Osasun Saila

Osasun Sailak eta Osakidetzak ibilaldi bat antolatuko dute datorren igandean Getxon, ariketa eta jarduera fisikoa osasun-iturri gisa erreibindikatzeko

2017.eko apirilak 06

 

Ariketa Fisikoaren Mundu Eguna eta Osasunaren Mundu Eguna direla-eta

 

Aurten bosgarren edizioa betetzen duen “Getxotik Oinez Bizi - Paseo Saludable por Getxo” ibilaldia berriz saiatuko da igande honetan jendea kontzientziatzen, osasun-egoera onean egoteko ariketa edo jarduera fisikoren bat erregulartasunez egitea zein garrantzitsua den jakin dezan. Horiek horrela, azken urteotan bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko egiten ari diren prebentzio-kanpainen barruan, Osasun Sailak eta Osakidetzak herritarrei dei egin diete igande honetan Getxon ibilaldi osasungarri horretan parte hartzera animatzeko. Horretarako, gainera, ez dago aldez aurretik izena eman beharrik. 

Getxoko udalerriko bazter berezienak zeharkatuko dituen ibilaldia igandean egingo da, apirilaren 9an, eta jende guztiak parte hartzeko aukera izan dezan, adina gorabehera, bi distantzia egiteko aukera eskaintzen du: 8 km edo 3 km. “Getxotik Oinez Bizi - Paseo Saludable por Getxo” 10:00etan hasiko da Algortako Geltokiko plazan eta 12:00ak aldera amaituko da Bizkaia Zubian (Zubi Esekia), Areetan. Herri-kirolen erakustaldia egingo dute bertan. 3 km-ko ibilaldian parte hartu nahi dutenentzat, elkargunea 11:00etan izango da Ereagako hondartzako Turismo Bulegoan

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan, biztanle helduen % 30ek besterik ez dute egiten behar adina ariketa fisiko, nahiz eta frogatuta dagoen ariketa fisikoa erregulartasunez egiteak murriztu egiten duela kardiopatiak eta istripu kardiobaskularrak, II motako diabetesa, koloneko minbizia, bularreko minbizia eta depresioa izateko arriskua.Gainera, ariketa fisikoa iraunkortasunez egiteak pisua kontrolatzen eta energia-oreka lortzen laguntzen du. 

Gaur (osteguna) ospatzen den Ariketa Fisikoaren Mundu Eguna eta, urtero bezala, bihar (apirilaren 7a, ostirala) ospatuko den Osasunaren Mundu Eguna ospatzeko antolatu da ibilbidea. Aurten, Osasunaren Mundu Erakundeak depresioa hautatu du bere kanpainaren gai gisa. Ariketa fisikoa egitea oso lagungarria da adin eta izaera sozial guztietako pertsonei eragiten dien nahasmendu horri aurre egiteko ere.

 

  Vitoria-Gasteizen, 2017ko apirilaren 6an