Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Platea/Tramitagune: herritarrekiko harremanetan eraginkortasun, berrikuntza eta modernizazio handiagoa lortzeko Eusko Jaurlaritzaren estrategia

egilea: Juan Luis Ronco, 

Eusko Jaurlaritzan administrazio elektronikoaren jatorriak perspektibaz aztertuz gero, “administrazio prozedura” delakoaren esanahia Sail guztietako kudeatzaileekin partekatzea izan da, nire ustez, esparru honetan izan dugun lorpenik handiena, betiere halakotzat hartuz administrazio-ekintza bat bideratzeko edo Administrazioaren borondatea azaltzeko formalki egindako izapide edo ekintzen multzo antolatua.

Guztiek partekatutako esanahi horri esker, aldaketaren aurkako jarrera asko gainditu eta, batez ere, zenbait kudeatzailek zuten “nire desberdina da” bezalako ideiak baztertu ahal izan dira.

Administrazio elektronikoaren zimenduak finkatzeko eratu ziren lantaldeetako kideak ameslari eta igerle handiak izan ziren, zalantza izpirik gabe, eta erakundeko gainerako kideei administrazioko jarduera normalizatu eta estandarizatu ahal zela ulertarazteko gauza izan ziren.

Halaxe sortu zen zimendu horien oinarrizko kontzeptua, Izapidetzaren Oinarrizko Eredua (IOE) delakoa. Izan ere, IOEk:

  • Eusko Jaurlaritzako prozedura guztien tramitazioa eraiki eta estandarizatzeko erreferentziazko eskema eta oinarrizko esparrua zehaztu ditu,
  • Prozedura eta espediente desberdinei buruzko ohiko gutxieneko informazioa zehaztu du, ikuspegi hirukoitzaren arabera: herritarrarena, kudeatzailearena eta espedienteen tramitatzailearena,
  • antzeko ezaugarriak dituzten administrazio-prozedurak familietan taldekatu ditu (laguntzak, baimenak, erregistroak, erreklamazioak, salaketak, zigorrak, ikuskapenak, zerbitzu eskaerak, etab.), eta
  • honako hauek finkatu ditu familia bakoitzerako: ohiko gutxieneko informazioa (faseak, tramiteak, datuak) eta tramitazioaren fluxua.

 

Zer eskaintzen die Platea/Tramitagune administrazio elektronikorako plataformak Eusko Jaurlaritzako Sailei?

Sailetako lege-aholkularitzen ordezkariak eta prozedura-familia desberdinen (laguntzak, baimenak, erregistroak, erreklamazioak, salaketak, zigorrak, etab.) kudeatzaile kualifikatuak nagusi dituzten lan-taldeen eskakizunei kasu eginez eraiki izana da Plataforma Platea/Tramitagune Plataformaren ezaugarririk nabarmenena, Plataformaren osagai guztiei zuzentasun eta segurtasun juridikoa emanez eta, batez ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako betebeharrak betetzen direla segurtatuz.

Egun, Administrazio elektronikoko ohiko zerbitzu hauek erabil daitezke:

Balizko zailtasunak edo gorabeherak konpontzen lagun dezaketen arreta zerbitzuak administrazio elektronikoaren erabiltzaileen eskura jartzea da  Platea/Tramitagune Plataformaren ezaugarri adierazgarrienetako bat:

  • Tutoretza zerbitzua: barne erabiltzaileei (enplegatu publikoei) zuzendutakoa, tramitazio elektronikorako tresna informatikoetan trebatzeko prestakuntza eman eta horiek erabiltzean sor daitezkeen zailtasunei aurre egiteko beharrezko laguntza erraztea xede duena.
  • Erabiltzaileentzako Arreta Zentroa (EAZ): zerbitzu elektronikoen EAZek kanpoko erabiltzaileei laguntzen die zerbitzu elektronikoak erabiltzeko gauza izan daitezen, funtzionamenduari buruzko zalantzak argituz eta sor daitezkeen gorabeher teknikoak konpontzen lagunduz.

