Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Gizarte-zerbitzuen eraldaketa Europan

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

 Informazio gehiago nahi izanez gero, Europar Batasuneko Argitalpen Bulegoak 2023an argitaratutako "Gizarte-zerbitzuak Europan: errealitate berri batera egokituz" (Social services in Europe: Adapting to a new reality, 2023) izeneko txostenaren edukiak eskura ditzakezu.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Europar Batasuneko Argitalpen Bulegoak 2023an argitaratutako "Gizarte-zerbitzuak Europan: errealitate berri batera egokituz" (Social services in Europe: Adapting to a new reality, 2023) izeneko txostenaren edukiak eskura ditzakezu.

Bizi eta Lan Baldintzak Hobetzeko Europako Fundazioak (Eurofound) COVID-19aren pandemiak Europar Batasuneko gizarte-zerbitzuetan izandako ondorioak aztertu ditu txosten batean, eta txosten horretan nabarmendu du krisi horretan ikasitakoek garatzen lagundu diola sektoreari, batetik, eta, erronka eta gizarte-arrisku berrien aurrean indartu dutela eta erresilienteago izaten lagundu diotela, bestetik.

Dokumentu hori hiru helburu nagusiren inguruan dago egituratuta: batetik, gizarte-politika zabalago baten testuinguruan, gizarte-zerbitzu sendoak izatearen aldeko argudioak bildu dira; ustekabeko kalteak konpontzera mugatu beharrean, gizarte-arriskuei erantzuteko, eta, zailtasunak aurreikusten diren honetan, erronken aurrean prest egoteko gizarte garaikideek duten bitartekoa baitira gizarte-zerbitzuak. Bestetik, COVID-19aren pandemiak gizarte-zerbitzuen horniduran eta erabileran izan dituen ondorioak aztertzeko. Eta, hirugarrenik, pandemian ikasitakoak ondorioztatzeko, eta, gizarte-gastuarekin lotuta, Europar Batasuneko herrialdeetan zer  joera dauden berrikusteko.

  1. kapituluan, azterlanaren kontzeptu-esparrua mugatu, gizarte-zerbitzuen testuingurua definitu, eta gizarte-zerbitzuen eta gizarte-arriskuen arteko harremana zehazten da. Azterlanean, gizarte-zerbitzuen helburua ikuspegi honetatik definitzen da: pertsonei beren bizi-baldintzak hobetzeko sostengua eta laguntza ematea, giza eskubideak egikaritu ditzaten, gizarte-inklusioan oinarrituta. Hori horrela izanik, gizarte-arriskuen ondorioz sortutako hainbat premiari erantzun nahi diete gizarte-zerbitzuek (hala nola, zahartzaroari, desgaitasunei, pobreziari, trebetasun-urritasunari, genero-desberdintasunari eta klima-aldaketari), gizarte-arrisku horiek pertsona zaurgarriei eragin diezaieketelako behin eta berriro. Arrisku horiek gizarte-babeserako politiken bidez kudeatzen dira, estatuen, merkatuaren eta etxebizitzen ahaleginekin batera. Edozein modutan, Europar Batasuneko estatu kideetako gizarte-babeseko (edo gizarte-ongizateko) erregimenak askotarikoak dira, eta gizarte-zerbitzuak antolatzeko hainbat modu daude, nahiz eta gero eta inbertsio handiagoak egiteko joera dagoen gizarte-arriskuak txikitu, eta, pixkanaka-pixkanaka, gizarte-berdintasun eta -kohesio maila handiagoak lortzen joateko.

