Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

ESKOLAKO AGENDA 2030 ? Iraunkortasunaren kulturan heztea

Zer da?

Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) ekintzarako dei unibertsala dira, pobreziari amaiera emateko, planeta babesteko eta mundu osoko pertsona guztien bizitza eta etorkizuna hobetzeko. 2015. urtean, Nazio Batuetako estatu kide guztiek 17 Helburu onartu zituzten, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren barnean kokatuta. Agenda horretan, helburu horiek 15 urteren epean lortzeko plan bat ezarri zen.

Ildo horretatik, jasangarritasunaren kultura Euskadiko hezkuntza-komunitateetan eta batez ere ikasleengan integratzeko eta zabaltzeko hezkuntza-programa bat da. Programak behar diren konpetentzia eta erantzukizunak garatzen laguntzen du, arazo ekologiko eta sozialak konpontzen parte hartuz eta ekintza eraldatzaileak aurrera eramanez, ikastetxean eta tokiko ingurunean eta ingurune globalean, bai banakakoetan zein kolektiboetan, orain eta etorkizunerako. Hori guztia, NBEren Batzar Orokorrak 2015ean onartutako Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) esparruan.

Ingurumen Hezkuntzako programa gisa, Ingurumen arazoak konpontzen aktiboki parte hartzeko beharrezkoak diren motibazioa, ezagutzak, konpetentziak, jarrerak eta konpromisoak garatzea du helburu.

Bere ezaugarri garrantzitsuenak hauexek dira:

  • Jasangarritasunaren kultura sustatzen du ikastetxeetan, Agenda 2030en GJHen esparruan.
  • Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea bultzatzen du, ikasleen protagonismoa eta ahalduntzea ardatz eta oinarri hartuta.
  • Ikasleen jasangarritasuneranzko konpetentzia eta irakasleen jasangarritasuneranzko irakaskuntza-konpetentzia sustatzen ditu.
  • Hiru eremu-maila hartzen ditu: eskola-komunitatearena, udalarena edo eskualdearena eta komunitate globalarena.

Nori dago zuzenduta?

Hezkuntza-komunitate osoari:

  • Ikasleei, haien ahalduntzea lortzeko eta trantsizio ekosozialaren alde jarduteko, haiek direlako programaren garapen-fase guztietan protagonista nagusiak.
  • Irakasleei, beren burua prestatzeko, programazioa dinamizatzeko eta curriculumaren eta programazioen egokitzapenaz arduratzeko, 4. GIH: kalitatezko Hezkuntza esparruan.
  • Familiei, hainbat jarduera antolatzen lagun dezaten eta etxe jasangarriagoak lortze aldera behar den ezagutza eta jarrera arduratsua har dezaten.
  • Irakasle ez diren langileei, beren jardun-eremutik ikastetxearen kudeaketa iraunkorrean parte har dezaten eta erantzunkide izan daitezen.
  • Tokiko agintariei, ikastetxeek GJHetan sustatzen dituzten hobekuntzekin batera testuinguru koherente eta sinergikoa eskain dezaten.

Nola antolatzen da?

Ikastetxearen egituran txertatutako berariazko antolaketa behar da. Egitura eta arduradun hauek oinarrizkoak dira:

  • Proiektua ikastetxearena da eta erantzukizuna zuzendaritza taldearena da.
  • Koordinatzaileak proiektua abiarazten du eta jarraipenaren ardura nagusia du.
  • Talde gidaria irakasleek eta zuzendaritzaren ordezkariek osatzen dute. Proiektuaren eguneroko antolaketaz eta dinamizazioaz arduratzen da.
  • Ostadar Zirkulua hezkuntza-komunitatearen partaidetza-organoa da eta bertan ikastetxeko estamentu guztiak daude ordezkatuta: familiak, irakasleak ez diren langileak, irakasleak eta ikasleak. Talde horren eginkizuna ikastetxeak GJHen esparruan definitu duen ingurumen-hezkuntzako proiektua babestea eta haren jarraipena egitea izango da.
  • Ikasleen Batzarra ikasgela bakoitzeko ekoordezkariek osatzen dute. Ikasgeletako proposamenak jasotzea, aztertzea eta bideratzea, batzarrean egindako proposamenak idaztea eta zabaltzea eta proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa egitea dira taldearen ardurak.
  • Eskualde bateko ikastetxeen arteko koordinaziorako, prestakuntzarako eta lankidetzarako eta esperientziak trukatzeko bilerak.
  • Sarean egindako lana, non ikastetxeek esperientziak partekatzen dituzten eta proiektu amankomunak aurrera eramaten dituzten.

