Osasun Saila

Zelula amen inguruko aditu nagusiek Bilbon dute hitzordua, eremu horren ahalmena aztertzeko

2018.eko uztailak 16

  • Hitzorduak laborategi batean giza enbrioi batetik abiatuta zelula amen lehen lerroaren deribazioaren historiako 20. urteurrena ospatuko du
  • Juan Carlos Izpisua Belmonte doktoreak parte hartuko du, eremu horretan nazioarte mailan pisu gehien duen zientzialaritzat jotzen dena, eta Anna Veigak, Espainiako lehen probeta-haurtxoaren «ama profesionalak».  

 

Estatu, nazioarte eta autonomia mailan zelula amen inguruko aditu nagusiek hitzordua dute, gai horri buruzko EHUren Uda Ikastaro batean; bertan, zer zelula ama dagoen, zer ahalmen duten, zein ari diren erabiltzen eta zein den etorkizuna azalduko dute. Mintegia –zientzia mailan oso esanguratsua– uztailaren 18an, 19an eta 20an izango da, Bizkaia Aretoan, eta Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroak (CVTTH)-Osakidetzak, BIOEFek eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dute.

Topaketa horren bidez, laborategi batean giza enbrioi batetik abiatuta zelula ama enbrionarioen lehen lerroaren deribazioaren historiako 20. urteurrena ospatuko da; zientzian hain garrantzitsua izan zen gertakizun hura James Alexander Thomson biologo estatubatuarraren eskutik etorri zen, 1998an.

XX aniversario de las células madre embrionarias humanas: presente, pasado y futuro” ikastaroan, zelula amen inguruko sarrera egingo da, lehenengo zatian, eta, bertan, argiro azalduko dira dauden zelula ama moten inguruko oinarrizko kontzeptuak, eta zelula ama pluripotenteak nabarmenduko dira, horien historia, legeria eta aplikazioak.

Gainera, zelula amekin egun egiten diren tratamenduen berri emango da (saiakuntza klinikoak, zenbait patologiatarako tratamenduak…), eta zelula amen erabileran, genomaren edizioan eta zelula amekin 3D bioinprimaketan eta abarretan oinarritzen den medikuntza birsortzailearen eremuko aurrerapen berriak ezagutzera emango dira. Azkenik, dauden zelula ama helduen mota desberdinen eta horien erabilera klinikoaren inguruan eztabaidatuko da. Gainera, zelula amen eta minbiziaren arteko harremana nabarmenduko da.

 

HIZLARI ENTZUTETSUAK

Jardunaldian, nazioartean entzutetsuak diren hizlariek parte hartuko dute, besteak beste, Juan Carlos Izpisua Belmonte doktoreak, Ameriketako Estatu Batuetako Salk Institutukoak; eremu horretan nazioarte mailan pisu gehien duen zientzialaritzat jotzen da. Ibilbide luzea du mini organo, giza kimera, zahartze zelular, birprogramazio eta abarren inguruko aurrerapen ugari lortzen. Anna Veiga doktorea, CMRBn dagoen Bartzelonako Zelula Amen Bankuko zuzendaria, ere hizlari izango da; Espainiako lehen probeta-haurtxoaren  «ama profesional»tzat jotzen da. Halaber, Nuria Montserrat doktorea ere izango da, Kataluniako Bioingeniaritzako Institutuko ikertzailea (IBEC), organo eta ehunen 3D inpresioko aditua.

Euskadi dela eta, Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroak (CVTTH)-Osakidetzak eremu honen inguruko gaurkotasuna aztertuko du, Euskadiko zientzialari garrantzitsuen eskutik. Cristina Eguizabal doktorea, Terapia Zelularraren eta Zelula Amen Unitateko arduraduna eta ikastaro honen zuzendaria; Silvia Santos doktorea, ehunen arloko arduraduna; Jorge Monje doktorea, hematologoa; eta Patricia Zúñiga eta Lara Herrera doktoreak, CVTTHko Ikerketa Unitateko ikertzaileak, ere izango dira.

CIC bioGUNEtik, María del Mar Vivanco doktoreak parte hartuko du, eta zelula amen eta minbiziaren arteko harremana azalduko du. Ander Izeta doktoreak, Bionostiakoak, bestalde, zelula ama helduen inguruan hitz egingo du.

 

 

Bilbo, 2018ko uztailaren 16a