Segurtasun Saila

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024. Mahaikideak. Galderak eta erantzunak. Mahaia

Izendapena

Osaketa

Eraketa

Eginkizunak

Eskubideak

Izendapena

Zer epetan izendatu behar dira hauteskunde-mahaiko kideak? Eta nork izendatzen ditu?

Deialdiaren ondorengo 25 eta 29 egunen artean, udalbatzak zozketa bidez izendatzen ditu udalerriko hautesleen artean hauteskunde-mahai bakoitzeko titularrak eta horien ordezkoak (9 izendapen hauteskunde-mahai bakoitzeko: 3 titular eta 6 ordezko) (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 43.4 artikulua).

Zer epe du udalak hauteskunde-mahaiko kideei izendapenaren berri emateko?

Izendapenaren ondorengo 3 egunetan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 44.1 artikulua).

Nora jo behar dut hauteskunde-mahaiko kide izanda bozketa-egunean hara joan ezin badut? Zein da legezko epea hauteskunde-mahaiko kide izendatutako pertsonen eginkizun hori ez betetzeko aitzakiak aurkezteko?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 44.1 artikuluaren arabera:

  • Lehenik: Dagokizun eskualdeko hauteskunde-batzordera jo behar duzu, zure aitzakia aurkeztera, edo idazkia faxez bidal daiteke batzorde horretara.
  • Bigarrenik: 7 eguneko epea duzu jakinarazpena jaso duzun egunetik zenbatzen hasita, hauteskunde-mahaiko kide ez izateko arrazoiak agiriz egiaztatzeko, dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordean. Eskualdeko hauteskunde-batzordeetan inprimaki bat edukiko dute dagozkion aitzakiak idatziz jasotzeko.

Zer legezko epe dute eskualdeko hauteskunde-batzordeek alegatutako aitzakiak ebazteko?

Batzordeak 5 eguneko epean ebatziko du. (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 44.1 artikulua).
Eskualdeko hauteskunde-batzordeak (EHB) aitzakien inguruko ebazpenak hartu ondoren:

  • Alegatutako aitzakia aintzat hartzen ez bada EHBak behin betiko jakinaraziko dio hauteskunde-mahaiko kidearen izendapena; gainera, aitzakia baztertu izanaren arrazoia azalduko dio laburki.
  • Alegazioa onartuz gero kargua betetzetik salbuetsiko dute pertsona hori eta beste kide bat izendatuko dute, baita hala jakinarazi ere. Ezin da beste errekurtsorik jarri EHBaren erabakiaren aurka.

Noiz arte izenda nazakete hauteskunde-mahaiko kide? Eta zer epe dut nik aitzakiak aurkezteko?

Bozketa-eguna baino 24 ordu lehenago izenda daiteke hauteskunde-mahaiko kide bat, gehienez ere. Aitzakiak aurkezteko epea jakinarazpen-dataren araberakoa izango da. 

Zer gertatzen da aitzakiak aurkezteko epea bukatu ondoren behin betiko hauteskunde-mahaiko kidetzat jo eta, hauteskunde-egunean, justifikatutako arrazoi batengatik hauteskunde-mahaira joan ezin denean? Zer egin behar da?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 44.2 artikuluaren arabera:

  • Dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordean horren berri eman beharko da bozketa-eguna baino 72 ordu lehenago, gutxienez ere eta dagozkion justifikagarriak aurkeztu beharko dira.
  • Ezintasuna bozketa-egunean sortuko balitz, interesatuak berehala jakinarazi beharko dio dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari, bozketa-eguneko goizeko 8:00 baino lehen, beti ere, hauteskunde-batzorde horrek ordezkapena egin dezan.

Hauteskunde-mahaiko titular edo ordezkotzat izendatu ondoren nahitaez joan behar al da bozketa-egunean hauteskunde-mahaira?

Hauteskunde-mahaiko kidearen kargua, titularra zein ordezkoa dela, nahitaez bete beharrekoa da; hala, bozketa egunean goizeko 8:00etan joan beharko da hauteslekura, hauteskunde-mahaia eratzeko.
Dagokion agirizko justifikazioa aurkeztu gabe ez joatea delitua da eta 3 hilabete eta urtebete bitarteko kartzela-zigorra edo 6 eta 24 hilabete bitarteko isuna dagozkio (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 42.1 artikulua eta Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoko 143. artikulua).