Zertan datza?

Eskolako 2030 Agenda arazo ekosozial baten inguruan garatzen da. Arazo hori globala eta tokikoa da eta GIH bat edo gehiago barneratu ditzake.

Arazo ekosozialak biodibertsitatearekin, ekosistemen egoerarekin, osasunarekin, klima-aldaketarekin, desberdintasunarekin, hondakinen kudeaketarekin, zaratarekin, kontsumo-ohiturekin, migrazioarekin, ekonomia jasanezinarekin, garraioarekin eta mugikortasunarekin, kalitatezko hezkuntzarekin eta abarrekin lotutako egoerak dira eta GJHen lorpenean jarduteko hurbileko egoera errealak irudikatzen dituzte.

Arazo-egoera ekosoziala bi ardatz hauen inguruan ikertzen da:

  • Ikastetxeko eremu iraunkorrak (ikasgelak, sarrera, korridoreak, patioak, kudeaketa-protokoloak).
  • Hezkuntza-kalitatea (4. GJHari erreferentzia eginaz: Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bermatzea).

Nola garatzen da?

2030eko Eskola Agenda ikerketa- eta ekintza-prozesu parte-hartzailea da, eta, horrenbestez, hurrengo faseetan garatzen da:

  • Antolaketa eta motibazioa: proiektuaren garapena bermatuko duen egitura bat jartzen da abian (koordinatzailea, talde gidaria, ostadar zirkulua...) eta motibazioa hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea lortzeko tresna gisa garatzen da.
  • Diagnostikoa: ikastetxearen eta hurbileko ingurunearen testuinguruan arazo-egoera ikertzean datza: informazioa biltzea, kausak eta ondorioak aztertzea, beste arazo batzuekin dituen harremanak, etab. Hala, hasierako egoeraren argazkia lortzen da, ondorio batzuk atera eta zenbait lehentasun ezartzen dira. Horretarako, programaren bi ardatzak hartzen dira kontuan. Era berean, une egokia da udalerriaren egoera aztertzeko.
  • Esku hartze plana: fase honetan, eta aurretik adierazitako lehentasunak kontuan hartuta, ikastetxea eta haren ingurune hurbila jasangarriago bilakatzeko burutu daitezkeen ekintzak ikertzen dira, haien bideragarritasuna, arduradunak, epeak, ebaluazioa, eragina eta abar. Eta esku-hartze plana diseinatu eta aurrera eramaten da.
  • Hezkuntza-komunikazioa eta ebaluazioa: prozesu osoan integratutako faseak dira, eta proiektuaren martxa garapena hezkuntza-komunitateari hezkuntza-ikuspegitik komunikatzen eta fase bakoitzaren garapena ebaluatzen laguntzen dute.

Nola hartzen da parte udalerrian?

Udal-diagnostikoetatik abiatuta, ikasleek sarean egiten dute lan udalerriaren jasangarritasunaren alde. Fase honetan garrantzi berezia dute foroek:

  • Eskolarteko foroa: udalerriko edo eskualdeko ikastetxeetako ikasleen ordezkariek osatutako organoa da. Udaleko Eskola Foroak antolatzeko, esperientziak eta diagnostikoaren emaitzak elkarbanatzea du helburu.
  • Udalaren Eskola Foroa:, ikasleek egindako lanaren emaitzak, hartutako konpromisoak eta egindako proposamenak aurkeztuko dituzte tokiko agintarien aurrean. Agintariek, ikasleek egindako proposamenei erantzuna emango diete eta bideragarriak badira aurrera eramango dituzte.

Nola ebaluatzen da?

Ebaluazioak hausnarketa kritikoa eskatzen du EA2030aren prozesua aztertu, baloratu eta hobetzeko. Ikasturtean zehar egiten da, baina ikasturte amaiera da une egokia egindakoa baloratzeko eta lortutako eragin ekosoziala ezagutzeko.

Ebaluazioak hiru une ditu:

  • Hasierako ebaluazioa, diagnostikoaren bidez.
  • Esku-hartze Planaren ebaluazioa, esleitutako tresnen bidez.
  • Amaierako ebaluazioa, ekainean aurkezten den memoriaren bidez. Honek, proiektua bere osotasunean baloratzen du: bai prozesua, baita lortutako helburuak ere.
  • Halaber, programa bera, Ingurugelaren bidez, aldian behin ebaluatzen da, gauzatzen diren dinamikak eta prozesuak hobetzeko helburuarekin.

Azken aldaketako data: