Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

"Kultur kudeaketa begirada feminista batetik" sinposioaren laburpena

Atzo, irailaren 22an BBK Kuna aretoan izan ginen Eusko Ikaskuntza, Emakunde eta Bilboko Udalak antolatutako "Kultur kudeaketa begirada feminista batetik" sinposioan.

Laburpen moduan ondoren azalduko ditugu jardunaldian aipatu ziren ideia nagusietako batzuk:

Hasierako partean Emakundek adierazi zuen moduan “Gizarteak begirada feminista behar du, kultura adierazpen ezberdinetan ere bai (artean, literaturan, bertsotan, zineman).  Emakume sortzaileen eskutik etorri da begirada feminista hau, hainbat diskurtso hegemoniko kolokan jarri dituenak, baina hala ere ezin dugu ahaztu egiturazko arazo baten aurrean gaudela eta aldaketarako erresistentziak oso handiak direla oraindik. Horregatik da hain garrantzitsua errealitate berriak imajinatzen laguntzen digun kulturaren bitartez begirada feminista indartzea. Erakusketa bat antolatzen den momentuan, kultur ekitaldi bat, argitalpen bat, pelikula bat, adierazpen mota guzti horietan gizarte honen dibertsitatea erakusteko  bermea ematen du begirada feminista duen kudeaketak”.

Ondoren, Haizea Barcenillak, EHUko Artearen Historiako irakasleak, 2019. urtean “Koska” taldearen eskutik egindako prozesu luze baten laburpena egin zuen.  Prozesuan honelako galderari erantzuna eman nahi izan zioten: “Nolakoa izan beharko litzateke kudeaketa feminista?“. Jardunaldi feminista ireki bat ere antolatu zuten Durangon abiapuntu honekin: “Nola gurutzatzen dute kultura heteropatriarkatuak eta kapitalismoak? Nola mugatu, eratu eta baldintzatzen dute kulturaren sistema? Eta are, nola gurutzatzen gaituzte kulturaren esparruan dihardugun emakumeon gorputz hauek gure lanean eta gure bizitzan?” n honen bidez muga batzuk identifikatu zituzten: prekarietatea eta denbora

Kultur esparrua prekarioa da berez, kultur esparruan bertan lan egiten dutenek bokazioz  egiten dutelako. Euskal kultura, are prekarizatuagoa da eta emakumeak euskal kulturan,  prekarizazio hirukoitza:  zaintza kargak, erritmoen ezegokitasuna, beirazko sabaiak, tratu diskriminatua, aintzakotzat hartuak ez izatea, emakume gorputzak eremu publikoetan suposatzen duen bortizkeria…

Bestalde, “denbora”ren muga ere ikusi zuten:  kulturan denborak ez dira errealak. Kultur munduaren ordutegiak ez dira bateragarriak kontziliazioarekin, zaintza ala norberaren zaintza egiteko ez dago denborarik. Modu kolektiboan lan egiteko aukera/beharra dago. Horretaz aparte, batzuetan emakumeen kasuan ere “ezetz” esateko beldurra dago, baita lan baldintzak norberak jartzeko ere. Guztiari baietz esan eta edozein baldintzapetan onartzen dira, etorkizunean aukerak galduko dituztelako beldurra dutelako.

Muga horiek ikusi ostean beste eremu batzuk ikusi zituzten emankorrak izan daitezkeenak: ikusgarritasuna, balioztatzea eta  autoritatea

Ikusgarritasuna: funtsezkoa izanik, batzuetan arazoak sortzen ditu. Emakume gazteak dira ikusgarrienak gaur egun nahiz eta hori guztiz erreala ez izan (adineko emakumeak ere hor daude). Hala ere ikusgarritasunak emakumeen alde ere egin dezake, sareak sortuz, adibidez.

Balioztatzea: Sistemak batzuetan ez dira emakumeen balio batzuetara egokitzen. Hori dela eta, emakumeak ez lirateke balio horiekin zertan ados egon. Legitimazio sistema berriak sortu beharko lirateke, sare kolektiboak sortuz, adibidez. Erreferente izatearen ardura ere aipatzen dute. Apaltasunari uko egin eta hurrengo belaunaldientzako erreferente izan.

Autoritatea: Beharrezkoa da ardurak hartzea, proiektuak aurrera eramateko. Lidergo paperak beharrezkoak dira. Espazio seguruak bilatu, beste esparru profesional batzuetatik ikasi. Aliatu sareak sortu...

Amaitzeko, kultur kudeaketa feminista baterantz jotzeko ideia batzuk aipatu zituzten. Alde batetik, prekarizazioaren kontrako neurriak sortzea eta gutxiago programatzea; bestetik, zaintzaren banaketa bidezkoago bat lortzea eta zaintza aintzat hartzen duten denborak ere kontuan izatea. Hizpide izan ziren, era berean, saretzeko espazioak sortzea eta horri dagokion “denbora” ere kontuan izatea, baita emakumeak legitimatzen ez dituzten sistemak zalantzan jartzeko beharra.