Platea/Tramitagune Plataforman zerbitzuak eta prozedurak digitalizatzeak dituen kostuak eta epeak dira Sailek inolaz ere baztertu behar ez duten beste abantaila bat. Hartara, zerbitzu eta prozedura horien digitalizazioak ez du programaziorik behar, baizik eta digitalizatzeko aski da Izapidetzen Oinarrizko Ereduen fluxuak parametrizatzea. Horrela, aurrezkien ikuspegitik, digitalizazio prozesu hauek 15-20 eguneko iraupena dute eta “zero kostua” dute Sailentzat.

Negozio-aplikazioa (adibidez, administrazio-erregistroak) Platea/Tramitagune Plataformarekin integratu behar denean baino ez dira igoko digitalizazio-prozesuaren epeak eta kostuak.

Horrela, administrazio-prozedurak kudeatzeko eredu teknologikoa ondoko eskema honen bitartez irudika daiteke:

39/2015 Legean (14., 17., 26. eta 70. artikuluak) bildutako zenbait betebehar nabarmendu behar dira, Eusko Jaurlaritzako Sail guztietan administrazio elektronikoaren egiazko ezapena bultzatu duten heinean. Platea/Tramitagune Plataformak oso-osorik gauzatu ditu betebehar horiek:

  • Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko eskubidea eta betebeharra (14. Art.): Pertsona fisikoak (eskubidea / betebeharra), pertsona juridikoak (betebeharra).
  • Dokumentuak artxibatzea (17. Art.): Artxibo elektroniko bakarra administrazioko dokumentu elektronikoak biltegiratu eta administratzeko, espediente elektroniko batean sar daitekeen beste edozein dokumentu elektroniko barne hartuta.
  • Administrazio publikoek dokumentuak ematea (26. Art.): Administrazioak emandako dokumentu guztiak elektronikoak dira eta elektronikoki sinatzen dira. Kanpora igortzen diren dokumentuek dagokien lokalizatzailea (QRCode) dute, dokumentuaren autentikotasuna egiaztatu ahal izateko.
  • Administrazio-espedientea (70. Art.): Harremanetarako kanala edozein dela ere (presentziala edo elektronikoa), espediente guztiek formato elektronikoa dute.

Bestela esanda, Platea/Tramitagune Plataformak kontuan hartzeko moduan lagundu du Eusko Jaurlaritzako kudeaketa-organo guztien administrazio mailako tramitazioa elektronikoa izan dadin  .

Zeintzuk dira gainditu gabe dauzkagun erronkak?

Eusko Jaurlaritzako prozedura guztien erabateko digitalizazioa lortzea da Sail guztiek partekatutako erronka nagusia. 2019ko apirilean, digitalizazioen portzentajea % 64,5ekoa zen.

Horretarako, Zerbitzuak Digitalizatzeko Plana (ZDP) landu da, eta horren laguntzaz, 2020aren amaierarako, zerbitzu guztien erabateko digitalizazioa lortu nahi da.

Era berean, zenbait erronka ditugu ekiteko zain; hala nola: interoperabilitate zerbitzuen eskaintza handitzea, ahaldunen eta/edo ordezkarien erregistroen arteko interoperabilitatea, herritarraren karpetaren interoperabilitatea, DIR3 eta DIRe sistemen integrazioa, zenbait prozeduratan identifikazio eta sinadura elektronikorako gako hitzartuko sistemak onartzea, etab.

Baina, zalantzarik gabe, garatzeko zain daukagun erronkarik garrantzitsuena, erregistroei buruzko laguntza bulegoen konfigurazioa da, bitarteko elektronikoak erabiltzean herritarrei laguntzea bermatzeko asmoz.

 

Ondorioak

Zalantzarik gabe, Platea/Tramitagune Administrazio Elektronikorako Plataforma Eusko Jaurlaritzaren apustu estrategikoa da, 39 eta 40/2015 Legeetan ezarritako betebeharrei erantzun eta herritarrekiko harremanetan eraginkortasun, berrikuntza eta modernizazio handiagoa lortzea xede duena.

Sail guztiei dagokien ahalegina da funtzionamendu erabat elektronikoa duen paperik gabeko Administrazioa lortzea, herritarren bermeak indartzeko eta herritarrei zein enpresei kostuak aurrezten laguntzeko.