ESLE elkarteko (Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkartea) lehendakaria elkarrizketatzen dugu

Argitalpen-data: 

Gaur txoko honetara Eneko Astigarraga, ESLEko presidentea (Euskadiko Software Enpresen Elkartea), ekarri nahi dugu. Hannoverretik (Alemania) itzuli berri da, han egin baita CeBIT2018 azoka, Europan egiten den berrikuntza- eta eraldaketa ekitaldi handiena.

  • Ez dakit elkarrizketa software librea aipatuz hasi ala ez; izan ere, izendapen hori badirudi ez dela erabiltzen dagoeneko. Zer izen erabiltzen duzue gaur egun ESLEk ordezkatzen duen sektorea definitzeko?

ESLE open source, ezagutza ireki eta teknologia libreen enpresen euskal elkartea da. 2005ean sortu zen eta 40 enpresa elkartu ditu, eta 2.000 profesional baino gehiago. Gaur egun, ESLE enpresa teknologiko eta eraldatzaileen multzoa da, open source eta teknologia irekiez gain, ekosistema oso bat biltzen dute, hala nola open data, open hardware, open content eta open innovation.
Azken batean, teknologia libreen eta ezagutza irekiaren aplikazioan eta ezarpenean esperientzia dugun enpresak gara, eta zeharkako sektorea izanik, beste jarduera-sektore batzuen lehiakortasunean eta berrikuntzan ekarpena egiten saiatzen gara.

  • Zer irudipen dute ESLEko enpresek 2018ko lehen seihileko honetan?

Oro har, gure enpresaren bidez jasotzen ditugun irudipenak onak dira jarduera ekonomikoari, lanari, jokabideari eta emaitzari dagokienez, baina irailera-urrira arte ez ditugu izango behin betiko datuak eta 2019ko aurreikuspenak. Libreconen aurkeztea espero dugu.

Oro har, software librearen sektorea eta jarduera ondo moldatu da aurreko urteko krisi-garaian, eta joeren arabera, IKTen sektorearen etorkizuna “open” izango da.

  • Zer konta diezagukezu ESLEko enpresek orain gutxi Hannoverrera CeBIT azokara egindako bidaiari buruz?

ESLEn kide diren enpresen ordezkaritza handia joan zen Hannoverrera, Bizkaiako Foru Aldundia buru zutela. Han, CeBITen, informazio- eta komunikazio-teknologiei buruzko azoka garrantzitsuenean, parte hartu zuten, gainera, agenda komertzial handia izan zuten eta negozio-topaketa garrantzitsuak egin zituzten; horrez gain, aurkezpenak izan zituzten, eta azoka eta networking ekitaldi askotan hartu zuten parte. Emaitzak epe ertain eta luzean ikusiko ditugula uste dut, baina enpresek balantze benetan positiboa egin dute.

  • Administrazio publikoaren presentziarik ikusi al duzue? Asko dugu ikasteko ala Europako mailan gaude?

Beti dago ikasteko eta hobetzeko, baina uste dut euskal administrazioa oso maila onean jar dezakegula. Hain zuzen ere, Open Source Observatory behatokiak egindako urteko txostenak Euskadi nabarmentzen du alderdi batzuetan eredu gisa. Enpresei babesa emanez, eskualde eta herrialde askotako Administrazio Publikoa ekitaldian oso presente egon den arren, CeBIT ez da administrazio-foroa, baizik eta produktuen eta enpresen foroa, eta dagozkien administrazioek babesten dituzte horiek.

  • Zer ideia ekarri dituzue Bilbon (Bizkaia, Euskadi) azaroaren 21ean eta 22an egingo den LibreCon2018 kongresurako? Esan badaitezke, noski.

Librecon-en asmoa da open source-en azken joerak aurkeztea industriara, administrazio publikora eta finantzetara aplikatuta. Alde batetik, egiaztatu dugu laugarren industria-iraultza deitzen zaiona kode irekian idazten dela. Bestalde, teknologia irekiak oinarrietako bat dira, eta horren gainean egituratzen dira administrazio irekiagoak, gardenagoak, funts publikoen erabilerarekin arduratsuagoak direnak. Bestalde, finantzei edo zibersegurtasunari dagokienez, merkatu nagusiek (Wall Street, inbertsio-bankuak eta txikizkakoak barne) ulertu dute datuen kudeaketa eta transakzioak zenbait ezaugarri izan behar dituztela, eta horretan open source garapenek ez dute aurkaririk: segurtasuna, fidagarritasuna, berrikuntza eta kostuen murrizketa.
Azaroko LibreCon-en horren guztiaren erakusgarri berritzaile bat eskainiko dugu Bilbon.

  • Eta Librecon aipatu dugunez, CeBITekin akordioa izateaz gain, zer ekarpen egiten dizue OpenExpo Europak?

LibreCon-en antolakuntzatik saiatu gara ekitaldia gero eta nazioartekoagoa izaten, eta horrekin lotuta, CeBITen, munduko IKT azoka handienean, alemaniarrekin, OpenExpo Europarekin edo Aquinetic-en bidez Nouvelle Aquitania Frantziako eskualdearekin lortu ditugun akordioei esker, Europako beste herrialde batzuetan proiektu berritzaileak ezagutu ahal izan ditugu, baina akordio berriak eskuratzeko edo gure enpresentzako merkatu potentziala handitzeko aukerak ere ireki dizkigute.

  • ESLEren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanari buruz, sakondu beharreko hobekuntza arlorik badago?

Egia esan, euskal erakundeekin harreman ona dugula uste dut. Gure aldetik, ESLEtik garapen endogenoa eta berrikuntza teknologikoa sustatzeko software librea erabiltzeko ideia nabarmentzen joango gara, eta gizarte digital demokratikoagoa, inklusiboagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko software librea erabil dadin proposatuko dugu. 
Esaterako, FSFEren (Free Software Foundation Europe) egungo kanpaina Europako 150 erakundek baino gehiagok babestu dute, eta “Public Money - Public Code” leloarekin, ondo adierazten ditu ideia hauek: administrazio publikoan aurrezkia sustatzea, esperientziak eta kostuak partekatuz lankidetza sustatzea, berrikuntza eta gardentasuna bultzatzea eta, guk esaten dugun bezala, “gurpila berriz asmatzea” ekidinda. Horrekin lotuta, Europako Batzordearen “Sharing and Reuse” ekimena gehiago sustatu eta babestu beharko litzateke. Horren helburua da zerbitzu publiko irekiak,  eraginkorrak eta berritzaileak sustatzea IKTen arloan, eta nik uste dut OpenApps Euskadi ondo lerrokatuta dagoela.

  • Beste zerbait esan nahiko zenuke?

Zuen interesa eskertu nahi dizuet eta guztiok gonbidatzen zaituztet Bilboko LibreCon2018 ekimenean parte har dezazuen, baita ESLEtik sustatutako gainerako jardueretan ere.

Eskerrik asko zure erantzunengatik eta LibreCon2018 ekimenean ikusiko dugu elkar.