Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Eusko Jaurlaritzak elkarteei Euskadiko administrazio elektronikoaren hedapenari buruzko prestakuntza ematen jarraitu du

Elkarteekin Gasteizen izandako saioa

egilea: Javier Bikandi, 

Joan den maiatzaz geroztik, tramitazio elektronikoari buruzko zenbait lan-saio antolatu ditugu Euskadiko elkartegintzaren ordezkaritza zabal batekin batera.

Saio horietako azkena aste honetan bertan egin da Gasteizko Aldabe Gizarte Etxean, lan-mundura itzultzea xede duen Sartu-Araba elkarteak antolatuta, “Administrazioekiko harreman telematikoa” izenburupean.

Hilabete hauetan, horrelako topaketak antolatu ditugu era askotako kolektiboentzat. Hasteko, lan-jardunaldi bikoitza egin genuen maiatzean Bizkaiko erretiratu eta pentsiodunen 130 elkarte baino gehiago biltzen dituen Nagusiak sarearekin. Gasteizen antolatutako saiora arte, askotxo izan dira hiru lurralde historikoetan, Bolunta (gizarte boluntariotza eta partaidetzarako agentzia), FUNKO Euskal Fundazioen Konfederazioa edota Gizalde Gipuzkoako Boluntariotza bezalako erakundeen koordinaziopean antolatutako prestakuntzetara hurbildu diren elkarteen ordezkariak.

Euskadin dauden 24.000 erakundeei administrazio publikoekin online baino ezin egingo dituzten prozesu telematikoei  buruzko prestakuntza ematea izan da saioaren helburua, Administrazio Prozedura arloan dagoen indarreko legeria berriaren arabera.

Topaketa hauetan elkarteek online egin beharreko tramitazio-prozesuak, baita harreman elektronikoa gauzatzeko behar dituzten tresnak ere era didaktikoan erakusten saiatu gara, izapide hauetarako erabiliko dituzten plataforma teknologikoetatik beharrezkoak diren ziurtagiri digitaletara.

Horrela, estatutuak aldatzea, zuzendaritza-batzordeko eraketan egiten diren aldaketak jakinaraztea, edota diru-laguntzak eskatzea bezalako kudeaketak modu telematikoan egin beharko dira.

Erakunde horiek prestatzen eta trebatzen jarraitzearen xede hau Eusko Jaurlaritzak Euskadin administrazio elektronikoa erabat hedatzearen alde eta herritarren eta Administrazio Publikoaren arteko harremanen aldaketari dagozkion gai guztiak erarik eraginkorrenean egokitzearen alde hartu duen konpromisoari atxikita dago. Horregaitik, Administrazioaren aldetik prozesu hauek errazteko erabili behar diren tresna teknologikoen egokitzapenaz gain (akreditazio-sistema, erregistro elektronikoa, etab), herritarren ahalduntzea beharrezkotzat jotzen dugu. Hau guztia administrazioko izapideetan “zero papera” lortzearen helburuari lotuta.

2018an, helburu berdinarekin bilera gehiago antolatuko dira beste elkarte batzuekin: online tramitatu ahal izateko baliabide guztiak izan ditzaten eta hauek laguntzea prozesu honetan, teletramitazioa administrazioa eta herritarren arteko erlazioan alde guztientzat onuragarria dela erakutsiz.