Osasun Saila

Gripeak gorakada txikia izan du urtarrileko bigarren astean

2017.eko urtarrilak 19

Gripearen intzidentzia-tasa Euskadin 100.000 biztanleko 390,5 kasutan kokatu da urtarrileko bigarren astean, aurreko astekoa baino zertxobait altuagoa, 341,6 kasutakoa izan baitzen aipatua. Tasa horren gorakada aurreikusteko modukoa bazen ere eta azken asteotan egondakoa baino txikiagoa izan bada ere, urtarrilean sasoiko intzidentzia-tasa altuenak ematen ohi dira. Osasun Sailak eta Osakidetzak, horrenbestez, beren Kontingentzia Plana indarrean mantenduko dute hurrengo asteotan. Halaber, gripeari aurre egiteko modurik onena ondoko gomendioak jarraitzea dela gogoratu diote biztanleriari:

 

  • Atseden hartzea etxean, likido asko edatea eta antitermikoak hartzea eta sukarrak alde egiten ez badu, medikuarekin kontsultatzea. 902 203020 “Osasun Aholkua” telefonoa dago eskuragarri ere (Araba: 945 203020; Bizkaia: 944 203020 eta Gipuzkoa: 943 203020) edozein kontsulta egin eta zalantza argitzeko.Horren erantzuna erizain espezializatu batek emango digu beti.
  • Sukarrak alde egingo ez balu eta osasun arreta beharko balitz, osasun zentrora eta EAG etengabeko arretako gunetara joatea komeni da, eta medikuaren aholkuak jarraitzea.
  • Beste gaixotasunaren bat izateagatik gerta daitezkeen konplikazio larrien kasuan, ospitaletako Larrialdietara joatea komeni da.
  • Transmisio indize handia duenez, garrantzitsua da ere eztula edo doministiku egitean babestea, eskuak maiz garbitzea edo erabili ostean botatzeko moduko mukizapiak erabiltzea.

 

EAEko Jagoletza Sareak eman dituen datuen arabera -astero-astero eguneratzen diren datuak-, egindako mikrobiologia-analisiek baieztatu dutenez gripe-isolamendu gehienak AH3 birusarenak dira. Gaur arte, sasoian zehar detektatu diren birus guztiak A motakoak dira eta aurtengo txertoan sartu diren birusekin bat datoz.

Baieztatutako gripearen ondorioz ospitaleratuak izan diren pertsonei dagokienean, ospitaleratutako 29 kasu larri egon dira bigarren astean. Aste honetako datu-eguneratzea eta gero, 129 pertsona ospitaleratu dituzte egoera larrian gripeagatik sasoia hasi zenetik,eta beren batezbesteko adina 72 urtekoa da. Ospitaleratuak izan diren pertsonen % 90a 64 urtetik gorakoen taldekoa edo gripearen ondoriozko konplikazio larriak izateko arriskua dutenen taldekoa zen. ZIU unitateek 32 gaixo hartu dituzte eta gehienek arrisku-faktoreak agertzen zituzten. 11 hildako egon dira sasoia hasi zenetik. Guztiak arrisku-faktoreak dutenen taldekoak edo 64 urtetik gorako taldekoak ziren eta ia erdiak txertoa jarri gabe zeukan. Beren batezbesteko adina 79 urtekoa zen. Era berean, gripe kasu larri bat izan da, haurdun dagoen emakume batena.

Horrenbestez, txertaldian zehar txertoa jartzeak duen garrantzia azpimarratu dute beste behin Osasun Sailak eta Osakidetzak, gripearen aurkako eta konplikazio larriak saihesteko metodorik eraginkorrena baita, eta arrisku handiko taldeen kasuan gehienbat: haurdun dauden emakumeak, 64 urtetik gorakoak eta gaixo kronikoak.

 

Lehen mailako Arreta

Gripeari loturiko kontsultek nabarmenki egin dute gora Osakidetzako ESI guztietan, 8.988 kontsulta egon baitira, urteko lehen astean egon ziren 4.803 kontsultekin alderatuta. Kontsulta-tasa berdintsuak egon dira lurralde guztietan.

Horregatik, Osasun Sail honetatik eta Osakidetzatik berriro ere eskerrak eman nahi dizkiegu lehen mailako arretako eta Larrialdietako langile guztiei, ahalegin handia eta lan ona egin dutelako laguntza asko eman behar izan den denboraldi honetan. 

2017/01/19