Osasun Saila

"Marea arrosa" Donostiako kaleetan zabalduko da urriaren 27an, bularreko minbiziak eragindako pertsonen alde

2019.eko urriak 16

  • Katxalin elkarteak «aurrerapausoak ematen jarraitzeko» dei egin du, bularreko minbiziak erasandako emakumeak ikusarazteko eta laguntzeko.

  • Abian jarri zenetik, OsakidetzarenBularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak,ia 10.000 tumore antzematea ahalbidetu du, gehienak fase goiztiarretan. 2018an, 666 tumore berri diagnostikatu ziren.

Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Txaro Beobide Katxalin bularreko eta ginekologiako minbiziak eragindako Gipuzkoako emakumeen elkarteko lehendakariak gaur goizean aurkeztu dute aurtengo kanpaina, datorren larunbatean, urriaren 19an, izango den Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna dela eta.  Kanpainako ekitaldi garrantzitsuenak hilaren 24an eta 27an izango dira; lehenengoan, bularreko minbiziari buruzko jardunaldi bat egingo da Onkologikoan, eta, bigarrenean, 4 kilometroko ibilaldi solidario bat egingo da Donostian zehar, Alderdi Ederretik 11:00etan abiatuta; amaiera ere bertan izango du. 

Foru diputatuak bere babes osoa eskaini dio Katxalin elkarteari «etengabe» lanean baitabil, bularreko minbizia duten emakumeak «ikusarazteko, sentsibilizatzeko, babesteko eta laguntzeko».  Maite Peñak adierazi duenez, Katxalin elkarteak «lan ikaragarria» egiten du, gaixotasunaren ikuspegi positiboagoa eskaintzen eta erasandako emakumeen bizitza kalitatea hobetzen, besteak beste, informazio eta sentsibilizazio kanpainak eginez, emozioak kudeatzeko terapiak antolatuz, eta diagnostikatu berri diren emakumeei laguntza emanez.  «Laguntza eta ulermena eskaintzen diezue esperientzia berak igaro dituzten emakumeei eta beren familiei eta ingurukoei; oso lan garrantzitsua eta txalogarria egiten duzue». Gipuzkoako Foru Aldundiak urteak daramatza Katxalin elkartearekin elkarlanean, «gure laguntza guztia ematen diogu proiektuari, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu» adierazi du diputatuak. Horrez gain, herritarrei dei egin die urriaren 27an, igandean, egingo den ibilaldi solidarioan parte hartzera, «minbiziaren aurkako borroka bide luzeko lasterketa delako».

Era berean, Nekane Murga Osasun sailburuak bere esker ona adierazi die bularreko minbiziak eragindako emakumeen elkarteei eta familiei, gaixotasun horri aurre egin behar dieten emakumeen benetako euskarri animikoa baitira. Sailburuak itxaropen mezu bat bidali izan nahi die guztiei, biziraupenak gora egiten jarraitzen duelako Euskadin, eta gaixotasun horren eragina murriztuz doalako detekzio goiztiarrari eta tratamendu pertsonalizatuei esker, zeinak gero eta eraginkorragoak baitira eta albo ondorio gutxiagokoak; horrela aukera diagnostiko–terapeutiko onena eskain daiteke, eta Osakidetzako laguntza baliabideen arteko koordinazioa errazten da.

Halaber, Osakidetzak, Osasun Sailak eta Eusko Jaurlaritzak emakume horiekin duten konpromisoa nabarmendu du Nekane Murgak. Horrela, Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Euskadi 2018-2023 Plan Onkologikoaren esparruan, bularreko minbizia goiz detektatzeko Osakidetzaren programa indartuko da; xede populazioa 329.022 emakume dira, eta 2018. urtean 8,2 milioi euro xedatu ziren horretara. Prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendu etengabea landu ziren diziplina anitzeko arreta ereduaren barruan, eta aurrera egin zen baheketa pertsonalizatzeko eta emakume bakoitzaren arriskuari egokitzeko estrategietan,  alde batera utzi gabe, ikerketari ematen zaion laguntza, minbiziari aurre egiteko oinarrizko zutabea baita.

