Osasun Saila

Gobernu Kontseiluak erabaki du 734.000 euroko diru laguntza ematea Biocruces Bizkaia eta Biodonostia osasun ikerketako institutuei, osasun teknologiako probak egiteko eta testatzeko (Gobernu Bilera 2018-05-29)

logoconsejo.jpg

2018.eko maiatzak 29

Neurria, Euskadi 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren eta RIS3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren zabalkundean kokatzen da

Kopuru horiei Bioarabari emandako laguntza ere gehitu behar zaie, 266.000 euro; hala, milioi bat eurokoa da guztira babesaren zenbatekoa 

Eusko Jaurlaritzak, gaur, Jon Darpón Osasun sailburuak proposatuta, erabaki du 734.000 euroko diru-laguntza ematea Biocruces Bizkaia eta Biodonostia Osasun Ikerketako institutuei, euskal osasun-sisteman gailu medikoak eta osasun-teknologia balioztatu eta erakutsi daitezen bultzatzeko. Erabakia Euskadi 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren zabalkundean kokatzen da; arlo nagusietako bat osasun-ikerketa da, Euskadin osasun-sistemaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia hobetzearen zerbitzura ezagutza sortzeko duen ahalmena dela eta.

Osasun Ikerketako Institutuak, osasun-hobekuntzei lotutako eginkizunengatik ez ezik, funtsezkotzat jotzen dira, halaber, RIS 3 Espezializazio Adimentsurako Estrategiaren barruan ezarritako helburuei erantzuten dietelako ere. Hauek eragile aktiboak dira lehentasunezko arlo tematikoetan eta, era berean, biozientzia-osasunaren eremuko ekimen estrategikoen barruan daudela.

Testuinguru horretan, gailu medikoak eta osasun-teknologiak balioztatzeko eta erakusteko prozesuak areagotu eta bizkortzeko beharra egiaztatu da, Innosasun programa estrategikoaren barruan produktuen garapenari laguntzeko; programa horren bidez, euskal osasun-sistema publikoaren eta industriaren arteko edo lotutako beste eragile batzuen arteko elkarreragina eta lankidetza antolatzen dira. Programa honek euskal osasun-sistemaren jarduna babesten du berrikuntzaren arloko garapenerako saiakuntza-banku gisa.

Osasun-sistemak produktuaren edozein garapen-fasetan probak egiteko edo testatzeko kide gisa duen gaitasuna sustatzeko, jarduera batzuei babesa ematea erabaki da, normalean Osasun Ikerketako Institutuek egin ohi dituztenen osagarri, besteak beste. Jardueren artean aipatzekoak dira, gailu eta teknologia medikoak baliozkotzea eta probatzea ez ezik, saiakuntza horiek egiteko behar den ekipamendua erostea.

Jarduera horiek osatzeko, erabaki da 734.000 euroko diru-laguntza zuzena ematea Osasun Ikerketako Institutuei. Zenbateko hori honela banatuko da: 388.000 euro Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuari eta 346.000 euro Biodonostia Osasun Ikerkerako Institutuari.

Kopuru horiei Bioarabari emandako laguntza ere gehitu behar zaie, 266.000 euro; hala, 1.000.000 eurokoa da guztira babesaren zenbatekoa.