Eusko Jaurlaritzak Justizia Leheneratzailearen alde egin du apustu, Euskadiko Justizia Administrazioa modernizatzeko, arintzeko eta kostuak aurrezteko

congreso_restaurativa_01.jpg

2016.eko ekainak 18

  • Josu Erkorekak Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du, Euskadin eredu judizial leheneratzailea ezartzekoa, kaltegilea jazarri, zigortu eta gizartetik bakartzea beste helbururik ez duen zigor-eredu tradizionala baino modernoagoa, eraginkorragoa eta gizalegezkoagoa denez.
  • Justizia leheneratzailearen arloko metodo berriak, gainera, lagungarriak dira epaitegien lan-karga arintzeko, justizia-ebazpenak azkartzeko eta baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzeko.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak pasa den ostegunetik, hilak 16, Donostiako Kursaalen egin den «Justizia Leheneratzailea eta Terapeutikoa, Justizia-eredua berritzaileetarantz» Europako lehen kongresuaren itxiera ekitaldian hartu du parte gaur goizean. Zehazki, amaierako hitzaldia aurkeztu du, «Justiziaren berme konstituzionalak modalitatez-modalitate», Konstituzio Auzitegiko magistratu Adela Asuak eskaini duena. 

Josu Erkorekak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak justizia leheneratzailearen metodo eta bitarteko guztiak aztertzeko, sustatzeko eta ezartzeko apustu egingo du, zigor hutsean oinarritutako justizia tradizionala osatzeko edo ordezteko. Josu Erkoreak ziurtatu du justizia leheneratzailea justiziaren gaineko ikuspuntu berritzailea dela, justuagoa eta gizalegezkoagoa kaltegileak gizartetik bakartu eta zigortzeko beste helbururik ez duen eredu tradizionala baino. Izan ere, justizia leheneratzailea haratago doa gatazken ebazpenari dagokionez, eta kaltegileak kontzientzia hartzea eta ardura beregain hartzea ditu xede, baita egindako kaltea erreparatzea, gizarte-harremanak berrezartzea edota gatazkak baketzea ere. 

Justiziako sistema tradizionalarentzat aurrerapen handia izateaz gain, justizia leheneratzaileko metodoak erabilgarriak eta eraginkorrak dira baliabide publikoen erabilera arrazionalizatzeko: prozesu judizial luze eta garestiak ekiditen diren neurrian, gatazken ebazpenean arrakasta- eta gogobetetze-maila handiagoa lortzeaz gain, kostu ekonomikoa txikiagoa da. Aldi berean, ordezko metodo horiei esker, epaitegietako eta auzitegietako lan-karga arindu daiteke, eta ebazpenak emateko epeak laburtu, herritarrei eskainitako zerbitzu publikoaren kalitatea areagotuz.

EUSKO JAURLARITZAREN BITARTEKARITZA-ZERBITZUAK

Eusko Jaurlaritza Estatuan aitzindari izan zen bitartekaritza-zerbitzuak ezartzen. Gaur-gaurkoz, doako bitartekaritza-zerbitzuak eskaintzen dizkie herritarrei hainbat arlotan. Hauek dira azpimarragarrienak:

  • ·         Familia: Familia Bitartekaritzarako 1/2008 Legeak, otsailaren 8koak, araututakoa. Aditu inpartzialek laguntza ematen diete aldeei, familia-gatazketan adiskidetasunezko konponbideak elkarrekin erdietsi ditzaten.
  • Kontsumoa: Eusko Jaurlaritzako Kontsumobide erakunde autonomoak egiten ditu bitartekari-lanak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eta horiek eskuratu dituzten zerbitzuen eta produktuen hornitzaileen artean.
  • Hipoteka: zehazki, Eusko Jaurlaritzako Hipoteka Bitartekaritzarako Zerbitzua, Ekonomisten Euskal Elkargoko eta Euskadiko Zinpeko Kontu Azterlarien Institutuaren Euskadiko taldeko profesionalen bitartez eskaintzen dena. Helburua hipoteka gauzatze-kasuak saihestea da. Horretarako, eskatzaileen eta finantza-erakundeen artean bitartekari aritzen dira, zorra berriz negoziatzeko.
  • Gazte Justizia: legea hautsi dutelako atxilotutako adingabeen kasuan abiarazten den zerbitzu bat da. Helburua da adingabeak berak eragin dituen kalteak aitortzea eta biktimarekin konpondu ahal izatea. Halako bitartekaritzari esker, adingabeak kontzientzia hartzen du eta hura berriz gizarteratzea sustatzen da; halaber, hark arauak berriz haustea eta zigor askatasun-kentzaileak saihesten dira.  
  • Helduen justizia: Bitartekaritza Zerbitzu Judiziala, 2007an sortu zenetik izan duen hazkundea dela medio, Euskadin Estatuan beste inon baino garatuago dago: Estatuan bitartekaritzaren formularen bidez konpondutako 10 kasutik 6 Euskadikoak dira. Zigor-arloko jurisdikzioan eta zibil-familiarrean (banantzeak, dibortzioak, zaintza, gatazkak ardurapeko seme-alabekin, etab.) eskaintzen da zerbitzu hori.