Osasun Saila

Urdulizko ospitaleak bloke kirurgikoa osatu du, 6 kirofano berrirekin

2018.eko maiatzak 14

Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur goizean, Urdulizko ospitaleko bloke kirurgikoa bisitatu du; ia 2.000 metroko azalera du. Bertan, 6 operazio-gela berri daude eta ekainaren 4tik aurrera hasiko dira martxan.

Operazio-gela berriak irekitzean, ABUrekin batera, ospitalizazioko solairua areagotu ahalko da, 64 ohe berriarekin.

Orain Urdulizko Ospitalean lan egiten duten 400 profesionalez gainera, beste 112 profesional izango dira zerbitzu berrian.

 

Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur goizean, Alfredo Espinosa-Urdulizko Ospitaleko bloke kirurgikoko 6 operazio-gela berriak bisitatu ditu; ekainaren 4tik aurrera hasiko dira martxan eta horrela, ospitalearen jarduera kirurgikoa osatu eta dimentsionatuko da.

Bisitaren ondoren, Osasun sailburua Maria Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusiarekin, Osasun Saileko eta Osakidetzako zenbait ordezkarirekin izan da, eta esan du Urdulizko Ospitaleak hobekuntza nabarmena ingurunean ematen den osasun publikoaren zerbitzuan dakarrela, eta, orain, operazio-gela berriekin, ABUarekin eta 64 ohe dituen ospitalizazioko solairuarekin, areagotu egiten dela kirurgia-eskaintza eta, ospitale horretan egin daitezkeen prozesura kirurgikoen konplexutasuna.

Iragarri zen bezala, Urdulizko Ospitalea pixkanaka zerbitzu berriak sartzen joan da, 2016ko uztailean ireki zenetik, eta Uribe osasun-eskualdeko herritarrentzat ospitale moderno, eroso, eskuragarri eta erreferentziazko bilakatu da.

Urdulizko Ospitalea ireki denetik, inguruneko herritarrek 92.000 kontsulta baino gehiago egin dituzte bertan (oftalmologia, traumatologia, ginekologia eta obstetrizia, otorrinolaringologia, endokrinologia, neurologia, urologia, dermatologia, aparatu digestiboa, arnas aparatua, kardiologia, erreumatologia eta barne-medikuntza), eta 116.000 proba baino gehiago; proba horietatik, 1.565 endoskopiak izan dira eta 50.417 irudi bidezko miaketak (OTA, ekografiak, erradiologiak eta abar.).

Era berean, 31.354 larrialdiri eman zaie arreta eta, abenduan ospitalizazioko solairua martxan jarri zenetik, guztira 723 ospitalizazio egon dira eta beste 2.066 paziente etxeko ospitalizazioaren bidez artatu dira. Gainera, 1.350 kirurgia egin dira, ospitalizazio gabe, orain arte erabilgarri egon diren 2 operazio-geletan.

Urdulizko Ospitaleko bloke kirurgikoan blokea asistentziarako zerbitzu orokorren eraikinean dago (larrialdiak, bloke kirurgikoa, laguntza-arloak, erreanimazioa eta erradiologia-zerbitzua).  8 operazio-gela ditu, puntako teknologiarekin, eta 2.000 metro koadro. 6 operazio-gela berriek 50 metro koadro ditu bakoitzak, ABUak (Anestesia ondoko Bizkorketarako Unitatea), 140 metro koadro eta Bizkorketarako Unitatea, 728 metro koadro  eta 10 box ditu.

Urdulizko Ospitaleak 38.000 metro koadro ditu eraikita, 3 eraikinetan banatuta: eraikin batek ospitalizazioa du eta eguneko ospitaleak; beste eraikin batean asistentzia-zerbitzu orokorrak daude (larrialdiak, bloke kirurgikoa, laguntza-arloak, erreanimazioa eta erradiologia-zerbitzua), eta hirugarrenak kanpo-kontsultak ditu. Martxan jartzeko obra eta ekipamendurako eginiko 60 milioi euroko inbertsioaz gainera, urtero martxan izateak Osasun Sailaren aldetik 45 milioi euroko dedikazioa ekarriko du.

Gaur egun, 400 profesional inguruk egiten dute lan bertan, eta zerbitzu berri horiek irekitzean beste 112 profesional hasiko dira, hainbat kategoriatakoak (17 fakultatibo, erizaintzako 39 profesional, erizaintzako 28 laguntzaile, 7 zeladore eta zerbitzuetako 21 langile).

Gainera gogora ekarri behar da abangoardiako teknologia duela gaixotasunen diagnostikorako eta tratamendurako; onura garrantzitsuak dakartza pazienteentzat, profesionalentzat, tinkotasun eta kalitate gehiago dakartza, gainera, bai eta erosotasun handiagoa ere.

 Azkenik, Jon Darpónek nabarmendu du Urdulizko Ospitaleko operazio-gela berriak irekitzea “Eusko Jaurlaritzak osasun-zerbitzuak zabaltzen eta hobetzen jarraitzeko eta egunero Osakidetzaren zerbitzu publikoa, unibertsala eta kalitatekoa sendotzen jarraitzeko egiten duen apustuaren tinkotasunaren erakusgarri dela”.

Aurten, gainera, Eibarko ospitale berria zabaldu ahalko dugu; azpiegitura garrantzitsu horiez gainera, Osakidetzak 11 ospitale orokor ditu, egonaldi ertain eta luzeko 3 ospitale, osasun mentaleko 4 ospitale eta 324 anbulatorio, osasun-zentro eta kontsultategi, euskal geografian banatuta, eta, horrela, euskal gizarte osoarentzako hurbiltasuneko, arretako eta kalitateko erreferente bilakatzen da.