Eusko Jaurlaritzak Funtzio Publikoko sindikatuei % 2,25eko soldata igoera eta Itzarri-rako % 1,5eko ekarpena proposatu die 2019rako

2018.eko irailak 19

  • Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordearen ustez, Jaurlaritzaren proposamena “handinahia” da eta “funtzionarioentzako zuzenbideko eta aurrekontuetako erabateko bermeekin, ekonomiaren susperraldia euskal funtzio publikora zabaltzeko” konpromisoarekin bat dator.
  • Horregatik atsekabetuta dago “gehiengo sindikalak adierazitako egoskorkeriarekin; izan ere, bere aldarrikapen maximalistekin, bizi dugun errealitatetik kanpo daudela dirudi".

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ordezkaritza duten zentral sindikalei (ELA, LAB, CCOO eta UGT) Euskal Administrazio Publikoan —Administrazio Orokorra (Lakua), Segurtasuna, Hezkuntza, Justizia eta Osakidetza— lan egiten duten 70.000 funtzionarioen ordainsari-baldintzak hobetzeko proposamena aurkeztu die.

Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak baieztatu du aurkeztutako neurriak “2019ko ekitaldia negoziatzeko lehen proposamena izateaz gain, 2018koa ixteko ere badela, oinarrizko araudian ziurtasun eza juridikoa eragin duten aldaketa asko izan dituen urtearen ondoren”. Neurri horiek guztiak “urrian eta azaroan elkarren segidan egingo diren hainbat Gobernu Kontseilutan onartuko dira. Era horretan, ekonomiaren susperraldia euskal funtzio publikora zabaltzeko hartu genuen konpromisoa betetzen dugu” adierazi du.

Zentzu horretan, Andres Zearretak honako hau esan du: “gaur egin dugun proposamena ausarta da, eta langile publikoen ordainketa-baldintzak asko hobetzen ditu. Gainera, hori gauzatzeko zuzenbide- eta aurrekontu-arloetan erabateko bermea dauka”. Horregatik atsekabetuta agertu da “gehiengo sindikalak adierazitako egoskorkeriarekin; izan ere, bere aldarrikapen maximalistekin, bizi dugun errealitatetik kanpo daudela dirudi".

ORDAINSARIEN HOBEKUNTZAK

Eusko Jaurlaritzak zentral sindikalei proposatu die 2019ko Aurrekontuen Lege Proiektuaren barne % 2,25eko soldata-igoera eta Itzarri-BGAEri hileko soldataren % 1,5eko ekarpena egitea.

2018ko ekitaldia ixteko, Eusko Jaurlaritzak ordainsarietan eta lan-baldintzetan 90 milioi eurotara heltzen diren eta aurtengo azken lauhilekoan onartuko diren hainbat hobekuntza egitea proposatu du:

  • 2018ko soldata-igoera: % 1,5 urtarrila eta abendua bitartean, eta beste % 0,25 gehiago uztaila eta abendua bitartean. Soldata-igoera hori urriko nominan gauzatuko da, eta urtean, guztira, 68 milioi euroko kostua izango du.
  • Itzarri-BGAErako ekarpena, % 1ekoa langile publikoen ordainsarietan, azarotik aurrera, hau da, urtarrilaren 1etik aurrera jada ordaintzen ari direna baino beste % 0,5 gehiago. 2018an Itzarri-BGAEri egindako ekarpenen aurrekontu-inpaktua 20,5 milioi eurokoa izango da.
  • Aldi baterako ezintasuna: Jaurlaritzak dekretu bat onartzea proposatzen du, baja hartuz gero eta lehen egunetik, langile publikoek berriro euren ordainsarien % 100 kobratzeko. Neurri hori irailaren 1ean sartuko da indarrean eta 1,5 milioi euro inguruko kostua izango du.