Osasun Saila

Tabakoaren kontsumoak behera egiten jarraitzen du Euskadin prebentzio eta kontzientziazio politikei eta euskal gizartearen konpromisoari esker

2017.eko maiatzak 30

 

Azken 4 urteotan 15.000 pertsona inguruk parte hartu dute Osakidetzako osasun-zentroetan tabako-mendekotasuna gainditzeko programetan, eta 35.790 ikaslek Kerik Gabeko Ikasgelak programan

 

Osasunari buruz azkena egin zen eta azken urteotako joera jasotzen duen inkestaren arabera (2013), 2007-2013 aldian gizonezko erretzaileak % 28tik % 24ra jaitsi ziren, eta emakumeak % 21etik % 19ra.

 

Osasun Sailak eta Osakidetzak jarraitu egingo dute lanean tabakorik gabeko euskal gizartea lortzeko, eta esku-hartze osoak egingo dituzte bizi-ohitura osasuntsuak eta arriskuen gainean sentsibilizatu eta kontsumoa gutxitzeko politika eraginkorrak sustatzeko

 

Euskadik aurten ere bat egin du Tabakorik gabeko Munduko egunarekin, era horretara tabakoaren aurka eta bizi-ohitura osasuntsuak dituen euskal gizartearen alde hartutako konpromisoa erakusteko.  

OSATZEN - Familia eta Komunitate Medikuntzako Euskal Elkartearekin batera gaur Gasteizen egin duen prentsaurrekoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsorok azpimarratu du azken urteotan tabakoaren aurka gizartea kontzientziatzeko Euskadin egin den prebentzio-lana, eta esan du gizarte osoak parte hartu izanari esker behera egin duela tabakoaren kontsumoak eta behera egiten jarraitzen duela, gainera. 

Osasunari buruz azkena egin zen eta azken urteotako joera jasotzen duen inkestaren arabera (2013), 2007-2013 aldian lau puntu egin zuen behera tabakoaren kontsumoak gizonezkoetan, eta bi puntu emakumezkoetan.  Gizonezkoen artean erretzaileak % 28tik % 24ra jaitsi ziren, eta emakumezkoen artean % 21etik % 19ra. 

Erretzen duten pertsonen proportzioa asko aldatzen da adinaren arabera. Gizonezkoen artean gehien kontsumitzen dutenak 25 urtetik 64 urtera bitartekoak dira, eta emakumezkoen artean 25 urtetik 44 urtera bitartekoak. 

Gazteen kasuan, 12 urtetik 19 urtera bitarteko ikasleen artean % 67,9k esaten dute ez dutela erretzen (lehen % 51,4 ziren), eta horrek adierazten du gero eta gutxiagok hartzen dutela erretzeko ohitura, normalean adin goiztiarretan hasten dena. 

Era berean, azken lau urteotan 15.000 pertsona inguruk (15.314) parte hartu dute Osakidetzako osasun-zentro guztietan tabakoaren mendekotasuna gainditzeko eskaintzen diren programetan, horietatik 3.272k 2016an, 1.738 emakumezkok eta 1.534 gizonezkok, gehienak 26 urtetik 64 urtera bitartekoak, eta talderik handiena 46 urtetik 64 urtera artekoena izan da. 

Tabakoa uzteko prozesuan informazioa eta laguntza ematen duen doako telefonoari dagokionez, 94-400-75-73 telefono-zenbakiak 20 dei inguru jasotzen ditu hilean. 

Esku-hartzearen alderdi garrantzitsua gazteekin eta nerabeekin egiten den lana da. Lan horren baitan garatzen dira Kerik Gabeko Ikasgelak eta datorren ikasturtean abian jartzekoa den KERIK GABEKO GAZTEAK programak. Osasun Sailaren programa hori Euskadiko eskoletan garatzen da diputazioen eta udalen laguntzaz, eta azken lau urteotan guztira bigarren hezkuntzako lehenengo zikloko (DBHko 1. eta 2. maila) 35.790 ikaslek parte hartu dute. Aurtengo ikasturtean ia 6.200ek. 

