Álvaro Fierro: "Kultur sektoreak bere burua berrasmatu beharko du aurrera jarraitu ahal izateko"
- DataApirilak 15
- Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa, Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Museoak, Ondarea, Artisautza, Bestelakoak
Álvaro Fierro Cultumetriako koordinatzaile eta ikertzaileak COVID-19aren krisiak kulturaren sektorean izaten ari den eragina azaldu digu
Joan den apirilaren 3an, Karraskanek (Euskal Autonomia Erkidegoan kultur berrikuntza eta berrikuntzaren kultura sustatzeko elkarte profesionala) Koronabirusa euskal kulturaren eta sormenaren sektorean izaten ari den eragin ekonomikoaren laburpena osatu zuen. Txosten horren arabera, erakunde bakoitzak batez besteko 16.000 euroko injekzioa beharko du pertsiana berehala jeitsi behar ez izateko. Kultur sektorearen egungo egoera aztertu dugu Alvaro Fierro Cultumetria enpresaren arduradunarekin. Erakunde horrek adierazleak diseinatu eta kultur proiektuak eta politikak ebaluatzen ditu.
Karraskanek bere bazkideen artean Koronabirusaren krisiak ekartzen ari den eraginei buruz argitaratu duen “Eragin ekonomiko negatiboa Kultura eta sormena sektorean’ txostena egiten lagundu du Cultumetriak. Zein ondorio atera dituzue orain arte?
Lehenik eta behin, galdera batzuk egin genizkien sektoreari eta bazkideei, ikusteko zer etorkizuneko perspektiba ematen ari zitzaien hau guztia fakturazioari dagokionez. Sektorearen errealitatea aztertzen aritu gara eta Karraskanekoarekin alderatu dugu, egiaztatzeko, hain zuzen ere, gehienak autonomoak edo urtean 150.000 euro asko jota fakturatzen dituzten mikroenpresak direla. Autonomoen alten eta bajen errotazio handia dago, eta oso zaila da jakitea zer-nolako eragina izango duen langile horien enpleguan. Asmoa zen informazio bakarra bilatzea, eta 2020an pixkanaka indarrak berreskuratzen joateko beharko genukeen zenbatekoa zein izango litzatekeen jakitea, erakundeari diru kopuru zehatza eskatzen saiatzeko.
Eta zenbat diru beharko luke erakunde bakoitzak bere burua berreskuratu ahal izateko?
Sektoreak duen galera osoa milioi 1 euro baino gehiagokoa izango da, 44.000 euro erakunde bakoitzeko, batez beste. Gure kalkuluen arabera, batez besteko 16.000 euroko injekzioa beharko luke erakunde bakoitzak pertsiana berehala jaitsi behar ez izateko.
Karraskanez gain, zenbait erakundek, bai Euskadin, bai Estatu eta Europa mailan, lehen azterketa bat egin dute orain dela egun batzuk, COVID-19aren krisialdi honek kultura eta sormen sektorean izan duen eragin negatiboaren inguruan. Informazio hau guztia bateratuz, zein da sektorearen egoera gaur egun?
Sektorearen egoera txarra da oraintxe bertan, baina proiekzio okerragoa du zain. Kontuan izan behar dugu alarma-egoera hilaren 14an ezarri zela, eta adierazle ekonomiko fidagarri batengana joaz, gizarte-segurantzako afiliazioan eguneratu diren datuen arabera, 15 egun baino gutxiagoan ia 500 baja egon dira sektorean. Apirila askoz okerragoa izango da, eta maiatza are okerragoa. Ekonomiari dagokionez, egoera txarra izan du beti sektore honek, eta orain, noski, gehiago larrituko da.
Ba al dago krisiaren lehen une honetan bereziki kaltetutako azpisektorerik?
Arte eszenikoen azpisektorea, hots, zuzeneko musika eta dantza, antzerki eta abarreko ikuskizunak, jende asko bildu eta sarrerak saldu behar dituztenez, gehien fakturatzen duten sektoreetako bat izanik, krisi hau gehien pairatuko duten sektoreetako bat ere izango da. Gainera, ez du, beste batzuek bezala, eskala-ekonomiarik, eta azpiegitura eta kostu finko eta aldakor oso handiak behar ditu bere jarduera aurrera eramateko.
Zeintzuk dira krisi honi hobekien aurre egin diezaioketenak?
Esparru zeharkakoagoak aipa daitezke, hala nola aholkularitza edo bitartekaritza kulturala, nahiz eta berez oso eremu prekarioa den. Ekonomiari dagokionez, kostu gutxien dutenak dira hau guztia hobekien jasango dutenak. Denok gureak eta bat pairatu behar izan ditugun arren, pixka bat handiagoak diren enpresak, krisialdi honek sortuko dituen altxortegi-tentsioei eusteko gaitasuna dutenak, dira epe ertain-laburrean hobekien eutsiko diotenak. Uda ostean bai izango dutela eragina, eta askok itxi beharko dute.


