Osasun Saila

Tuberkulosia

tuberkulosia gaixotasunaGaixotasun kutsagarria da eta "Koch-en baziloa" deritzon bakterio batek sortzen du.

Kasu gehienetan, gaixotasun honek birikei erasaten die, baina gorputzeko beste atalen bati ere eraso diezaioke. Biriketako tuberkulosia denean, sintoma ohikoenak eztula, bularreko mina eta odolezko karkaxak izaten dira. Baina beste batzuetan sintomak orokorragoak izan ohi dira, adibidez, ondoeza, ahulezia, pisu galera, sukarra eta/edo gauezko izerdiak.

Tuberkulosia airearen bidez kutsatzen da pertsona betetik bestera.

Bakterioak airera irteten dira biriketako edo eztarriko tuberkulosia daukan pertsona batek eztul edo usin egiten duenean. Ondoan daudenek bakterio horiek arnasteko eta gaixotasunaz kutsatzeko arriskua daukate. Gorputzeko beste ataletan aurkitzen den tuberkulosia, adibidez, giltzurrunetakoa edo bizkarrezurrekoa, normalean, ez da kutsakorra izaten.

Tuberkulosiaz infektaturiko pertsona askok ez dute sekula gaixotasuna garatzen. Pertsona hauengan, tuberkulosiaren bakterioa ezkutuan egoten da bizitza guztian, gaixotasuna eragin gabe. Baina beste batzuengan, batez ere sistema inmunologiko ahula daukatenengan, bakterioak aktibatu egiten dira, gaixotasuna eraginez.

Pertsona bat tuberkulosiaz infektatua dagoen jakiteko era bakarra larruazalean ezartzen den tuberkulinaren aurkako erreakzioa detektatzen duen proba da. Proba hori besaurrean substantzia bat, tuberkulina, injektatzean datza eta 48-72 ordu geroago gertatu den erreakzioa neurtzean. Infekzioa oraindik gertatu berria bada, emaitza negatiboa ez da guztiz fidagarria eta gomendagarria izan daiteke aste batzuk geroago proba bigarren aldiz egitea. Bestalde, BCG txertoa hartu duten pertsonek aurkez dezakete erreakzio positiboa tuberkulinaren proban.

Gaixotasuna detektatzeko erabiltzen diren beste proba batzuk toraxeko erradiografia eta karkaxa laginen analisia dira.

Bai ezkutuko tuberkulosia daukaten pertsonek, jasan berri duten infekzio baten ondoriozkoa, eta bai gaixotasuna garatu dutenek, tratamendua hartu behar dute. Tuberkulosi infekzio ezkutukoa tratatzeko gehien erabiltzen den medikamentua isoniazida edo INH deritzona da, eta 6-9 hilabetetan hartu behar da. Gaixotasuna tratatu behar bada, hainbat farmako erabiltzen dira denak batera hartu beharrekoak gutxienez 6 hilabetetan, bakterio guztiak hiltzen direla ziur egoteko eta erresistente bihur daitezen eragozteko.

Tuberkulosia agintari sanitarioei deklaratu beharreko gaixotasuna da. Aurre egiteko beharrezkoa da gaixoen eta infektatuen detekzio goiztiarra (kontaktuen azterketa) eta tratamendu urgente eta luzea, kasu bakoitzerako agintzen denaren arabera.

Donostia-San Sebastián, 1. 01010 - Vitoria-Gasteiz. Tfnoa. 945 019201
Faxa: 945 019192 e-mail: dirsalud-san@euskadi.eus

Azken aldaketako data: 2016/08/02