Osasun Saila

Eusko Jaurlaritzak 292.000 euroko laguntzak onetsi ditu, toki eremuan jarduera fisikoa sustatzeko (Gobernu Bilera 2018-06-12)

logoconsejo.jpg

2018.eko ekainak 12

Diru-laguntza hiri-inguruneetan paseoak egokitzeko eta dinamizatzeko ekintzetara dago bideratuta, bai eta eremu horretan estrategiak sustatuko dituen toki-sarea sortzera ere 

Eusko Jaurlaritzak, Jon Darpón Osasun sailburuak proposatuta, gaur, toki-eremuan jarduera fisikoa sustatzeko 292.000 euroko diru-laguntzen deialdia onesten duen agindua onetsi du. Zehazki, deialdiaren helburua pertsonen egunerokotasunean ariketa fisikoa sustatzea eta toki-sareak nukleo zentral gisa eratzeko bide ematea da, bertatik jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa prebenitzeko gainerako estrategiak antolatzeko.

2013-2020rako Osasun Planaren helburuetako bat herritarrengan jarduera fisikoa sustatzea da, Euskadi Mugiment-en jarduera fisikoa sustatzeko proiektuan zehaztutako urrats eta estrategiei jarraikiz. Osasun Sailaren iritziz, jarduera fisikoa areagotuz eta jarduera sedentarioetan emandako denbora murriztuz biztanleria aktiboagoa lortzeak aukera emango du zenbait erronkari aurre egiteko, besteak beste: biztanleriaren pixkanakako zahartzea eta osasun-sistemari eta gizarte-prestazioei eustea.

Horrela, aginduak bi laguntza-ildo ezartzen ditu. Lehenengo eta behin, hirietako eta hiri-inguruetako ibilbide edo paseoak egokitzea eta dinamizatzea aurreikusten dituzten programa eta esku-hartzeetarako. Zehazki, ibilbideak seinaleztatzeko, ibilbideak irisgarriagoak eta seguruagoak egiteko egokitzapenak egiteko eta ibilaldi zuzenduak antolatuz dinamizatzeko jarduketak lagunduko dira diruz.

Bigarrenik, laguntzak emango dira jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa prebenitzeko toki-mailako ekintzen plangintza eta garapena koordinatuko dituen toki-sarea sortzeko jardueretarako. Toki-sarea erkidegoko eragileak batzen dituen egitura da, besteak beste, administrazioak, hezkuntza-, gizarte-, osasun-, kultura- eta ekonomia-sektoreak, herritarrak eta beren gizarte-erakundeak lotzen dituena.