Osasun Saila / Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila

Arreta Soziosanitarioa

Arreta behar duten pertsonek gero eta egoera konplexuago, nahasi¬ago eta askotarikoagoari egin behar die¬ aurre; hori dela eta, ezinbestekoa da arreta soziosanitarioa sendotzea. Osasunaren arloak eta gizarte zerbitzuek bat egiten duten eremuak nahikoa lausoa gerta daitezke batzuetan, batez ere arloetan helburua herritarrei zerbitzuak ematea delako eta beti ez delako erraz izaten argitzea noiz bihurtzen den osasun-arreta gizarte-arreta, edo alderantziz.

Oso gertukoak diren sistema horiek koordinatzeko zailtasunak eragin kaltegarria eduki dezake bai arretaren kalitatean bai sistemen beraien erabileran eta funtzionamenduan, eta horregatik, egungo beharrizan misto eta konplexuak ondo aseko badira, bide egokiak ezarri behar dira osasunaren arloko eta gizarte zerbitzuen arloko jarduketak elkarren osagarri izatea bermatzeko.

Horrenbestez, Euskadin arreta soziosanitariorako sistema moldagarri konplexua erabiltzen da; hauexek dira beraren ezaugarri nagusiak:

  • Lege-esparru historiko batean antolatzen eta garatzen da.
  • Oinarritzat ezartzen du osasunaren arloko zerbitzuak eta gizarte zerbitzuak (zentzu zabalean) ematen dituzten erakunde guztiak bateratzeko eta koordinatzeko elkargunea eratzea.
  • Pertsonak ditu xede eta antolamenduaren ardatz, batez ere denetariko hainbat arrazoi konplexu direla eta prestazioak jasotzen dituzten pertsonak.

Koordinazio soziosanitarioa da beharrizan soziosanitarioak asetzeko beharrezkoa den harreman-esparrua; berari esker herritarren bizi-kalitatea hobetzen da.

Gizarte zerbitzuak eta osasunaren arloko zerbitzuak bereizita emateak arazoak eta eragozpenak sortzen ditu, sarritan egiaztatu den bezala; hona batzuk:

  • Pertsonaren partzializazioa; honek kalteak jasateko arriskua dakar, gerta baitaiteke bateragarriak ez diren helburuak ezartzea.
  • Erabiltzaileen eta profesionalen nahigabea, ikusten baitute egoerak ez direla alde guztiak kontuan hartuz aztertzen eta jarduteko plana ez dela prestatzen gaitasunak oinarritzat hartuz murrizpen pertsonalak eta sozialak gainditzeko asmoarekin.
  • Herritarren hurbileko inguruko baliabide informalak behar beste ez erabiltzea.
  • Babesgabezia-arriskua osasun-zerbitzuen eta gizarte zerbitzuen koordinaziorik ezaren ondorioz.
  • Baliabideak optimizatzeak eta jardun koordinatuen sinergiak ekar litzaketen onurak galtzea. Horregatik, justiziaren eta eraginkortasunaren printzipioak aintzat hartuz, gaur egun koordinazio soziosanitarioa arretaren inguruan herritar guztiekin hartutako konpromiso politikoa da.

“Osasun-arazo larriak direla-eta, edo eginkizunen arloko mugak direla-eta, eta/edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskua dela-eta, pertsona batzuek behar dituzten zainketek osatzen dute arreta soziosanitarioa, osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean biltzen dituena, koordinatua eta egonkorra, arreta jarraituaren printzipioarekin bat datorrena.” 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa

Koordinazio soziosanitarioaren antolamendu-egitura

Koordinazio soziosanitarioan ondoko organo hauek aritzen dira:

  • Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua.
  • Arreta soziosanitarioko Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde kontseiluak.
  • Bi koordinatzaile soziosanitario autonomiko.
  • Lurraldeetako sei koordinatzaile soziosanitario (lurralde historiko bakoitzeko bi).
  • Euskadiko koordinazio soziosanitarioko taldea.

 

Arreta soziosanitarioaren arau-esparruaren funtsak ondoko hiru legeak dira:

  • 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foruzko jardute erakundeen arteko harremanei buruzkoa.
  • 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko antolamendu sanitarioarena.
  • 12/2008 Legea, abenduaren 5ekoa, Euskadiko Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

Arreta soziosanitarioan ari diren agente publikoek nolako eskumenak dituzten ikusirik, argi dago nahitaezkoa dela erakundeak akordio batera heltzea arreta hori guztiz eraginkorra izango bada. Horregatik, 90eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) elkarretaratzeko lanei ekin zieten eta hainbat esparru-akordio sinatu zituzten:

  • 1996ko maiatzaren 20ko esparru-hitzarmena, Osasun Sailaren/Osakidetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gizartekintza Sailaren artekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoan premia sozio-sanitarioei lankidetzan erantzuteko.
  • 1998ko maiatzaren 14ko esparru-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren/Osakidetzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artekoa, Bizkaiko Lurralde Historikoan eremu sozio-sanitarioan lankidetzan aritzeko.
  • 1998ko azaroaren 16ko esparru-hitzarmena, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren/Osakidetzaren eta Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Ongizate Sailaren artekoa, Arabako Lurralde Historikoan premia soziosanitarioei lankidetzan erantzuteko.
  • Azkenik, 2003ko urtarrilaren 30ean lankidetza-hitzarmen orokor bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek, Euskal Autonomia Erkidegoko arreta soziosanitarioaren garapenerako.

Oinarria finkatuta dago, beraz, bai arauei eta estrategiei dagokienez, bai alderdi instituzionalari dagokionez, eta orain, oinarri horren gainean eraikiz eta sakonduz, lehentasunak finkatzea dagokigu: Euskadin arreta soziosanitarioa koordinatua, sortzailea, iraunkorra eta osoa izan dadin lortzeko elementu estrategikoak hautatzea, hain zuzen.