Txosteneko kapitulu horretan, Europako gizarte-zerbitzuen sistemei eragiten dieten arrisku nagusiak aurkezten dira, fenomeno dinamiko eta konplexuak diren aldetik. Bizitzan zehar, pertsonek, banaka, gizarte-arrisku gisa jasan ditzakete fenomeno horiek (langabezia, gaixotasuna, muga fisikoak edo mentalak, etab.), eta, horren ondorioz, diru-sarrerak galdu, pobrezian erori edo bazterketa-egoerak jasan. Horiek guztiek gizarte osoarengan dute eragina. Txostenaren arabera, gizarte-arriskuak hiru multzotan sailkatzen dira:

  • Gizarte-klasearekin lotutako arriskuak; gizarte-estratifikazioaren eta okupazio-estatusaren araberako arriskuen banaketa desberdinarekin lotuta daude.
  • Bizi-zikloan zehar gertatzen diren arriskuak, premien eta diru-sarreren arteko aldea bi unetan kontuan hartuta: haurtzaroan eta zahartzaroan.
  • Belaunaldien arteko arriskuak, gizarte-klasearekin konektatuta daudenak zuzenean, eta aukerarik ez edukitzearekin lotutakoak, herentziaren ondorioz sortutako beste aukera batzuen aldean.

Azterlanaren arabera, testuinguruarekin lotutako hainbat faktorek gero eta gehiago eragiten diote gizarte-arriskuen izaerari gizarte postindustrialetan. Faktore horien artean, honako hauek daude, besteak beste: aldaketa demografikoak (zahartzea, emakumeak lan-merkatuan sartu izana, guraso bakarreko familien hazkundea, migrazioak, etab.); gizarte digitala (arrakala digitala, algoritmoak erabiltzearen ondoriozko alborapenak, gailu digitalak erabiltzeak gazteenen osasun mentalean eragindako ondorioak, teknologia berriek bultzatutako sexu-indarkeria, etab.); lan-merkatuan eta enpleguan izandako aldaketak (automatizazioa, laneko profilen eta rolen ezaugarriak aldatzea, telelanaren hedapena, presentzialtasun birtualaren arriskuak, etab.); eta deskarbonizazioa (ingurumena narriatzen eta mehatxatzen duten arriskuak, eta horrek norbanakoengan eduki ditzakeen ondorioak: enplegua galtzea, gaixotzea, janaria garestitzea, etab.).

Txostenean, gizarte-inbertsioaren kontzeptua ere jorratzen da, baita horrek hazkunde inklusiboari nola eragiten dion ere. Gizarte-arriskuak arintzeko, batez ere, eskudiru-transferentziak erabiltzen ziren ongizate-estatu zaharrean ez bezala, ongizate-estatu berriek zerbitzuen hornidura lehenesten dute gizarte-arrisku berriei aurre egin behar dietenean. Haurtzarotik zahartzarora arte, giza gaitasunak garatzeari lehentasuna ematea helburu duen ikuspegi batetik sortzen da gizarte-inbertsioaren estrategia, batetik, gizarte-arriskuak aurreikusiz, eta, bestetik, prekarietateak (enplegu-baldintza aldakorrak, adibidez) pertsonen bizitzan eragin dezakeen kalteari prestakuntzaren bidez aurre eginez (erresilientzia areagotuz). Hala, gizarte-inbertsioaren paradigman, gizarte-zerbitzuek pertsonen gaitasunak indartzeko balio duten ideia nabarmentzen da, erresistentzia handiagoa izan dezaten gertaera txarrak edo zoritxarrak daudenean. Hori horrela, gizarte-politiketan egiten den gastua kalitate oneko zerbitzuak eskaintzera eta haietarako sarbidea bermatzera mugatzen da, eskudiru-transferentzietan soilik oinarritu baino gehiago.

  1. kapituluan, COVID-19aren epidemiak gizarte-zerbitzuetan izandako eragina deskribatu da; hau da, bizi-baldintzetan eta zerbitzuen horniduran eta erabileran eragindako ondorio negatiboak eta positiboak. Pandemia-garaian gizarte-zerbitzuak erabiltzearekin lotutako ondorioak atera dituzte, baita gizarte-zerbitzuak erabiltzaileen beharrei erantzuteko inguruabarretara etengabe egokitu behar izatearekin ere. Ikasitakoen artean, txostenean honako hauek nabarmendu dira:
  • Pandemiak erakutsi zuen gizarte aurreratuak ere ez daudela eragin sozialak eragiten dituzten mundu-mailako fenomeno naturalen ondorioetatik salbu. Pandemiak agerian utzi zuen administrazioaren maila guztietan eta sektore guztietan larrialdi-estrategiak eta kontingentzia-plan eguneratuak izatearen garrantzia, eta kontuan hartu behar direla eskura dauden baliabideak, mekanismoak eta inplikatu beharreko gizarte-eragileak.
  • COVID-19aren pandemian, osasun-sektorean zerbitzuak emateari lehentasuna eman zitzaion (ospitaleak eta lehen mailako arreta barne), gizarte-zerbitzuak eta iraupen luzeko zainketak emateari baino. Ildo horretatik, gizarte-zerbitzuen sektorea halako kontingentziei aurre egiteko behar bezala prestatuta egotea bermatu behar dela azpimarratu da, eta pandemiaren ondorioak ulertu eta lehenetsi behar direla (hildakoen kopuru handia zaintza-erakundeetan).
  • Txostenaren arabera, Europan, oro har, gizarte-zerbitzuak gaizki prestatuta zeuden pandemiari aurre egiteko, bai arreta medikoari dagokionez, bai babes-ekipamenduen (NBEen) prestaketari eta erabilgarritasunari dagokionez, baina baita sektorearen egiturazko ahuleziei dagokienez ere (finantzaketa-arazoak, langile-eskasia, lan-baldintza txarrak, eta zerbitzuen erabilgarritasuna, irisgarritasuna, eskuragarritasuna eta kalitatea bermatzeko erronkak).
  • Gizarte-zerbitzuen arloan segurtasun- eta osasun-protokolo egokiak bermatzea funtsezkoa baldin bada ere, gizarte-zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen nahiak, beharrak eta hautuak entzuten direla ziurtatzea ere garrantzitsua da, etorkizunean horiei erantzun ahal izateko. Horri esker, oreka handiagoa egongo da beharrezko osasun-zerbitzuen horniduraren eta giza eskubideekin lotutako borondateei eta kontsiderazioei emandako arretaren artean.
  • Larrialdi batera egokitzeko beharragatik, osasuneko, gizarte-zaintzako eta hezkuntzako zerbitzuen prestazio digitala indartu zen, aurrez aurreko harremanen alternatiba gisa. Egokitzapena inprobisatua izan zen, eta, eragozpen handiak izan zituen arren, ezbeharraren erdian eskainitako zerbitzuen malgutasuna nabarmendu du txostenak. Hala ere, digitalizazioak abantaila asko dituen arren, errehabilitazioko zerbitzuei/terapiei eragin zieten desabantailak ere aitortu ditu, oro har, baita soilik aurrez aurre eskaini daitezkeen zerbitzuak eta laguntza-moduak daudela esan ere. Azken horietan alternatiba digitalak sartzeko, ebaluazio egokia eta arduratsua egin behar da.
  • Osasun-sektorean zerbitzuak digitalizatzeari ekin zitzaion, kontsulta elektronikoak inplementatuz eta errezeta elektronikoak emanez epe laburrerako konponbide gisa, nahiz eta herrialde batzuetan (adibidez, Finlandian) bazituzten aldez aurretik alternatiba telematiko horietako batzuk. COVID-19aren pandemian, zerbitzu horiek beste herrialde batzuetara hedatu ziren, COVID-19a eduki arren, ospitaleratzerik behar ez zuten pazienteei laguntzeko bitarteko gisa. Antzeko ekimenak garatu ziren hezkuntzaren alorrean: e-learning esperientziak, etab. Txostenak digitalizazio-prozesuekin aurrera jarraitzearen alde egiten du, gizartearen gaitasun digitalak egokituz eta hobetuz aldi berean.
  • Haurrei arreta emateko zerbitzuak (kalitate onekoak eta eskuragarri daudenak) edukitzearen garrantzia kontuan hartu behar da, familiei laguntza emateko eta pobrezia-zikloak eten ahal izateko (jakinik pobreziak haurren garapen emozionalari, kognitiboari eta sozialari eragiten diola).
  • Nahitaezkoa da osasun- eta gizarte-zerbitzuetako langileak babestea kalitate oneko zerbitzua bermatze aldera, eta lan-gainkargari, lan-baldintza txarrei, soldata baxuei, desberdintasunei eta langile-gabeziari aurre egiteko.
  • Beharrezkoa da aztertzea ea, zerbitzuak emateko formatu tradizionalera itzuli direnean, zer neurritaraino lortu duten gizarte-zerbitzuetako hornitzaileek pandemian egokitutako zerbitzu batzuei jarraipena ematea. Profil eta trebetasun berririk sortu ote den ere aztertzea komeni da, batez ere teknologia berrien erabilerarekin lotutakoak.
  • COVID-19aren pandemian, koordinazio soziosanitarioko esperientzia interesgarriak izan ziren, baina ez dago gizarte-arloko zerbitzuen horniduran izandako aldaketen berririk; izan ere, Eurofound-ek egindako azterketan esaten denez, "jarduerak, oraindik ere, egitura eta sektore ‘zaharretan’ daude sustraituta, hein handi batean”.