Aurtengo kanpaina urriaren 11n abiatu zen; Katxalin elkarteak dohaintza bat egin zuen Biodonostian, eta atzo eta herenegun, hilaren 14an eta 15ean, begizta arrosak jarri ziren Bergaran, Zumarragan eta Ordizian. Beste alde batetik, hilaren 18a eta 26a bitartean, diru bilketa egingo da Gipuzkoa osoan, eta kanpaina hilaren 27an bukatuko da Katxalin elkartearen ibilaldi solidarioarekin.

Txaro Beobidek azaldu duen bezala, izena emateko hainbat modu daude: katxalinsolidarioa.comwebgunean, Donostiako Robers dendan, eta Garbera, Urbil, Zarautz, Azkoitia, Eibar, Arrasate, Ordizia eta Tolosako Eroski dendetan. Nolanahi ere, ibilaldian parte hartu ezin dutenek ere jarri dezakete beren aletxoa, «0 dortsala» inskripzioa eginez. Izenemate solidarioa da, alegia, 5 euroko edo hortik gorako dohaintza egiten da, kontzeptuan «0 dortsala» jarrita, transferentzia baten bidez, kontu korronte honetara:  ES02 2095 5001 0110 6104 1041. Bestela, laguntzeko prest dagoen jendeak izena eman dezake aipaturiko toki horietako batean, eta elastiko ofiziala eta dortsala emango zaie, nahiz eta urriaren 27ko ibilaldian parte hartzeko asmorik ez izan.

Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko programa

1995ean abian jarri zenetik iazko ekaina arte, programa honetan 2.6 milioi hitzordu eman dira, 2.1 milioi mamografia egin dira eta 9.916 minbizi detektatu ahal izan dira, gehienak fase goiztiarretan.  Gainera, % 83,4k bularra kontserbatzeko tratamendu ez inbasiboak jaso zituzten. Portzentaje hori handitzen ari da urtez urte, eta hori aurrerapen handia da. Iaz, baheketa programak 666 tumore berri detektatu zituen. 

Lan hori guztia egiteko, Osakidetzako Bularreko Minbizia Goiz Detektatzelp Programak, zeinak % 80ko parte-hartze tasak baititu, unitate hauek ditu: kudeaketako unitate bat, baheketako 11 unitate, balorazioko 7 unitate eta erreferentziazko 6 ospitale. Ospitale horietan bularreko minbizirako batzordeak daude, eta batzorde horiek saio klinikoak egiten dituzte astero, pauta diagnostiko-terapeutikoak ezarri eta lesio susmagarrien jarraipena egiteko. Hori guztia ahalik eta zerbitzu onena ematea eta minbiziak jotako emakume guztiei arreta integrala eskaintzea xede duen profesional talde batek zuzenduta.

Biziraupen tasei dagokienez, Euskadiko Minbiziaren Erregistroan ikusi daitekeen bezala, 2000. urtetik 2012. urtera igotzen joan da bularreko minbizia duten emakume guztien biziraupen tasa; horrela, 2000-2004 aldian % 83,4koa zen tasa hori, eta 2010-2012 aldian, berriz, % 86koa.

Diagnostikoa egin eta handik bost urterako biziraupena ere hobetu egin da adin tarte guztietan. Eta hobekuntza hori are nabarmenagoa izan da 50 urtez azpiko emakumeen artean (% 88,7koa 2000-2004 urtean, eta % 91,9koa 2010-2012 urtean), nahiz 50 urtetik 59 urtera bitartekoen artean.  Izan ere, adin tarte horretan, 2000-2004 aldian % 89,1eko biziraupen tasa erregistratu zen, eta 2010-2012 aldian % 92,7ra iritsi zen.