Segurtasun Saila

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2024. Badakizu?

  1. Apirilaren 21eko hauteskundeetan, 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa eman ez zuten 75.634 gaztek emango dute botoa, orduan 18 urte bete ez zituztelako. 11.031 Araban, 26.332 Bizkaian eta 38.271 Gipuzkoan.
  2. 2023ko uztaileko hauteskunde orokorretan, Bizkaia izan zen posta arruntez bozkatzeko eskaera gehien egin ziren estatu osoko probintzia: erroldaren % 14.
  3. Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko azaroaren 25eko 28/1983 Legea autonomia-erkidego batek gai horri buruz onartu zuen estatuko lehena da.
  4. 1984ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hauteskunde-mahaiak bi kidek soilik osatu zituzten: lehendakari batek eta bokal batek. Bozketaren egunean ez zen istilurik izan.
  5. 2011ko azken lege-erreformaren ondoren, entzumen-desgaitasuna duten pertsonek mahaiko lehendakari edo bokal izan daitezke. Horretarako, zeinu-hizkuntzako interprete baten laguntza izan dezakete. Eusko Jaurlaritzak doan ipintzen du.
  6. Hauteskunde-mahai batean titular edo ordezko eginkizunak betetzera joaten ez denari, bozketa-egunean, delitu gisa, 3 hilabetetik urtebete arteko espetxealdi-zigorra edo isun ekonomikoa ezarri ahal zaio.
  7. 1980ko hauteskundeen ondoriozko legebiltzarrean 4 emakume aukeratu ziren (60 kidetatik). 2020ko hauteskundeetan, ordez, 36 (75 kidetatik).
  8. Eusko Legebiltzarrerako 2020ko azken hauteskundeetan:
    • Mahaietan parte hartzeko izendatutako 2 pertsonek zeinu-mintzairaren interpretearen laguntza eskatu zuten, eta Eusko Jaurlaritzak doan ipini zituen.
    • 5 pertsonek eskatu zuten braille botoa.
    • Aldi baterako atzerrian bizi ziren 123 pertsonek eskatu zuten posta bidez bozkatzea.
  1. Parte-hartze handiena izan zuten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2001ekoak izan ziren: %78,97. 2020koak berriz, izan ziren partaidetza-ehuneko txikienekoak, %50,78. Baina kontuan izan behar da 2020ko hauteskundeak pandemia egoeran egin zirela, eta uztaileko asteburu batean.
  2. Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetan, 1980an, hautesbarruti bakoitzean 20 legebiltzarkide aukeratu behar ziren, hau da, Euskadin guztira 60. Hurrengo hauteskunde guztietan, aldiz, kopurua 25ekoa izan da, aldatu gabe, hau da, 75.
  3. Euskadiko Autonomia Estatutua 1979an onartu zenetik, Eusko Legebiltzarrerako 12 hauteskunde egin dira guztira, urte hauetan: 1980, 1983, 1986, 1990, 1994, 1998, 2001, 2005, 2009, 2012, 2016 eta 2020an.
  4. 2012ko hauteskunde autonomikoez geroztik, bozketako gutun-azala hautestontzian ez du mahaiko lehendakariak sartzen, hautesleak berak baino.
  5. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan parte hartzerik handiena udalerri hauek izan zuten: Araban Eskuernagak (%85,29), Bizkaian Arratzuk (%85,06) eta Gipuzkoan Orexak (%88,76). Eta parte hartzerik txikiena, Araban Bernedok (%48,38), Bizkaian Sestaok (%57,06) eta Gipuzkoan Hernialdek (%51,57).
  6. Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetan, postaz bozkatzeko onartutako eskaeren errekorra egon zen: 124.388. Aldiz, 2009koetan, adibidez, 43.168 baino ez ziren egon. Ez da ahaztu behar 2020ko hauteskundeak pandemia egoeran egin zirela, eta gainera uztaileko asteburu batean.
  7. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda gehien 1990eko hauteskundeetan Bizkaian aldarrikatu ziren (19 hautagai-zerrenda); eta hautagai-zerrenda gutxien 2001eko hauteskundeetan Araban (7 baino ez).
  8. Euskadiko eta Galiziako hauteskundeak data berean izan dira 2009, 2012, 2016 eta 2020 urteetan. Gainera, bi legebiltzarrek kide kopuru bera dute: 75.