Nork ezin du a priori hauteskunde-mahaiko kide izan, legearen arabera?

Hauek ezin izango dira hauteskunde-mahaiko kide izan (ELHLren 42.2 eta 3 art.):

  • Hauteskunde-batzordeetako kideak.
  • Hautagai gisa hauteskundeetan parte hartuko dutenak.
  • Hautatutako edo izendapen askeko kargu publikoak.
  • Beren eskubide zibil eta politikoak erabat indarrean izan ez dituztenak.
  • Horretarako aukeratu ezin diren pertsonak.
  • Gaixorik edo ospitalean dauden pertsonak.
  • Hauteskunde-barrutitik kanpo bizi direnak.
  • Itsasoan direnak.
  • Haurdunaldiko seigarren hilabetetik aurrera dauden emakumeak eta amatasun-atsedenaren aldian daudenak.
  • 9 hilabetera arteko edoskitzaroan daudenak.
  • 70 urteko edo gehiagoko pertsonak.
  • Beste edozein, horretarako arrazoi justifikaturen bat badu.

Zer arrazoi jotzen dira justifikagarritzat hauteskunde-mahaiko kide titularra edo ordezkoa izan behar ez izateko aitzakia gisa?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 42.3 artikuluan zehaztutakoak: Ez dute bertaratu beharko ospitalean dauden pertsonek edo medikuaren ziurtagiriarekin justifikatzen duten gainerako pertsonek, ez eta barrutitik kanpo bizi diren pertsonek ere (ELHLren 42.3 artikulua).

Horrez gain, agiri bidez justifikatutako arrazoiak Hauteskunde Batzorde Zentralaren ekainaren 28ko 7/2023 Instrukzioan aipatzen dira.

Ertzaintzako kide izatea hauteskunde-mahaiko kide ez izateko justifikatutako arrazoitzat jotzen al da?

Bai, justifikatutako arrazoia da, Autonomia-erkidegoko hauteskunde-batzordearen 1990eko urriaren 24ko akordioaren arabera.

Nola eta zer eskakizunen arabera izendatzen dira hauteskunde-mahaiko kideak?

Dagokien udaleko udalbatzak izendatzen ditu, udalerriko hautesleen artean zozketa eginez (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 43.2 artikulua).

  • auteskunde-mahaiko lehendakaria edo horren ordezkoa izateko 70 urte baino gutxiago eduki behar dira, eta 18 urte baino gehiago; oro bat, batxilergoko titulua edo bigarren mailako lanbide-heziketakoa eduki behar dira.
  • Hauteskunde-mahaikide edo ordezko izateko 70 urte baino gutxiago eta 18 baino gehiago eduki behar dira, eta eskola graduatua edo horren antzekoa eduki behar da, edo irakurri eta idazten jakin.

65 urtetik gorakoek izendapen horri uko egin ahalko diote eskualdeko hauteskunde-batzordean, 7 eguneko epean.

Zer erakundek du hauteskunde-mahaiko kide izendatu zaituztela jakinarazteko eskumena?

Udalak, Hauteskunde-batzorde zentralaren 1986ko maiatzaren 26ko eta 1986ko ekainaren 9ko akordioen arabera.

Pertsona bat artekari edo ahaldun gisa jarduten ari bada eta jarduten duen hauteskunde-mahai horri dagokion barrutiko hauteslea bada, hauteskunde-mahaiko kide izenda dezakete?

Ez, baldin eta artekari- edo ahaldun-izendapena hauteskunde-mahaiko kide izendatu dutela jakinarazi aurretik gertatu bada. Izendapenak hauteskunde-mahaiko kidetzat esleitu ondoren gertatzen badira, berriz, ezin izango dituzte hautagaitza bateko artekari edo ahaldun gisa izendatu.

2023ko hauteskunde orokorretan hauteskunde-mahaiko titular edo ordezko izan den pertsona bat hauteskunde-mahaiko titular edo ordezko izenda dezakete hurrengo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan?

