Justizia eta Giza Eskubideen Saila

Oinarriak

I. Giltzarri estrategikoa: bizikidetza urratzearen arrazoien azterketa.

Bizikidetza urratzeari lotutako gatazkak sorrarazten dituzten arrazoi kulturalak, hezkuntzakoak eta jarrera pertsonal edo kolektibokoak lau atal nagusitan bil daitezke: dogmatismoa, fatalismoa, manikeismoa eta sektarismoa. Lau paradigma horiek zuhurki barneratu dira kultura sozialean zein mentalitate pertsonalean. Laurek badute ezaugarri komun bat, hain zuzen ere, ezarpena, indarkeria, giza eskubideen urraketa edo baliabide ez-etikoen erabilera normalizatu egiten dituztela.

  • Dogmatismoa. Guztiz zuzen zauden eta egia osoaren jabe zaren ustea izatea esan nahi du. "Segurtasun”-pertzepzio hori nahitaezkoa da baliabide ez-etikoen erabilera legitimatzeko eta baliabide horiek erabiltzera ausartzeko. Dogmatismoa mugen kontzientzia nahikoa ez dagoelako sortzen eta garatzen da.
  • Fatalismoa. Funtsean, ikuspegi biktimista da eta horren eraginez ez da beste aukerarik ikusten, ezarpenean oinarritutakoa ez bada. Indarkeriaren erabilera justifikatu egiten da: “ez dago beste aukerarik”, “gainera, haiek egiten dutena okerragoa da”. Zailtasunen erdian, aukerak identifikatzeko ezintasuna du oinarrian.
  • Manikeismoa. Arazoak aldez aurreko dikotomia batera murrizten ditu, benetan aukeratzeko erantzukizuna eragozten duela. Demagogia arriskutsua da, “dena da baleko” modukoak indarrean jartzen baititu eta aurkaria “etsai-iruditzat” baino ez duelako hartzen. Manikeismoa kontzientzia etikoaren sakontasun ahuleko egoeretan zabaltzen da.
  • Sektarismoa. Ideia bati giza eskubideei baino balio handiagoa ematen diogularik, ideia horren defentsa kolektibo eta gogorra egitea esan nahi du. Bestea etiketa soil bihurtzen du. Deshumanizazio-prozesuak eragiten ditu, baita ergeltze-prozesuak ere. Giza duintasunaren balio gorena behar bezala ez barneratuta izatean oinarritzen da.

Gatazka suntsitzaileen, giza eskubideen urraketen eta indarkeria-fenomenoen (indarkeria politikoa, sektarioa, klasista, arrazista, sexista, etnien artekoa edo erlijioen artekoa) prebentzioak lotura zuzena du bizikidetzaren urraketaren lau arrazoi horiei ematen zaien erantzunarekin. Prebentzioaren aukera zera da, modu sinple, iraunkor eta osagarrian hainbat eremutatik bizikidetzarako oinarri alternatiboak sustatzea.

II. Mugarri bat prozesuan: etorkizunerako konpromisoa

Diagnostiko horretatik abiatuta, Eusko Jaurlaritzak gizarte- eta hezkuntza-proiektu bat garatu nahi du, bizikidetza-alorrean lau eduki-ildo handi garatzeko.

  • Izaera mugatuaren pedagogia. Bizikidetza zera da, gure ikuspegia beti osatu gabea dela onartzea. Errealitatearen agindu hori ulertzeko, gizaki izatearen mugak onartzearen esperientzia hezigarria indartu behar da. Gizaki guzti-guztiak mugatuak garenaz jabetzea esan nahi du eta, hain justu horregatik, ez dugu arrazoi osoa, ezin dugu dena egin eta ezin gara egia osoaren jabe izan.
  • Balio positiboaren pedagogia. Bizikidetza zera da, zailtasunen artean aukerak sustatzen ikastea. Hori ikasteko, balio positiboaren esperientzia hezigarria sustatzea ezinbestekoa da. Esperientzia horri esker, fatalismoa, etsipena eta baliabide ez-etikoetara jotzea ez diren aukera hobeak badirela konturatuko gara.
  • Kontzientzia etikoaren pedagogia. Bizikidetza zera da, egoera bakoitzean gure erantzukizun etikoa geure gain hartzea. Kontzientzia etiko pertsonalean sakontzeko esperientzia hezigarria sustatzea ezinbestekoa da. Dogmatismoaren, amorruaren, agresibitatearen, beldurraren, norberekoikeriaren… bulkada soila baino gehiago gara, arrazoibidea dugulako eta zentzu etikoz aukeratzeko gai garelako.
  • Giza duintasunaren pedagogia. Bizikidetza zera da, giza duintasunaren errespetuaren goi-mailako balioa ulertzea. Giza duintasunaren eta giza eskubideen esperientzia hezigarria sustatzea. Gizaki guztiok merezi dugu errespetua eta eskubideen subjektu izatea. Pertsona bakoitza etiketa edo bere buruaren murrizketa soila baino gehiago da. Kontzientzia hori erabakigarria da bizikidetza zibilizatua lortzeko.

