Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Argitalpen-data: 2017/06/05

BIKAIN, Euskararen Kalitate Ziurtagiria berritu dugu

Hainbat urte pasatu dira BIKAIN sortu zenetik, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPSk) eredua eguneratzea erabaki du, euskararen erabilera neurtzeko eta ebaluatzeko behar diren elementu berriak sartzeko eta garai eta behar berrietara egokitzeko. Entitate gehiagotara zabaldu nahi dugu, bereziki administrazio publikoetara, betiere, orain arte izan duen eraginkortasuna bermatuz.

Gobernu Kontseiluak maiatzaren 30ean onartu du BIKAIN Dekretu berria, eta ekainaren 5ean argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria BIKAIN, Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren dekretu berria aurkeztu dute. Aurkezpenean, gainera, Bikain ziurtagiriaren proiektuarekin bat egiteko apustua egin duten bi enpresetako eta administrazio publiko bateko ordezkariak izan dira: Guggenheim Bilbao Museoko Edizio eta Itzulpenen koordinatzaile Nerea Virto, Bankoako Prestakuntza eta Barne Komunikazio saileko zuzendari Ana Urkiza eta Berrizko alkate Orland Isoird. Guztiek euskarari lan munduan bideak irekitzearen garrantzia nabarmendu dute eta euskara balioa erantsia dela azpimarratu dute.

Kanpo-ebaluazioa eskatzeko epea zabalik egongo da urte osoan, ekainaren 6tik aurrera. Aurrerantzean tramitazio telematikoa bakarrik erabili ahal izango da eskaera egiteko.

Entitate eskatzaileak bi multzotan sailkatu dira: batetik, entitate pribatuak eta sozietate publikoak, eta, bestetik, administrazio publikoak. Multzo bakoitzak dituen hizkuntza-betebeharrak kontuan hartuko dira ebaluazioan.

Orain arte bezala, hiru ziurtagiri-maila daude (oinarrizkoa, tartekoa eta goi-mailakoa), baina ertaina eta goi-mailakoa eskuratzeko puntu gehiago lortu beharko dira. Horretaz gain, ebaluatutako entitateek ezingo dute BIKAIN ziurtagiri-maila bat eskuratu baldin eta euskara alorrean legediak ezartzen dizkien betekizunak bermatzen ez badituzte.

Azkenik, BIKAINen parte hartu ahal izateko, 250 langiletik gora dituzten entitateek derrigorrez izan beharko dute berdintasun-plana, legeak ezarritakoari jarraiki.