Osasun Saila

Euskadi biztanleriako milioiko 65 organo emailetara iritsi da 2016an

2017.eko urtarrilak 11

2.400 pertsonatik gora trasplantatu dira azken hamarkadan Euskadin

Gora egin dute ehunen dohaintzaren eta aitzindari hematopoietikoen (hezur-muinaren) transplante-tasek

 

2016an, dohaintza-tasa biztanleriako milioiko 65 emailetara iritsi da Euskadin, estatuko batez bestekotik gora, biztanleriako milioiko 43 emailetan kokatua. 

Tasa hori bere bilakaeraren testuinguruan ikusi behar da beti, gutxienez 5 urteko aldiak kontuan izanda, joera hobeto ikusteko. Ildo horretan, Euskadik, azken bosturtekoan ez ezik, 2000. urtetik, milioi bat pertsonako 40 emailetik gorako tasa du, eta Osasunaren Mundu Erakundeak optimotzat hartzen du eta lehentasunezko lekuan jartzen gaitu, Europako zein munduko testuinguruaren barruan.

 

2016an erregistratutako datuak aztertuta, asistoliako dohaintza-programak bultzatu dira, eta ezaugarri horretako emaileen % 36.3an kokatu gara; estatuko batez bestekotik gora (% 17) eta Holanda (% 45), Belgika (% 28) edo Erresuma Batuaren (% 38) mailan, munduan asistoliako dohaintzetan jarduera handiena duten herrialdeak.

Emaileen % 58 hil egiten dira istripu zerebro-baskularren ondorioz, % 15 traumatismo kranioentzefalikoagatik (% 3 trafiko-istripuz) eta gainerakoa beste kausa batzuengatik.  

Beste alderdi adierazgarrienetako bat da 10 familiatik ia 9 (% 89.5) dohaintzaren aldekoa dela, estatuko tasatik 5 puntu inguru gora eta zifra europar eta amerikarren gainetik ere (% 70-80).

 

ORGANO TRASPLANTEA

 

Lortutako dohaintza-tasa horiek gure pazienteen trasplante-aukerak zifra benetan nabarmenetan jartzen dituzte, beste herrialde batzuetan lortutakoetatik gora argi eta garbi.

Horrela, 2016an, 285 pertsonak jaso zuten organo bat Euskadin. Zehazki, hauek izan ziren:

 

- 168 giltzurruneko trasplante (horietatik % 12.5 emaile biziarenak),

- 87 gibeleko trasplante,

- 9 birikako trasplante,

- 17 bihotzeko trasplante

- Eta 4 giltzurrun-pankreako trasplante

 

Azken 10 urteotan, guztira 2.420 organo-trasplante egin zaizkie euskal pazienteei (1.478giltzurrunekoak, 690gibelekoak, 139bihotzekoak eta 113birikakoak), Europako zentro eskarmentudunen antzeko emaitzekin edo hobeekin.

 

EHUN/ZELULEN DOHAINTZA – TRASPLANTEA

 

Ehun/zelulen dohaintzari eta trasplanteari dagokionez, 2016an zehar 177 ehun-emaile detektatu dira. Ehuna –korneak, ehun osteotendinosoa, azala…– Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora bidaltzen da, prozesatzeko, gordetzeko eta trasplanterako banatzeko.

Halaber, zilbor-hesteko 600 odol-unitate jaso dira (Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea, Basurtuko Unibertsitate Ospitalea, Arabako UO eta baita Quirón ere) erabilera unibertsalerako modu altruistan eman eta zentroan bertan biltegiratu direnak.

Aitzindari hematopoietikoen (hezur-muinaren) 1.502 emaile ere erregistratu dira Josep Carreras Nazioarteko Fundazioaren Erregistroan, hots, aurreikusitako helburuak % 25ean gainditu dira.

Era berean, 60 trasplante alogeniko egin dira (24 ahaidetu eta 36 ez-ahaidetu) Euskadiko Erreferentziako Zentroan (Donostiako Unibertsitate Ospitalean), eta horrek inguruneko herrialde europarren antzeko tasetan kokatzen du Euskadi.

             

ESKERRAK GIZARTEARI ETA PROFESIONALEI

 

Datu hauek ikusita, Euskadiko trasplanteen koordinatzaile Joseba Aranzabalek esker oneko mezu bat bidali nahi izan du, lehenik, euskal gizarte osoarentzat; eta bereziki aipatu ditu emaileen familiak, une benetan zailetan izan duten konpromisoagatik.

Esker on hori dohaintza- eta trasplante-programetan parte hartzen duten Euskadiko zentro baimenduetako (ia denak dira, publikoak zein pribatuak) profesional sanitario eta ez-sanitarioei zabaldu die. Eta zeregin erabakigarria duten erakundeei ere bai, hala nola Epaileriari, mediku forentseei, auzitegietako langileei, aireportuetako langileei, SOS-DEIAKi, Ertzaintzari…

Eta, jakina, gaixoen elkarteei, sentsibilizazioaren esparruan egiten duten lanagatik, funtsezkoa dena euskal gizartearen elkartasun-kota hauek ulertzeko. 

  

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 11