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetarako hauteskunde-mahaiko kideak zozketaz hautatu behar dira eta baliteke 2023ko hauteskunde orokorretan izandakoekin bat egitea, edo ez. Hala ere, azken 10 urteetan gutxienez 3 aldiz izendatu badute, mahaira joateko betebeharretik desenkusatu daiteke.

Zer gertatzen da hauteskunde-mahaiko kide bati ezin zaionean bere eginkizuna jakinarazi?

Udalak horren berri eman beharko dio dagokion eskualdeko hauteskunde-batzordeari eta horrek hauteskunde-mahaiko beste kide bat izendatzeko aginduko dio udalari, behar bezala jakinarazi diezaioten

Hauteskunde-mahaiko kideak izendatzeko legezko epetik kanpo jakinarazi diezadakete hauteskunde-mahaiko kide izendatu nautela?

Jakinarazpenak egiteko legezko epetik kanpo, egin daitezke izendapenak, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 44.2 artikuluaren arabera, hauteskundeen aurreko eguneko 00:00ak arte

Osaketa

Zein eta zenbat kidez osatzen dira hauteskunde-mahaiak?

Hauteskunde-mahaiko hiru titularrak, hau da, lehendakaria, 1. hauteskunde-mahaikidea eta 2. hauteskunde-mahaikidea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97.2 artikulua).

Hauteskunde-mahaietako zein eta zenbat kidek joan behar dute nahitaez hauteskunde-eguneko goizeko 8:00etan hauteskunde-mahaiak osatzeko?

Hauteskunde-mahai bakoitzerako titular eta ordezko gisa izendatutako 9 pertsonek. Hau da, lehendakariak eta bi hauteskunde-mahaikideek (3 pertsona), bai eta lehendakariaren bi ordezkoek eta hauteskunde-mahaikideen 4 lau ordezkoek ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 99.1 artikulua).

Zer gertatzen da bozketak dirauen bitartean hauteskunde-mahaiko hiru kideak hauteskunde-mahaian ez badaude?

Bozketak dirauen bitartean lehendakaria eta bi hauteskunde-mahaikideak hauteskunde-mahaitik joan ahalko dira, aldi baterako eta justifikatutako arrazoiak direla medio, baina hauteskunde-mahaiko bi kidek etengabe egon beharko dute hauteskunde-mahaiaren buru.

Hauteskunde-mahaiko titularrek eta ordezkoek hauteskunde-mahai horretako hautesle izan behar al dute?

Bai, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 43.2 artikuluaren arabera.

Eraketa

Zer ordutan joan behar dute hauteskunde-mahaiko titularrek eta ordezkoek hauteskunde-mahaira hauteskunde-mahaia eratzeko?

Bozketa-eguneko goizeko 8:00etan hantxe egon beharko dute hauteskunde-mahai bakoitzerako titular zein ordezko gisa izendatutako 9 pertsonek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97.1 artikulua).

Zer ordutarako egon behar da eratuta hauteskunde-mahaia?

Hauteskunde-mahaiak bozketa-eguneko goizeko 8:30 aldera eratuta egon beharko du.

Zer kiderekin eratzen da hauteskunde-mahaia?

Hiru kide: lehendakaria eta bi hauteskunde-mahaikide (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97.2 artikulua).

Zer gertatzen da hauteskunde-mahaiko titularren edo ordezkoren bat ez bada hauteslekuan azaltzen bozketa-eguneko goizeko 8:00etan? Nola ordezkatzen dira? Zer ordezkapen-hurrenkerari jarraitu behar zaio?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 98.1 eta 98.2 artikuluen arabera, izendatutako lehendakaria agertu ez bada lehendakaritzarako lehen ordezkoak ordezkatuko du, eta azken hori ez badago, bigarren ordezkoak. Azken hori ere agertu ez bada lehen edo bigarren hauteskunde-mahaikideek ordezkatuko dute lehendakaria, hurrenkera horretan.
Ez lehen eta ez bigarren hauteskunde-mahaikideak agertu ez badira edo lehendakariaren kargua hartu behar badute, dagokien ordezkoek hartuko dute haien lekua.