Eduki horiek oinarritzat hartuta, 2013-16ko Bake eta Bizikidetza Planak bizikidetzaren aldeko gizarte- eta hezkuntza-konpromisoa zehaztu du. Zentzu horretan, giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza unibertsalaren oinarrien proposamena izan behar du, sexismoaren, xenofobiaren, arrazakeriaren edo indarkeriaren adierazpen guztiei aurre egiteko.

Guztiok gara gizartearen eta hezkuntzaren arloko agente. Bizikidetzaren aldeko eta indarkeriaren eta gatazka suntsitzaileen prebentzioko kultura bat lortzeko gizartearen, politikaren eta erakundeen arloan lan egiteak ados jartzea eskatzen du gutxieneko oinarri jakin batzuei dagokienez, oinarri horien potentzialtasuna askatasunez eta modu sortzaile eta askotarikoan garatu ahal izan dadin.

III. helburuak

Indarkeriaren adierazpen guztien gaineko prebentzioa sustatzea, hezkuntza sustatuz giza eskubideen babes unibertsalarekiko konpromisoaren esparruan.

Oinarrizko gizarte- eta hezkuntza konpromiso bat partekatzea, zabaltasunez eta aniztasunez, giza duintasunean eta giza eskubideen hezkuntzan oinarritutako gizarte-topaketaren, bizikidetzaren eta bakearen kultura sustatzeko.

IV. Irizpideak

Hezkuntza formalaren eremuan:

  • Ikastetxeen eta hezitzaileen autonomiarekiko errespetuan oinarritutako lankidetza sustatzea; hezkuntza-komunitateko eragileekiko elkarrizketa bidez bideratuta dagoen eta adostasun zabalenak lortzera bideratuta dagoen lankidetza.
  • Sinergia eta ikaskuntza-komunitatea sustatzea hezkuntza-eragileen, udalen eta giza eskubideetan eta bizikidetzan oinarritutako hezkuntzaren eremuan jarduten duten gizarte zibil antolatuaren ordezkarien artean.
  • Ikasleekiko hezkuntza-ekimenei lehentasuna ematea hainbat baliabide erabiliz, adibidez: zinema, antzerkia, literatura, teknologia berriak edo hizkuntzak.
  • Gazteriaren, Kulturaren eta Hezkuntza ez-formalaren esparruan:
  • Bizikidetza-gatazken tratamendu eraikitzailerako tresnak banatzea gazteen artean.
  • Bizikidetzako eta gizartea elkartzeko kultura lortzeko baliabide eta aplikazio sortzaileen eta artistikoen funtsa sortzea.
  • Sormena, ekintzailetza eta berrikuntza soziala sustatzea gazteen artean bizikidetza-proiektuei dagokienez.
  • Dibulgazioaren eta komunikabide publikoen esparruan:
  • Indarkeriaren aurka kontzientzia sozial kritikoa eta giza eskubideekin ez ezik bizikidetza demokratikoaren balioekin ere konprometituta dagoena indartzea.
  • Gizarte- eta hezkuntza-arloko zeharkako konpromisoa, gizartea elkartzeko prozesua gauzatu ahal izatera bideratuta dagoena, sustatzea.
  • Hedabideekin eta bereziki EITB erakunde publikoarekin sinergia-dinamika bat sustatzea, proiekzio praktikoa eta gizartean erabilera izango duten lankidetza-eremuak ezartzeko.
Azken aldaketako data: 2015/07/16