntza, identitatea eta jasangarritasuna, ardoaren munduko gakoak Talentu Gazteen arabera

Argitalpen-data: 


      Encuentro_Vino-156.jpg

Berrikuntza, identitatea, jasangarritasuna, lurraldea, ekintzailetza eta belaunaldien arteko errelebua dira ardoaren arloko profesional gazteek Basque Culinary Center-en egindako jardunaldi batean sektoreari buruzko ikuspegiak partekatzeko hausnartu dituzten gaietako batzuk. Topaketa EDA Drinks and Wine proiektuaren barnean kokatzen da, ardoaren eta edarien sektorea eraldatzen lagundu nahi duena.

Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, Eduardo Aguinaco, Arabako Foru Aldundiako Arlo Estrategikoen Zuzendaria, eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko Zuzendari Nagusiak inauguratu zuten ekitaldia.

Bittor Oroz-ek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, hau helarazi du: “ezagutzarekin, estrategiarekin eta tresna egokiekin, kanpora iritsi nahi dugu. Kontakizunari lotuta eta gure kulturari lotuta dagoen bikaintasunik handiena bultzatuko dugu. EDAren helburua da sektoreari laguntzea. Bikaintasunari lotutako nortasuneko produktuak garatuko ditugu, guztion artean kokatzen lagunduko duen nazioarteko sare baten bidez”.

Ekitaldiaren inaugurazioan, Eduardo Aguinaco, Arabako Foru Aldundiako Arlo Estrategikoen Zuzendariak honakoa adierazi du: “ardoaren sektorea garapen ekonomikoaren motorra da, eta munduari ateak zabalik dituena. Proiektu berriak elkartu, entzun, eraiki eta erakartzeko tokia izatea da EDAren helburua. Palanka bat izatea nahi dugu, zuek bezalako gazteek, izaera geldiezina eta konformagaitza duzuenok, zuen balioak helaraz ditzazuen, lurraldea eta nortasuna eraikitzeko asmotan”.

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko Zuzendari Nagusiak, honako gogoeta hau egin du: “gazteak ardogintzan protagonista izaten ari diren mugimendu ekintzaile eta berritzaile garrantzitsua, kultura, nortasuna eta tradizioa modernitatearekin lotzen dituena”. Bertaratutakoei EDA Drinks and Wine Campus proiektua ere aurkeztu die: “Ardoaren eta edarien sektorea aldatzen lagundu nahi du EDAk, zientzia teknikoak, kudeaketa, kultura, sukaldaritza eta abegitasuna bilduko dituen diziplina anitzeko ikuspegi baten bidez”.

EDA Drinks and Wine Campus 2026an gauzatuko da; egoitza bat izango du Gasteizen, Arabako Errioxako ardoaren egoitza bat eta esperimentaziorako lursailak. 2023 zehar, proiektuaren oinarri estrategikoak eta prestakuntza, berrikuntza eta ekintzailetzako eduki eta programak definitzen eta baliozkotzen ari dira. Gainera, aurten EDAren egoitzen kokaleku zehatzak zehaztuko dira, eraikuntza-prozesua aktibatuko da eta proiektuaren aliantzen eta akordioen estrategia diseinatuko da. 2024an eta 2025ean, eraikinak eraikiko dira eta ekitaldi sektorialak antolatzen joango dira. Aldi berean, ekintzailetzari laguntzeko eta prestakuntzarako jarduerak hasiko dira. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Arabako Foru Aldundia izan dira EDA proiektuaren sustatzaile instituzionalak.

Óscar Mestre (Bodega Óscar Mestre y B. Riko), Josu Amatria (Bodega Amatria), Jade Gross (Jade Gross Wines), Aitor Irazu (Bodega Makatzak), Roc Gramona (Gramona Wines), Carlos López de la Calle (Bodega Artadi, Izar Leku), Alain Quintana (Bodega Quintana), Álvaro Loza (Bodega Álvaro Loza), Eduardo Eguren (Bodega Cuentaviñas), Judit eta Juan Valdelana (Bodega Valdelana), Juan Príncipe (Bodega César Príncipe), Martina Prieto Pariente (Bodegas Prieto Pariente y José Pariente), Lorea Mendizabal (Basque Culinary Center), Estela Lecea (Bodegas Lecea), María Santolaya (Bodegas Roda, La Horra), Bertol Izagirre (Bodega Gorka Izagirre) eta Pablo Nieto (La Lagareta) beren esperientzietan oinarritutako gogoeta- eta inspirazio-gunea partekatu zuten, hala nola, berrikuntza, identitatea, jasangarritasuna, lurraldea, ekintzailetza, eta belaunaldi arteko erreleboa.

Informazio gehigarria