Zer gertatzen da hauteskunde-mahaiko kideak 8:30 baino lehen ez agertzeagatik hauteskunde-mahaia eratu ezin bada?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 98.3 eta 98.4 artikuluen arabera, artekariek edo hauteskunde-mahaian dauden beste pertsonek horren berri eman beharko diote hauteslekuko edo hauteskunde-administrazioko ordezkariari, azken horrek udaleko idazkariari edo eskualdeko hauteskunde-batzordeari dagoen arazoa jakinarazi diezaion. Horiek ordezkari bat izendatuko dute, daudenen artean hauta ditzan hauteskunde-mahaiko kide berriak.

Hala eta guztiz ere, hauteskunde-eguneko 11:00k baino lehen hauteskunde-mahaia eratu ezin izan bada, horren berri eman beharko zaio eskualdeko hauteskunde-batzordeari, hurrengo egunean beste bozketa bat deitzeko.

Zer gertatzen da hauteskunde-mahai bat bozketa hasteko ordua (9:00ak) baino ordubete edo gehiagoko atzerapenez eratzen bada?

Unean uneko inguruabarren arabera, hauteskunde-mahaiak bozketa-ordua atzeratu egin ahal izango du, bozketa hasteko izandako atzerapena aintzat hartuta, arau honen arabera: Hauteskunde-batzorde zentralaren 2011-09-15ko akordioa.

Eginkizunak

Zein dira hauteskunde-mahaiaren eginkizun bereziak?

Hauteskunde-mahaiaren eginkizun bereziei dagokienez, bereizketa hauek egin behar dira:

  • 8:00etatik 8:30 baino lehenagora: Hauteskunde-mahaia eratzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 97. artikulua).
  • Hauteskunde-mahaia eratu ondoren eta 8:30 arte: Hautagaitzetako artekarien egiaztagiriak onartzea edo baztertzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 92.9, 92.10 eta 92.11 artikuluak).
  • Bozketa hasi (9:00etan) baino lehen:
    • Hauteskunde-mahaiak bozketa egiteko material guztiak dituela egiaztatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 99. artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiaren eraketa akta bete eta sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 100. artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiaren eraketa aktaren kopiak artekari eta ahaldunei ematea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 100.3 eta 100.4 artikuluak).
  • 9:00etatik 20:00etara:
    • Hautesleei beren nortasun-agiriak eskatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 105. artikulua).
    • Hauteslea hauteskunde-mahaiko erroldako zerrendetan agertzen den egiaztatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 106. artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakituan botoa ematen ari den pertsonaren izena eta abizenak jartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 107.2 artikulua)
    • Hautesleak hala eskatuz gero, botoa eman izanaren ziurtagiria ematea.
    • Honako hauek saihestea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 111. artikulua):
      • Hauteslekuetan eta horien inguruan hauteskunde-propaganda egitea edo hautesleei bozkatu baino lehen beren botoari buruz galdegitea.
      • Botoa ematearen ekintza askea zaildu, oztopatu edo hertsatzea.
  • 20:00etatik 20:30era, gutxi gorabehera (bozketa):
    • Postaz bidalitako botoak hautetsontzian sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 112.2 artikulua).
    • Botoa ematea, nahi badute, hauteskunde-mahaiko lehendakariak eta bokalek, baita artekariek ere (baldin eta beren jarduna betetzen duten hauteskunde-mahaiari dagokion barrutiko hautesleak badira), Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 112. artikuluaren arabera.
    • Hauteskunde-mahaiko boto-emaileen zerrenda zenbakitua sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 112.4 artikulua).
  • 20:30etik aurrera, gutxi gorabehera (hauteskunde-mahaiko zenbaketa egitea):
    • Botoen gutun-azalak kutxatik ateratzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 118.1 artikulua).
    • Gutun-azaletik ateratako boto-txartelari dagokion hautagaitza ozen irakurtzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 118.1 artikulua).
    • Hautagaitza bakoitzeko botoak, boto baliogabeak eta zuriak zenbatzea.
    • Kutxatik ateratako gutun-azalen kopurua hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakituan jasotako boz-emaileen guztizkoarekin alderatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 118.3 artikulua).
    • Ozen irakurtzea hauteskunde-mahaiko hauteskunde-emaitzak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 119.1 artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiaren zenbaketaren behin-behineko jakinarazpena bete eta sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 119.2 artikulua).
    • Kopia bat euskal administrazioaren ordezkariari ematea, beste bana artekari eta ahaldunei, eta beste kopia bat hauteslekuko sarreran jartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 119.2 artikulua).
    • Hauteskunde-mahaiaren bilkura-akta bete eta sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.1 artikulua).
    • Aktaren kopiak artekari eta ahaldunei ematea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.2 artikulua)..
  • Bozketa bukatzeko eragiketak: Mahaiko zenbaketa-jardun guztiak bukatutakoan:
    • Mahaiaren bilkura-aktari honakoak eranstea:
      • Baliogabetzat jotako boto-txartelak edo erreklamazioaren xede izan direnak, mahaiko kideek sinatuta; bai eta artekariek eta ahaldunek aurka egindako posta bidezko botoen gutun-azalak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.3 artikulua).
      • Hauteskunde-mahaiko artekarien izendapen-orriak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 120.4 artikulua).
    • Dagozkion agiriak 1. gutun-azalean sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121.1 artikulua).
    • Dagozkion agiriak 2., 3. eta 4. gutun-azaletan sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121.b) artikulua).
    • Agirien gutun-azal guztiak sinatzea, bai hauteskunde-mahaiko kideek eta bai artekariek ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121.c) artikulua).
    • Agirien lau gutun-azalak hauteskunde-mahaia dagoen udalerriko lehen auzialdiko epaileari edo bake-epaileari ematea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 122.1 artikulua).