-----

Jardunaldiaren bigarren partean, solasaldi sortzaile bat izan zuten bertsolari, idazle eta, gidoilari Ane Labakak eta Ainara Azpiazu ilustratzaileak. Bertan, kolektibotasunaz eta feminismoaz aritu ziren. Anek Txakur Gorriataldeari buruz hitz egin zuen, eta Ainarak Tupust Kolektiboari buruz. Biak ados zeuden “kolektibotasunak” asko lagundu diela beraien laneko ibilbidean eta baita momentu jakin batzuetan ere beraien lanerako hain garrantzitsua zen “feminismoa” aldarrikatzeko.

Prekarietateaz eta denboraz ere aritu ziren. “Gaur egun sormen diziplina batean aritzeak ez dizu jateko ematen” dio Anek. Prekarietatea autonomo euskaldun baten egunerokoan “oso nekagarria” dela aipatu zuen Ainarak. “Pedagogia egin behar da denbora guztian, jendeari azaldu liburu bat ilustratzeak zenbat kostatzen duen…” Horretan ere kolektibotasunak laguntzen du. Prezioa eta denborak jartzeko orduan “denok arau berdinak jarraituz” “Ezezkoa modu kolektiboan egiten saiatzen gara. Marra gorri batzuk jarriz. Zaila da, lanak oso ezberdinak direlako. Prezioa neurtzea ez da erreza.  Jendea ez dago ohituta. Pazientzia handia behar da negoziatzen hasteko”.

Kulturan lan egiteak “diziplina eskatzen duela” azaldu zuen Anek:  “Produktua amaituta bakarrik ikusten da, baina atzean dauden egin beharreko lanak ez dira ikusten eta baloratzen”.

Ainarak dio mugak jartzen ikasi behar dela. “Bizitzari beldurra kendu. Ez dut ordain saria jasoko, baina kontaktua sortzen da eta etorkizunean agian balio dizu”

Ainarak, bestalde, instituzioei dei orokorra egin zien: “Instituzioetatik asko egin behar da kultura zaintzeko, egitura bat sortu. Diru-laguntzez aparte, egiturazko zeozer ere bai. Oinarri sendo bat sortzaileentzako”.

“Istorioak” kontatzeko orduan, balioztatzearen kontzeptuarekin lotuta, emakumeen “istorioak” ezberdinak direla  eta garrantzia  eman behar zaiela adierazi zuten.

----

Jarraian, Artaziak Taldeak kultur kudeaketa feministaren ahulguneak eta indarguneak lantzeko tailerra gidatu zuen partaideen artean.

----

Jardunbide egokiei buruzko mahai-inguru bat ere izan zen, eta bertan Oskia Ugarte,  (Huarte Zentroa),Miriam Jaio (Bulegoa zenbaki barik) eta Uxue Arrieta Otaola (Tractora) partaide izan ziren.

Aurkezpenak egin ondoren, kultur kudeaketaz eta feminismoaz aritu ziren. Kultur kudeaketa eguneroko lanaren zati handi bat dela adierazi zuten. Uxue Alberdi Otaolak azaldu zuen moduan, bere ibilbidean zehar, Tractorak lagundu zien gestio lan horiek modu hobeago batean kudeatzen. Ez da kolektiboa, tresna bat da bere lanak aurrera eramateko.

Oskia Ugartek taldean lan egitearen garrantzia azpimarratu zuen, eta aipatu zuen nola horrek “salbatu” zuen ninduen. Huarte ekoizpen zentro bilakatu zenean,  lau kideren artean kudeatu zuten proiektua izan eta zuzendaritza era kolektibo batean egin zen urte askotan.

Kolektibotasun horri erreferentzia eginez, Bulegoan lankidetzan aritzen direla azaldu zuen Miren Jaiok. Arte esparruan lan egiten duten arren, azaldu zuen ez dutela euren burua kultur kudeatzaile moduan ikusi. “Bitartekariak ginela konturatu ginen baina sortzaileak ere bagara”. “Komisariotza” hitzarekin deseroso sentitzen dela azaldu zuen Jaiok, ”curaduria” atseginagoa egiten zaiola azaldu zuen. Beraien helburua artistei laguntza eskaintzako aukera ematea da. Hala ere, kultur kudeaketa lanaren parte handiena denez, “horren bitartez zeozer lortzen da” . Oskiak esan zuen “kultur kudeatzaile edo komisario hitzekin ez zela eroso sentitzen: “sortzaileengandik aldentzen gaitu”. 

Kultur kudeaketari “feminista” hitza gehitzerakoan dudak sortzen zitzaizkien hirurei. Beren ikuspegitik, feminista hitza da “emakume askorekin kontaktuan egotea.” “Erreferenteak izatea, ikustea beraiek gauzak nola antolatu dituzten , giroak…” gehitu zuen Uxuek.

Beraz, Kultur kudeaketak feminista izan behar duela adostu zuten, bizitzako beste alor batzuk bezala.

Bukatzeko Virginia Imazen “Clownclusiones” saioa izan zen, ondorio nagusiak umorez bildu zituena.

kulturklik

  • Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak, Bideo-jokoak, Diseinua