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak azaldu duenez, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren helburua herritarrak tabakoaren ketik babestea eta erretzeari utzi nahi dioten pertsonei laguntza eskaintzea da. Horretarako, tabakismoaren epidemiari atzera eginarazteko OMEren MPOWER estrategiarekin edo planarekin egin du lan, eta, gainera, azken urteotan tabakoaren arloan esku hartzea sustatu du erretzeari uzteko erreminta berriak garatuz, legerian aldaketa esanguratsuak eginez eta enfasi berezia jarriz adingabeetan eta osasuna sustatzeko estrategietan, 2013-2020 Osasun Planeko gidalerro nagusietako bat izanik.   

Alde horretatik, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen Gaineko Arreta Integralari buruzko Legea, pertsona guztien osasunaren sustapena eta prebentzioa ardatz dituena, erreminta berri eta baliotsua da, zalantzarik gabe, euskal gizartearen osasuna hobeto zaintzeko, eta Euskadi Europako eskualdeen buruan kokatzen du tabakoaren aurkako borrokan, Europan dauden legeriekin alderatuta oso lege aurreratua baita, eta portaera eta kontsumo ohitura berrietara egokitua.

Bestalde, “Red Vasca de Organizaciones sanitarias libres de humo” “Kerik gabeko erakunde sanitarioen euskal sareaizenarekin Osakidetza ENSH-Global Kerik Gabeko Ospitale eta Zentro Sanitarioen Nazioarteko Sareko kide da. Sare hori mundu osoko 20 herrialdetako kerik gabeko osasun-erakundeek osatzen dute, eta elkarlanean dihardute tabakoa kontsumitzeari aurrea hartzeko eta uzteko estrategia bateratu bat garatzeko, horixe izanik berez sarearen helburu nagusia.  

Euskadin gaur egun 6 osasun-erakunde daude sarean:  Arabako ESI; Debabarreneko ESI, Tolosaldeko ESI; Donostialdeko ESI; Goierri-Urola Garaiko ESI eta Barrualde-Galdakao ESI; eta 2017rako Bizkaiko Buru Osasuneko Sarea sartzea espero da.

Sortu zenetik, ENSH-Global sareak ebaluazio jarraituaren kontzeptua garatu du, ospitaleetan eta osasun-zerbitzuetan tabakismoa kontrolatzeko politika integralak ezartzean oinarrituta, eta Tolosaldeko ESI eta Debabarreneko ESI izan dira zilarrezko bereizgarria jaso duten Osakidetzako lehenengo erakundeak. 

Bi urte hauetan egindako lanaren emaitza da hori guztia, eta Euskadiko sarearen baitan modu globalean lan egin ahal izan da osasun-zentroetatik tabakoa desagerrarazteko ekimenak garatzeko eta, era horretara, inguru guztiarentzat, hau da, profesionalentzat, pazienteentzat eta familiartekoentzat, giro osasuntsua eta kerik gabea ziurtatu ahal izateko.           

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari Miren Dorronsorok azpimarratu du tabakismoaren aurkako borrokan Osasun Saileko eta Osakidetzako langileen lanari esker lortu ahal izan direla emaitza onak, eta beren inplikazioari esker ari garela lortzentabakoaren kontsumoari aurrea hartzeko eta erretzeari uzteko estrategiak ezartzea. 

Gaur egun guztira 2.760 profesional daude prestatuta Osakidetzan tabakoaren alorrean, eta gehiago dira urtetik urtera. 

Azkenik, Miren Dorronsorok adierazi du bide horretan jarraitu behar dela lanean, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak gure gizartean tabakoaren aurka hartuta duten konpromisoa azpimarratu du. Horretarako, esan du, “kontsumoa murrizteko politika eraginkorrak bultzatzen eta, aldi berean, kontsumoaren arriskuei buruzko informazio eta sentsibilizazio lana egiten eta bizi-ohitura osasuntsuak sustatzen jarraituko dugu”.

  

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko maiatzak 30