Eraketa aktaren, zenbaketaren behin-behineko jakinarazpenaren eta hauteskunde-mahaiaren bilkura-aktaren zenbat kopia eman behar zaizkie eskatzen dituzten hautagaitzei?

Akten kopia bakarra emango zaie hura eskatzen duten hautagaitza bakoitzari (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 100.3 eta 119.2 artikuluak).

Hala eskatzen badute, hauteskunde-mahaiko boto-emaileen zerrenda zenbakitua edo hautesle-erroldako zerrendak eman al diezazkieke artekariei?

Ez, hauteskunde-mahaiko zerrenda zenbakitua zein hautesle-erroldako zerrendak hauteskundeetako agirien 1. gutun-azalean sartu behar dira (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 121.a) artikulua).

Eskubideak

Zer dieta jasotzeko eskubidea dute hauteskunde-mahaietako hiru kideek?

85 euroko dieta hauteskunde-mahaiko kide bakoitzarentzat (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 16.2 c) artikulua)

Dieta hori jasotzeko eskubidea al dute hauteskunde-mahaietako titularren ordezkoek?

Ez, bozketa-egunean hauteskunde-mahaiko kide diren pertsonek dute soilik dieta hori jasotzeko eskubidea. Hauteskunde-mahaiko ordezko bat mahaiko titular izatera igarotzen bada, orduan bai, dieta jasotzeko eskubidea izango du.

Dieta hori jasotzeko eskubidea al dute hautagaitzetako artekariek?

Ez.

Hauteskunde-mahaiko kideentzako dietari errenta-zergaren atxikipena egin behar al zaio?

Ez, dieta horiek edozein atxikipenetik aske daude.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan aitortu behar al da hauteskunde-mahaiko kideek jasotzen duten dieta?

Ez.

Hauteskunde-mahaiko kideek eskubidea al dute beren enpresaren ordaindutako baimena jasotzeko, baldin eta hauteskunde-egunean lan egitea badagokie? Eta bozketaren hurrengo egunean lanaldia murriztekoa?

Hauteskunde-mahaiko kideek eskubidea dute ordaindutako baimena jasotzeko, baldin eta bozketaren egunean lana egitea badagokie. Gainera, hauteskunde-egunean lan egitea egokitu edo ez, bozketaren hurrengo egunean 5 orduko lanaldi-murrizketa izateko eskubidea dute.

