Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Euskadiko Lehenengo Topaketa Soziosanitarioak esparru horretako ehunka profesional bildu ditu gaur Bilbon

2015.eko urriak 21

Euskadiko instituzioek sustatutako Estrategia Soziosanitarioaren esparruan, arreta integralagoa eta kalitate hobekoa lortzeko bidean egin diren urratsak ebaluatuko dituzte 

Euskadi osotik etorritako esparru soziosanitarioko ehunka profesional bildu dira gaur Euskadiko I. Topaketa Soziosanitarioan. Izan ere, gaur goizean eman diote hasiera Osasuneko sailburu Jon Darpónek eta Enplegu eta Gizarte Politikako sailburu Ángel Toñak, Bilbon.

Ezaugarri horietako lehen foroa da; profesionalei zuzendua, euskal erakundeek legegintzaldi hasieratik, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren bitartez, elkarlanean sustatutako Estrategia Soziosanitarioaren esparruan sartzen da. Estrategia horrek errealitate berriei eta gizartean izandako aldaketei erantzun nahi die –biztanleriaren zahartzea, gaixotasunen kronifikazioa,...–: halakoek ikuspuntu integrala eskatzen dute; hau da, , osasun-neurri hutsetatik harago, pertsonen premiak eta haien bizi-kalitatea izango dituena ardatz.

Topaketan jorratuko diren gaien artean, nabarmentzekoa da Osakidetzako osasun-txostena hiru lurralde historikoetako adineko-egoitzetan ezartzeak izandako balantze positiboa. Ezarpenak zerbitzu publikoen erabiltzaileen osasun-txostena eskuratzeko aukera ematen die arauz horretarako baimendutako osasun-langileei, eta, horrenbestez, eskuarteko –edo sortzen ari den– osasun-txostenaren ezagutza azkar eta eguneratua eskaintzen du. Aldi berean, horren ondorioz, gizarte-zerbitzuen eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren paziente-erabiltzaile guztien segurtasuna, diagnosia eta tratamendua hobetzen dira.

Ekimen hori etorkizuneko txosten soziosanitarioa taxutuko duen prozesuaren parte da. Txosten horretan, osasunari buruzko informazioaz gain, alor sozialari buruzkoa ere sartuko da, eta bi sistemetako edozeinetatik eskuratu ahalko da: hala osasun-sistematik nola gizartekotik.  Oraindik hastapenetan bada ere, Euskadin jada hasi da prozesu hori, diagnostiko eta esku-hartze soziosanitarioko tresna bat ezarririk: InterRAI-CA delakoa, hain zuzen, Finlandiako RAIsoft enpresa entzutetsuak kudeatua. Arian-arian zabalduko dute osasun-etxe eta oinarrizko udal gizarte-zerbitzuetara.

Era berean, pozgarritzat jo da lehen mailako arreta soziosanitarioko talde berriek gure erkidegoan izandako hedapena, bai eta Erakunde Sanitario Integratuetan (ESI) batzorde soziosanitarioak osatu izana. Batzordeok osasun-, udal, eta foru-kudeatzaileak biltzen dituzte, eta koordinazio-protokoloak sortzen eta bermatzen.