  9. Hala ere, beste alderdi batzuetan alde handiak daude bi erkidegoen artean. Galiziako hauteskunde-muga %5etik gorakoa da, eta Euskadikoa %3tik gorakoa. Gainera, bateraezina da Galizian alkate eta legebiltzarkide izatea, eta hori ez da gertatzen Euskadin.
  10. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lurralde historikoko 3 hauteskunde-batzorde daude (lurralde bakoitzeko bat) eta eskualdeko 10 hauteskunde-batzorde (Amurrio, Gasteiz, Balmaseda, Bilbo, Gernika-Lumo, Durango, Azpeitia, Bergara, Donostia eta Tolosa).
  11. Otsailaren 10eko 2/2020 Dekretuaren bidez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak deitu ziren, apirilaren 5ean egiteko. Hala ere, Covid-19ak piztutako pandemia dela eta, indarrik gabe utzi zituzten. Ez zen izan arrazoi horregatik bertan behera geratu zen hauteskunde bakarra. Berdin gertatu zen martxoaren 22ko Frantziako udal hauteskundeen bigarren itzuliarekin edo maiatzaren 7ko Erresuma Batuko udal hauteskundeekin eta 2020ko Galiziako hauteskundeetan.
  12. Hauteskunde autonomiko guztietan, boto-emaileak boto bakarra ematen du, Kanariar Uharteetan izan ezik, horietan bi boto-paper baitaude: bata uharte-barrutiari dagokiona eta bestea autonomia-barrutikoa.
  13. Hasiera batean, 4 autonomia-erkidegotan (Euskadi, Andaluzia, Katalunia eta Galizia) bakarrik egin zitezkeen hauteskunde autonomikoak udal-hauteskundeez bestelako egunetan. Denborarekin, autonomia-estatutuak aldatu egin dira, eta, orain, horietako askotan, posible da.
  14. 2018. urtera arte, urte horretan HAOLO (LOREG) legea erreformatu baitzen, epai judizial irmo baten bidez desgaitu deklaratutako pertsonek ezin zuten bozkatu. Erreforma horretatik aurrera, ahal dute.
  15. 2022ko iraileko HAOLOren (LOREG) erreforma arte, Atzerrian Bizi direnen Erroldan (CERA) inskribatutako pertsonek aurretiazko eskaera bat egin behar zuten botoa eman ahal izateko (erregututako botoa). Erreforma horretatik aurrera, eskaera hori ez da beharrezkoa: bozkatu ahal izateko dokumentazioa ofizioz igortzen zaie inskribatutako guztiei.
  16. Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarrak 16 urtetik aurrerako boto-eskubidea defendatzeko ebazpena onartu zuen 2011n. Hala ere, Europar Batasunaren barruan, Austria, Eslovenia eta Hungaria baino ez dute horretarako legerik egin.
  17. Atzerritarrek ezin dute euskal hauteskunde autonomikoetan bozkatu. Europako hauteskundeetan, Europar Batasuneko herritarrek bozka dezakete. Udal hauteskundeetan, Europako herritarrek bozkatu dezakete, bai eta ildo horretan tratatuta dauden beste 13 herrialdeetakoek ere.
  18. Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen erabakiz, braille botoa eskatzen dutenek etxean jaso dezakete botoa emateko maletatxoa, hala nahi badute.
  19. 2024ko hauteskundeetan irisgarritasuna sustatzeko neurrien barruan, desgaitasun intelektualak dituztenek mahaiko kideen eskuliburu espezifiko bat izango dute, erraz irakurtzeko moduan. Hauteskunde-webguneko funtsezko eduki batzuk ere irakurketa errazean egongo dira.
  20. Gainera, apirilaren 21ean, kartel irisgarriak erabiliko dira hiriburuetako eta Barakaldoko hainbat hauteslekuetan, eta desgaitu intelektualen bereziki prestatutako taldeek hautesleku horiek bisitatuko dituzte eta kartelen egokitasunari buruzko txosten bat egingo dute. Proba pilotu honen azken helburua hauxe da: hautesleku guztietan kartel horien erabilera orokortzea epe ertainean.
  21. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin eta gutxira, ekainaren 6tik 9ra bitartean, Europako hauteskundeak egingo dira, eta 720 legebiltzarkide aukeratuko dira, 448 milioi pertsona ordezkatzeko. Estatu espainiarrak 61 aukeratuko ditu, ekainaren 9an.