Zer agiri aurkeztu behar dut lan egiten dudan enpresan datozen hauteskundeetan hauteskunde-mahaiko kide izateagatik dagokidan lanaldi-murrizketa eman diezadan?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde hauetarako hauteskunde-mahaiko kide izendatu izanaren jakinarazpena jasotzen duen agiri ofiziala. Agiri hori galdu baduzu zure udalarekin harremanetan jar zaitezke, hauteskunde-mahaiko kide izendatu izanaren ziurtagiri bat eman diezazun.

Hauteskunde-mahaiko ordezko izendatu naute eta bozketa-egunean lan egitea dagokit; enpresak lan-eguna aldatu behar al dit? Zer gertatzen da azkenean hauteskunde-mahaiko kide gisa jardun behar ez badut?

Enpresak lan-eguna aldatu beharko dizu. Azkenean hauteskunde-mahaiko kide gisa jarduten baduzu ez duzu lan-eguna berreskuratu beharko; eta jarduten ez baduzu, berriz, egun hori berreskuratu egin beharko duzu.

Mahaiko kide izendatu naute eta bi enpresatan ari naiz lanean, batean goizez eta bestean arratsaldez. Zer enpresak eman behar dizkit bozketaren hurrengo egunean dagozkidan 5 ordu askeak?

Bi enpresek eman beharko dizkizute ordu askeak, bakoitzean egiten duzun lan-kopuruaren proportzioan, guztira 5 ordu aske izan ditzazun.

Hauteskunde-mahaiko kide izendatu naute, eta lanaldi murriztuan dihardut. Zenbat orduko murrizketa dagokit hurrengo egunean?

5 orduko murrizketa dagokizu, lanaldiaren ordu-kopurua gorabehera.

Hauteskunde-mahaiko kide gisa dagozkidan eginkizunak bete ondoren hasten da nire lanaldia, gaueko txandan, 00:01etik aurrera. Zer eskubide ditut?

Lanaldiaren 5 orduko murrizketa izateko eskubidea duzu, honako arau honen arabera: Hauteskunde-batzorde zentralaren 2011-11-3ko akordioa.

Hauteskunde-mahaiko kide gisa dagozkidan eginkizunak bete baino lehen baina bozketa-egunean hasten da nire lanaldia, gaueko txandan, 00:01etik aurrera. Zer eskubide ditut?

Txanda beste egun batera aldatzea eskatzeko eskubidea duzu.

Hauteskunde-mahaiko kideek eta ordezkoek ba al dute, bozketa-egunean zehar, istripuen edo bestelako gertaeren aurreko asegururen bat?

Bai, Gizarte Segurantzako sistemak babesten ditu hauteskunde-mahaiko lehendakariak eta bi mahaikideak, bai eta hauteskunde-mahaiaren eraketara aurkezten diren ordezkoak ere, hauteskundeetan parte hartzetik erator daitezkeen gertaera eta egoeren aurrean (apirilaren 16ko 605/1999 Estatuko Errege Dekretuko 8. artikulua).

Hauteskunde-mahai bateko lehendakariaren ordezko izendatu ninduten eta, mahaiaren eraketan egon ondoren, hauteskunde-mahai horretako kide izendatu ez nindutenez gero etxera itzultzen ari nintzela, erori eta zauritu egin nintzen. Zer eskubide dut?

Gizarte Segurantzaren babesa duzu. Osasun-laguntza behar baduzu honako datu hauek eman beharko dizkiozu Eusko Jaurlaritzari, 012 telefonora deituta:

  • Zauritutako pertsonaren izen-abizenak, NANa eta helbidea.
  • Zer hauteskunde-mahairako izendatu zaituzten ordezko gisa.
  • Istripuaren nolakotasuna eta kokalekua.
  • Zer osasun-zentrotan artatu zaituzten.

Poliziak hauteskunde-mahaiko kideren bat (lehendakaria, bokalak eta artekariak) atxilotu al dezake bozketaren egunean?

Ez, baldin eta delitu goria ez bada (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 108.5 artikulua).

Ba al dute istripuen aurkako asegururen baten babesa bozketaren egunean hauteskunde-mahaietako emaitzak jasotzeaz arduratzen diren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkariak eta hauteslekuetako arduradunek?

Eusko Jaurlaritzak izendatutako langile direnez gero, istripuen aurkako asegurua dute bozketa-egunerako.