Kapitulu hau amaitzeko, Europako gizarte-zerbitzuen bilakaerari eragiten dioten joerak eta erronkak aztertu dira. Joeren artean, gizarte-zerbitzuen erresilientzia indartu izana nabarmendu da, arriskuen ebaluazio proaktiboa eginez eta kudeaketa-teknika modernoak hartuz sektorearen profesionalizazio eta eraginkortasun handiagoa lortzeko aukera gisa. Erronken artean, gizarte-zerbitzuek inbertitzeko eta finantzatzeko dituzten zailtasunak identifikatu dira. Izan ere, txostenak egiaztatu du erakunde publikoek zein pribatuek gizarte-azpiegituretan egiten duten inbertsioa urrun dagoela Europar Batasuneko biztanleen beharrei erantzutetik. Datuen arabera, Europako Funtsaren inbertsio estrategikoen % 4 baino gutxiago erabili dira gizarte-azpiegiturak finantzatzeko, eta % 1 baino gutxiago bideratu dira gizarte-zerbitzuetako inbertsioetara. Beste erronka bat antzeman da zerbitzuen kalitatea galtzeko arriskuan; desgaitasuna duten pertsonei emandako gizarte-zerbitzuen sektorean gertatu da hori. Ildo horretan, txostenak nabarmendu du zerbitzuen kalitatearen garrantziari buruzko kontzientzia areagotu egin dela, eta beharrezkoa dela zerbitzuen kalitatea monitorizatzeko eta horren berri emateko tresnak izatea, sektorean inbertsioak egitearen aldeko argudioak justifikatu edo garatu ahal izan daitezen.

3. kapituluan, Europar Batasuneko hogeita zazpi herrialdeetako gizarte-gastuaren bilakaera aztertu da, baita herrialde horietako gastu espezifikoetara hurbildu ere. Gizarte-babeseko gastua bat dator gizarte-babesarekin lotutako politiketan eta jardueretan egindako gastuarekin, eta, arrisku edo premia jakin batzuei aurre egiteko orduan, etxeei eta pertsonei laguntzeko, sektore publikoaren edo erakunde pribatuen esku-hartze guztiak hartzen ditu bere barne. Gizarte-gastuari buruzko datuak hainbat iturritatik lortutako datuak gehituz lortzen direnez, horien azterketak mugak ditu, eta, horregatik, zaila da zehaztea zein den gizarte-zerbitzu espezifikoei zuzenean esleitutako aurrekontu zehatza. Hala ere, muga horiek kontuan hartuta, estatu kideetan ematen diren gizarte-zerbitzuetarako hurbilketa baliagarria ematen du gizarte-gastuari buruzko informazio estatistikoak. Azterketak gizarte-babesari buruzko datu estatistiko integratuen Europako Sistemari buruz Eurostat-ek egindako txostena du oinarri, eta gizarte-babeseko zortzi funtzioren inguruko esku-hartze publiko eta pribatu guztiak biltzen ditu: gaixotasuna eta osasun-arreta, desgaitasuna, zahartzea, bizirik atera direnak (ezkontidea edo aita/ama galdu eta gero), familia eta seme-alabak, langabezia, etxebizitza, eta gizarte-bazterketa. Informazio horren arabera, Europar Batasunean gizarte-babesera bideratutako guztizko gastua etengabe handitu da urteen poderioz:

EB27an, gastua 3 bilioi eurotik gorakoa zen 2009an, eta pandemiaren unerik gorenean, 2020an, gastuak gora egin, eta inoizko handiena izan zen: 4 bilioi eurotik gora. Per capita babesari dagokionez, gastua 6.927 eurotik 9.537 eurora igo zen 2009tik 2020ra. Oro har, gizarte-babeseko gastua da EB27ko gastuaren proportziorik handiena: 2020an, BPGaren % 31,8 bideratu zen gizarte-babesera, % 8 osasun-arretara, eta % 5 hezkuntzara; hots, BPGaren % 34,9. Hala ere, 2021ean, osasun-laguntzako gastuaren eta gaixotasunengatiko prestazioen proportzioak gora egin zuen ia estatu guztietan, eta langabezia-prestazioen proportzioak, berriz, behera. Estatu kideetan, gizarte-babeseko gastua bereziki heterogeneoa izan zen krisi ekonomikoaren ondoren; herrialde batzuek gastua handitu zuten krisiaren ondorioei aurre egiteko, eta beste batzuek, berriz, gastua murriztea erabaki zuten. Hala ere, pandemiak 2020an eragindako larrialdi-egoeraren ondorioz, estatu kide guztiek neurriak hartu behar izan zituzten hainbat arlotan gizarte-babesean gastua handitzeko, hala nola familia- eta haur-zerbitzuetan, baita beren lanpostuak galdu zituzten langabeei eta pentsioak jasotzen zituztenei laguntzeko ere.

Azterketak, batez ere, gizarte-zerbitzu pertsonalen erabilera eta funtzionamendua aztertu du, zerbitzu soziosanitarioak eta gizarte-lanekoak barne; izan ere, horiek hornitzea larriki zaildu zen COVID-19aren pandemiako osasun-arriskuengatik, baita birusaren hedapena mugatzeko hartutako neurriengatik ere.

Txostenak azpimarratu du pandemiaren alderdi kritikoetako bat izan zela gizarte-babesean, osasunean eta hezkuntzan gastu publikoa handitu beharra, eta, pandemiaren ostean, etorkizunera begira, ziurgabetasuna nagusitu dela gizarte-zerbitzuen garapenean, interes politiko orokorraren eta trantsizio berdearen eta digitalaren alde egindako inbertsioen testuinguruan. Eta horrek berekin dakarrela gizarte-zerbitzuek Europako gizarteen erresilientziari egiten dizkioten ekarpenak eztabaida politikoan jarraitu beharra, eta ildo horretako politikak hobetu beharra.

COVID-19aren pandemian ikasitakoen artean, txostenak nabarmendu du ekimen politikoak garatu beharko liratekeela teknologia digitalak hobeto erabiltzeko eta teknologia berrietarako sarbidea hobetzeko gizarte-zerbitzuen sektorean, eta, gainera, haiek erabiltzeko gaitu beharko liratekeela zerbitzu horietako profesionalak naiz kolektibo jakin batzuetako erabiltzaileak. Bestalde, argi eta garbi geratu dela prestazioak eta gizarte-zerbitzuak egokitzeko kontingentzia-planak eta aurrekontuak behar direla krisi-garaietan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Europar Batasuneko Argitalpen Bulegoak argitaratutako "Gizarte-zerbitzuak Europan: errealitate berri batera egokituz" (Social services in Europe: Adapting to a new reality, 2023) izeneko txostenaren edukiak eskura ditzakezu.