Osasun Saila

Behera egin du gripearen eraginak euskadin baina gora egiten jarraitzen du laguntza-eskaerak gripearen sindromeagatik

2018.eko urtarrilak 17

Gripearen eraginak behera egin du Euskadin; urtearen bigarren astean 321,37 kasu izan dira 100.000 biztanleko, aurreko asteko 100.000 biztanleko 360,02 kasuen aldean. Hala adierazten du Osasun Saileko eta Osakidetzako Zainketa Epidemiologikoko Jagoletza Sarearen azkeneko asteko txostenak. Bertan jasotzen denez, beherakada horrek epidemiaren uhinak, antza denez, behera egin duela adierazi arren, birusaren detekzio-mailak nabarmena izaten jarraitzen du eta, beraz, datozen asteetan izango duen bilakaeraren zain egon beharko dugu.

Izan ere, azken txosten horren datuen arabera, gripearen sindromeak eragindako laguntza-eskaerak gora egiten jarraitzen du, eta Gipuzkoan nabarmenago; hortaz, giza baliabideen eta baliabide materialen errefortzua baliatzen jarraitzen dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak, beren gripe-kontingentziako planak aurreikusi bezala. Gainera, koordinazioa etengabea eta egunerokoa da maila asistentzial desberdinen artean, Larrialdiekin koordinazioan, Osakidetzako Osasun Laguntzako Zuzendaritzaren Batzorde espezifiko bat buru dela.

Txostenaren arabera, kontuan hartuta urtarrilaren 8tik 14rako datuak biltzen dituela, tasa handiena erregistratutako adin-taldea 0 - 4 urte bitartekoa izan da. Denboraldiaren hasieratik, gripeagatik ospitaleratutako 830 kasu jakinarazi dira, eta horietatik 170ek larritasun-irizpideak bete dituzte. Haien artean, 28 hildako erregistratu dira.

Osasun Sailak eta Osakidetzak zuzenean adierazi nahi diete, berriro ere, euren esker ona Euskal Osasun Zerbitzuko langile guztiei erakutsi duten profesionaltasunagatik, ahaleginagatik eta arduragatik, bereziki gripeak urtero eragiten duena bezalako laguntza-eskaera handiko uneetan.

Aldi berean, herritarrei gomendatzen zaie baliabide sanitarioak arduraz erabiltzea paziente bakoitzaren arazo medikoei kalitatez erantzun eta konponbidea emateko. Horrek eskatzen du zehaztea, sintomatologiaren arabera, zein den kasu bakoitzerako osasun-zerbitzu egokiena: famili medikua, arreta iraunkorreko puntuak (AIP) eta konplikazio larrien kasuan, behar izanez gero, ospitaleko urgentziak. Arreta jasotzeko alferrik zain egon behar izatea saihestu ahal izango da horrela eta, aldi berean, lagungarria izango da osasun-sistema bera ez saturatzeko.

 

Gasteizen, 2018ko urtarrilaren 17an