Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Larrepetit. Laburpena

Abel gaztea, izengoitiz Larrepetit, eta Joxe ijitoa bi iheslari dira. Kalabozo ataritik ihes egin berri dute eta bidean doaz, joanean, nora oso ondo jakin gabe. Ez dute elkar ezagutzen eta ez dute elkar ezagutzeko hitz gehiegi egingo. Ez dira hitz askoko gizonak. Ihesaldian zapalduko duten belarrak, gurutzatuko dituzten arbolek, igoko dituzten muinoek eta topatuko dituzten errekek askoz ere gehiago hitz egingo dute beraiek baino. Eta irakurlea ere naturaren soinuei adi jartzea lortzen du Lizarraldek, soinu horiek zerbait gertatzera doala iragarri behar balute bezala.

Iheslariak ihesean doazen bitartean, batetik bestera bidaian dabil Lainez. Biajantea ofizioz ofizialki, hain ageriko ez diren beste zenbait lan egitetik bizi den arren.

Ez dira eleberriko pertsonaia bakarrak. Askok egiten dute sartu-irtena hiru pertsonaien joan-etorrian zehar. Hiru ibiltariak dabiltzan bitartean, gainontzekoak beren herritan, beren etxetan, beren dendetan daude. Pertsonaiak direnik ere jakin gabe.

Irakurleak badaki uneren batean bi iheslariek eta biajanteak topo egingo dutela. Irakurleak badaki hirurek topo egiten duten unean zerbait gerta litekeela.

Eta hirurek topo egiten dute. Eta hasieratik iragarrita dagoen bezala zerbait gertatuko da.

Larrepetit. Zatiak

• Lehenengo izena, bataio izena, dagoeneko inork ebakitzen ez duena: Abel. Entzunez gero ez daki burua jiratuko lukeen. Ez du uste beste luzeago horretaz libratzerik izanen duenik: Larrepetit. Larpeti eta Peti laburragoak. Izengoitiari kontra egitea pentsatze hutsak irribarrea eragin dio.

• -Joxe. Joxe diat nik grazia.
Abelek, hitzik atera gabe, baietz dio buruarekin. Apur bat bereiziak ditu ezpainak. Grazia. Doinu eta guzti iritsi zaio. Aitari entzundako bertsoren baten durundia, agian. Abel bere buruari galdezka nola iritsi ote den hitza Joxe deitzen omen den horren ezpainetara. Igartzen zaila bada ere, Abelek esanen luke ez dituela hogeita hamabost urte.

• -Bai, gizona -honek ere apalago-, gaur eguerdi aldera izan omen duk, han, udaletxeko atarian. Nonbait, guardiek autora zeramatzatenean hanka egin zietek.
-Baina nork eta?
Langileak berriro gasolina neurtu eta husteari ekin dio.
-Ijito batek eta mutil gazte batek.

• Kaboak burua goratu arren ez du erantzun eta, atzera, irakurtzen jarraitu du beste pixka batean. Numeroak zigarro bat piztu du.
-Biajantea, beraz…- kaboak, oraingoan paperak utzi eta Lainezi begira.
-Bai -eta Lainezek eskuak lotu eta aurreko aldean jarri ditu.

• Joxek, ibilera batere moteldu gabe, burua bihurtu du:
-Eta? Nora joan nahi duk, ba?
-Hor beti izanen diagu arrisku handiagoa. Jendea edo autoa, edo.. nik zer dakit ba.
Joxek airean inarrosi du makila:
-Ez didak oraindik esan nora joan nahi duan.

• Erreka zulotik aldendu ahala soilduz joan da oihana eta aniztuz soinuak. Haran puska bat ikusten uzten dien lehenengo argiunean gelditu dira. Abelek urrats batzuk egin ditu ikusmira zabaltzearren. Gero begiratu gabe mintzatu zaio bidaideari.
-Hik uste libre garela… goardiek etsi egin dutela?

• -Goiti joateko bidean gaudela esan duk…-urratu du isiltasuna Abelen ahots nekatuak.
Joxek eztarria garbitu eta ttu egin du burua jiratu aurretik.
-Goiti bai- jarraitu du zuhur Abelek-, baina nora?
Joxek harritua dirudi.
-Ba, goiti -eta jarrera aldatu gabe burua altxatu du ohianaren gainetiko toki zehaztugabe bat seinalatzeko

• Ezustean harrapatu du ahotsak. Ordea, bere izena Joxek ebakia entzutea izan da Abel asaldatu duena eta burua altxarazi diona. Zer?, galdegin du larritasuna gorde ezinik.
-Zer zela eta hintzen han, kartzelan?
Kirrinkak iritsi dira jesarlekutik.
-Ez zakiat -Abelek segundo batzuen ondotik.

• Bai, Joxek zerbait darabil buruan, eta bizkarra haritzean eta begiak lurrera eginak ia ordu erdia eramanen duen arren, Abelek badaki oso adi dagoela. Ttu egiteko mugitu denetik ez da errepidera hurbildu, eta Abel zain eta beha egon den bitartean ohartu da Joxek ez duela jadanik zizturik egiten eta ez duela zumerik eskuan.

• Luze gabe, bi argi luze eta paraleloren keinua begiztatu dute errepideaz bestaldeko oihan ertzean.
Hotsetik nabari da ibilgailua oso mantso heldu dela

• Errepide meharraren albo banatatik bi figura atera dira. Errepide erdira jotzean kapoteek atzera egin dute, eta bat-batean, gelditu egin dira. Autoaren fokoek ia osorik argitu dituenean ezkerreko goardiak eskua altxatu du gelditzeko seinalea egiteko.