Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Memoriari buruzko politika publikoaren oinarriak

I. Oinarrizko kontzeptua

Memoriari buruzko politika publikoa egitea plaza publiko bat egitea bezala da. Gizartea elkartzeko toki irekia, non askatasunez egoteko eta ibiltzeko aukera izango den, betiere gizalegezko gutxieneko etika errespetatuta. Memoriaren plaza da. Zenbait kale elkartzen dira plaza horretan, eta kale bakoitzak bere oroitzapenak ditu, modu desberdinetan atzemandako, sentitutako eta bizi izandako saminei lotuak. Hala eta guztiz ere, plaza elkargunea da.

Azken 80 urteko historian, gure gizartean lau samin handi metatu dira, indarkeriazko eta giza eskubideen urraketako esperientzia traumatikoek eraginda: Gerra Zibila, Diktadura, ETA eta terrorismoaren aurkako legez kontrako ekimenak.

Bidegabeko sufrimenduak dakarzkigute gogora lau kale horiek, eta gure gorputz sozialeko atal desberdinetan kokatutako minei lotzen zaizkie. Bere biografiaren arabera, bizi izan duen eta oroitzen duen auzoaren, kalearen, etxearen eta familiaren arabera, pertsona bakoitza iragan horrekin jartzen da harremanetan, pertzepzio eta sentsibilitate desberdinen bitartez.

Lau kale horiek gure Memoriaren plazan elkartzen dira. Kontua ez da batzuen eta besteen minen istorioak alderatzea, konparatzea edo konpentsatzea. Gure isla den gizarte-errealitatea azaltzea baizik.

II. Memoriaren funtsezko faktorea

Gertatutakoaren oroitzapenari eusteko aukera ematen digun ahalmena da memoria. Atxikitzen ditugun gertaera objektiboetan oinarritzen da, baina pertsona bakoitzaren baitan konfiguratzen da, subjektiboki. Ez ditugu aurkituko berdin-berdinak diren bi memoria. Horregatik, memoria publikoa eraikuntza poliedrikoa, dinamikoa eta gatazkatsua da.

III. Memoriari buruzko politika publikoaren bi oinarriak

Eusko Jaurlaritzaren memoriari buruzko politika publikoan bi oinarri elkartzen dira. Batetik, memoria demokratikoa gogoratzeko, oroitzeko, partekatzeko eta transmititzeko erantzukizun etiko eta politikoa, memoria hori jakinarazteko, memoria horren erabilera sustatzeko eta hari esanahi berri bat emateko. Bestetik, memoria hori konfiguratzean, parte-hartzea eta pluralismoaren adierazpena bideratzeko borondatea, kontakizun bakar edo monolitiko bat inposatu gabe.

IV. Memoriari buruzko politika publiko baten premia

Memoria ez da betebeharra, herritarren eskubidea baizik. Gure historian gertatu berri diren indarkeriazko hainbat gertaerak giza eskubideen urraketa etengabea ekarri zuten berekin, eta hori oso traumatikoa izan zen gizartearentzat. Hortaz, hausnarketa egin beharrean gaude horren guztiaren aurrean, eta memoriak lagungarri behar du hausnarketa hori partekatzeko prozesuan.

V. Memoriari buruzko politika publiko baten eginkizuna

Memoriari buruzko politika publikoa ez da soilik sufrimendua eguneratzea. Hori baino gehiago ere bada, balioak proiektatu behar ditu. Samina ez da balio bat eta ezin da arrazoia ordezten duen memoria-agintaritzaren printzipiotzat hartu. Sufrimenduaren esperientziaren lekukotza memoriaren barruan biltzen da. Indarkeriazko gertakari larrien artean, duintasuna, berdintasuna eta askatasuna defendatzeko lehian jardun zuten balio eta ahalegin demokratikoak berreskuratzea, nabarmentzea, gorestea eta transmititzea izan behar du memoriari buruzko politika publiko baten eginkizun nagusiak. Borondate horien oroitzapenek, ondo gordetzea merezi duen ondare publikoa osatzen dute.

VI. Memoriari buruzko politika publikoaren lehen eta azken helburuak.

Lehen helburua honako hau da: elkarrekin bizi diren memoria demokratikoen artean herritarren elkarrizketa sortzaile bat bideratzea, sustatzea eta horri adierazpidea ematea, iraganeko esperientzia sozial eta politikoki traumatikoei dagokienez. Eta azken helburuari dagokionez, plaza publiko edo agora bat modu dinamikoan eta produktiboan eratzen laguntzea, gizartearen balioak elkartzeko toki bat, berdintasun-, askatasun- eta demokrazia-maila handiagoa lortzearren.

VII. Memoriari buruzko politika publikoaren muga

Memorien arteko elkarrizketa libre eta plural horren kudeaketak muga bakarra dauka: gutxieneko demokratiko batzuk bete behar ditu. Ezin daiteke baztertzeko erabili, ezta gertakariak alderatzeko ere. Ezin da erabili, halaber, giza eskubideen urraketako, indarkeriazko, terrorismoko edo gerrako ezein ekintza legitimatuko duen historia bat berridazteko. Giza duintasunaren goi-mailako balioa eta balio horren ondoriozko eskubide eta askatasuna izan behar ditu xede, egia eta justizia argitzearren.

VIII. Memoriari buruzko politika publikoa eta biktimak.

Biktimen lekukotzak garrantzi handia dauka memoria eraikitzeko prozesuan. Nolanahi ere, memoriari buruzko politika publiko baten xedea ez dira biktimak, herritar guztiak baizik, betiere herritar horiei erantzukizuna eskatzen dien aldetik. Bestela, biktimak bakartuta geratuko lirateke beren oroimenean, biktimak izan ez direnak memoria kolektibotik kanpo utzita. Memoriari buruzko politika publiko batek biktimen eta gainerako herritarren arteko bereizketa hori desegin behar du. Izan ere, bereizketa horren eraginez, biktima bere biktima-kondizioan itxita geratzen da etengabe, eta gainerako herritarrak, aldiz, ikusle soilak dira, begirunez eta elkartasunez jardun arren zuzenean inplikatzeko aukerarik gabe. Memoriari buruzko politika publikoak herritarren inplikazioko ibilbide etikoa egitea iradokitzen du.

IX. Memoriari buruzko politika publikoa eta oroitzapenezko jarduera.

Oroitzapenezko jarduera ezin daiteke oroigarri bat, plaka bat, instalazio bat edo horma-irudi bat ezartzera edota oroitzapenezko egun bat jartzera mugatu. Monumentu bat baino gauza ikusezinagorik ez dago. Egunerokotasunaren eta ofizializazioaren eraginez, efikazia eta bereizteko ahalmena galtzen dute erabat. Oroitzapenezko jarduerak mugarri nabariak beharko ditu, bai, baina hausnarketa bat ere beharko du, mugarri horiek sortzeko, mantentzeko eta iraunarazteko dinamismoaren inguruan. Horixe da memoriari buruzko politika publikoaren erronka nagusietako bat.

Azken aldaketako data: 2013/11/18